Nagore Belastegi Martin
DENON SASKIAK BETE DITZAGUN

Premiazkoa den Elikagaien Bilketa Handia iritsi da berriro

Hirugarrenez martxan da elikagaiak erosterik ez dutenek ere elikadura osasuntsua jasotzea ziurtatzen duen ekimen solidarioa. Erosketek egitera joaten den orok besteentzat zerbait gehiago erosi ahal izango du, Elikagai Bankuak jaso eta behar dutenen artean banatzeko. Urtez urte gehiago dira jasotzen diren kiloak, baita lagundutako pertsonak ere.

Garai batean aitona-amonek egiten zuten bezala gurdia hartuta erosketak egitera joatea plazera da askorentzat beharra baino. Okindegira, arrandegira, fruta dendara, harategira... edo supermerkatura zuzenean. Gurdia, saskia, telazko edo plastikozko poltsak beteta itzuliko dira etxera. Kapritxo ugari ere izango dira lekale eta barazkien artean. Arrunta zaigun irudi hori, baina, askorentzat ametsa besterik ez da. Soldata minimo batekin, hura gabe batzuetan, etxerik gabe, lanik gabe, seme-alaba ugarirekin... ikusten ez ditugun egoera gogor asko daude gurean ere.

Elikagai Bankuaren lana elikagaiak eskuratu ezin dituzten pertsonei horiek ematea da, eta, honela, bizitza duinagoa izaten laguntzen diete egunero ahora zer eraman badutelako. Banku honetan ilusioak gordetzen dira; erabiltzaileen ilusioak, elikagaiak ematen dituztenenak eta boluntarioenak, guztiek ere helburu beraren inguruan indarrak batzen dituztelako. Supermerkatura joaterik ez dutenek ere hozkailua betetzea dute xede.

Azken urteetako ohitura jarraituz, Elikagai Bankuak Elikagaien Bilketa Handia antolatu du aurtengoan hirugarrenez. Atzo eta gaur Hego Euskal Herriko –eta Estatu espainiar osoko– elikadura denda askotan elikagaiak jasotzeko txokoak jarri dituzte. Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek, euren ohiko erosketari zerbait gehiago gehitu behar diote, eta, ordaindu ostean, jasotzeko txoko horietan utzi behar dute eman nahi duten hori.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak kanpainaren aurkezpena egin zuen pasa den astean Donostian eta bertan Bilketa Handia zein garrantzitsua den erakusten duten hainbat datu eman zituzten. Gipuzkoako Bankuak bi biltegi ditu, bata Oiartzunen eta bestea Bergaran. Bergarako biltegiko arduraduna den Jose Antonio Aguirrebeña ekitaldian egon zen. «Lehen urtean 350.000 kilo elikagai jaso genituen, iaz 575.000 kilo eta aurten ez dakit noraino iritsiko garen, baina saiatuko gara zifra hori gainditzen», aipatu zuen.

Gipuzkoako Elikagai Bankuaren zuzendariordea den Jose Manuel Pinedak aipatu zuenez, 2013an ez zituzten hainbeste kilo espero eta ezustean harrapatu zituen izandako harrerak. «Porra egiten genuen, ea zenbat kilo jasoko ote genituen. Gure aurreikuspenik baikorrenak 100.000 kilokoak ziren. Bat-batean hainbeste elikagai gordetzeko lekurik gabe ikusi genuen geure burua eta lau hilabetez zeharo zoratuta ibili ginen dena antolatzeko. Iaz aurreko urteko emaitzak lortzea espero genuen, baina biderkatu egin zen jasotako kilo kopurua eta, berriro, lekurik gabe gelditu ginen. Bi hilabete eman genituen jasotakoa antolatzen. Aurten uste dugu prestatuago gaudela: boluntario gehiago daude, espazio aldetik aurreikusi dugu non sartu janaria eta furgoneta gehiago lortu ditugu. Hala ere, baliteke berriro ustekabean harrapatzea». Gaur iluntzean, dendak ixten dituztenean, jakingo dute ea aurten ondo moldatzen diren edo, berriro ere, jendearen eskuzabaltasunak aurreikuspen guztiak hausten dituen.

Bilketa eta banaketa motak

Elikagai Bankuek hiru bilketa mota egiten dituzte. Astero-astero produktu iragankorrak eta freskoak jasotzen dituzte supermerkatuetan. Dendek erabakitzen dute zer sal daitekeen eta zer ez, itxura txarra duelako edota iraungitzeko data gertu dutelako. «Adibidez, platanoak, belzten direnean ez dira politak eta ez dira saltzen, baina gozo-gozoak dira jateko», azaldu zuen Aguirrebeñak.

Behin produktuak Elikagai Bankura eramanda, sailkatu egiten dituzte eta txarra dagoena bota egiten dute. Gainontzeko guztia erabiltzaileen artean banatzen dute.

Hilero-hilero luzaroan irauten duen janaria ere banatzen dute. Produktuok eskuratzeko kanpaina bereziak erabiltzen dituzte, adibidez orain eskuartean duten Bilketa Handia. Jendeak ere nahi duenean elikagaiak eman ditzake. Azkenik, urtero Europar Batasunak diru kopuru bat ematen du Elikagai Bankuentzako. Madrilgo Gobernuak diru horrekin janaria erosten du eta zentro ezberdinen artean banatzen du. «Pentsa zein garrantzitsua den Bilketa Handia, Europak Batasunak ematen duen laguntzak berak baino gehiago suposatzen duela», azaldu zuen Jose Antonio Aguirrebeña Bergarako biltegiko kudeatzaileak. Horrek esan nahi du bi eguneko kanpainan kaleko jende arruntak janari kilo gehiago ematen dituela Europar Batasunak urte osoan baino. Marka da gero.

Kontuan izan behar da ere aurten Europar Batasunak erabaki duela bere ekarpena Elikagai Bankuaren eta Gurutze Gorriaren artean banatzea, azken erakunde hori ere elikagaiak banatzen hasi delako. «Horregatik, aurten iaz baino jende gutxiagorekin aritu gara –24.522 erabiltzaile izatetik 22.800 izatera pasa dira–. Baina, zoritxarrez, horrek ez du esan nahi jende gutxiagok duenik zerbitzu honen beharra, baizik eta lanak banatu egin ditugula», aipatu zuen.

Guztira, Gipuzkoako Elikagai Bankuak iaz ia bi tona kilo banatu zituen erabiltzaileen artean. Aurten uste dute muga hori gaindituko dutela, urriko neurketan jada 1.887.386 kilo zenbatu zituztelako. Urte amaierarako zifra hori handituko dutela badakite, Gabonak garai berezia izaten direlako eta behar gehiago sortzen direlako.

Kanpainarekin bat egin nahi duenak oraindik badauka aukera. Hiri eta herri handietako supermerkatuetan bilketarako txokoak izango diren arren, herri txiki eta auzoetako denda askok ere bat egin dute ekimenarekin eta bertan utzitako janaria Elikagai Bankura bideratuko dute. Izena eman duten denden artean honako hauek daude: Eroski, Alcampo, Carrefour, BM, El Corte Ingles, Lidl, Super Amara, Dia, Todo Todo eta Makro.

Bestalde, Elikagai Bankuen Estatu mailako webgune nagusian (www.bancodealimentos.es) ere ekarpenak egin daitezke, zuzenean produktu saskiak besteentzat erosiz. Bost eurotan oinarrizko saskia eros daiteke; hamar eurotan saski ertaina; hogei eurotan saski osoa; eta, azkenik, hogeita bost eurotan haur saskia umeentzako produktu bereziekin.

Eskaera gehien duten elikagaiak behar dira

Elikagai Bankuak elikagai mota guztiak jasotzen ditu, eta, beraz, guztiak eskertu, baina Elikagaien Bilketa Handian luzaroan irauten duten produktuak hartuko dituzte. Izan ere, biltegiak betetzeko balioko du kanpaina honek eta epe luzean gordeko dituzte elikagaiok.

Normalean jendeak pasta eta lekaleak eman ohi ditu. Antolatzaileek ekarpenok asko eskertzen dituzte produktu basikoak direlako eta asko kontsumitzen direlako. Gainera, jendeak borondate onez ematen ditu. Hala ere, konturatu dira erabiltzaileek bestelako produktuak ere eskatzen dituztela, eta, askotan, ez dituztela nahiko izaten. Horregatik, aurten produktu horiek eskatu nahi dizkiete herritarrei, kanpainarekin bat egin nahi izanez gero horiek eman ditzaten.

Hori horrela, nahiago dute esnea, gailetak, azukrea, olioa, gosarietarako hauts txokolatea, haurrentzako elikagai bereziak edota pixoihalak, arrain kontserbak eta poteetan prestatutako janariak (lekaleak, barazkiak...). Azken horiek oso garrantzitsuak dira Jose Antonio Aguirrebeñaren esanetan. «Pentsatu behar dugu zerbitzuaren erabiltzaile askok ez dutela ez etxerik ez sukalderik. Furgoneta batean bizi denarentzat oso zaila da kozinatzea, eta, horregatik, asko eskertzen dituzte jada prestatuta dauden janariak».

Kontraz, elikagai iragankorrak ez dira eman behar, alegia, edariak, haragia eta arraina, produktu freskoak, jogurtak...