Mikel Ibargoien
Elkarrizketa
AlhambraNievas
Errugbi epailea

«Kirola pertsonen kontua da, ez sexuena, eta berdin gertatzen da epaile lanarekin ere»

Errugbiko munduko hiru epaile onenen artean hautatu dute granadarra, alor horretan ere emakumeek tokia dutela erakutsiz. Riora begira da orain Nievas.

Alhambra Nievasek (Granada, 1983) artean emakumezko epaile batek lortu ez duena lortu du: errugbiko munduko hiru epaile onenen artean hautatua izatea. «Ezustean» jaso zuen Nazioarteko Errugbi Federazioaren erabakia eta, nahiz eta epaile onenaren garaikurra azkenean Nigel Owens galestarrak jaso zuen –Jerome Garces frantziarra zen hirugarren hautagaia–, urrats garrantzitsua izan da emakumeek alor horretan ere onenen artean lekua egin dezaketela erakutsiz. Londresen ospatu zen ekitaldian errugbi munduko pertsonaia garrantzitsuenekin batera egoteko aukera izan zuen, eta «amets baten modukoa» izan zen. Bere hurrengo helburua Rio de Janeiroko (Brasil) 2016ko Olinpiar Jokoetara epaile nagusi moduan joatea da.

Nazioarteko Errugbi Federazioak munduko hiru epaile onenen artean hautatu zaitu. Emakume bat horraino iristen den lehen aldia.

Bai, bai, hala da. Egia esateko sorpresa handia izan zen niretzat, ez nuen espero eta oso pozik nago. Lorpen hau funtsezkoa da emakumezkoen errugbiarentzat eta emakumezko epaileentzat. Arlo pertsonalean ere azken urteetan egin dudan lan guztiaren aitorpena da.

Aurrerapauso garrantzitsua.

Nik beti esaten dut kirola pertsonen eta ez sexuen kontua dela, eta gauza bera gertatzen da epaile lanarekin ere. Epaileoi dagokigunez, gainera, denak zaku berean gaude eta emakumezkoen eta gizonezkoen partidak zuzentzen ditugu.

Nola jaso zenuen albistea?

Aireportuan harrapatu ninduen, izan ere, Suitzara joan behar nuen nazioarteko partida bat zuzentzera. Hasiera batean adarra jotzen ari zitzaizkidala uste nuen, ezin nuen sinetsi. Gero, jabetu nintzen albistea benetakoa zela, eta, beraz, Suitzara iritsitakoan, partida hura zuzentzeko nire ordezkoa bilatu behar izan genuen, ni Londresen ospatu zen ekitaldira joan ahal izateko.

Nola bizi izan zenuen Londresen egindako ekitaldia?

Ikaragarria izan zen, errugbiaren munduko pertsona garrantzitsu guztiak zeuden, eta, horrelako zerbait bizitzea imajinatzen ez nuenez, amets baten modukoa izan zen. Halaber, Munduko Txapelketako finala ikusteko aukera izan nuen Twickenhamen.

Emakumezkoen Sei Nazioen Torneoa, Serie Mundialak eta gizonezkoen Ohorezko Mailako finala zuzendu zenituen iragan denboraldian. Urte borobila izan zen.

Egia esanda, pixkanaka gorantz egin dut urteotan guztiotan egin dudan lanaren ondorioz. Nire maila haziz joan da, partida garrantzitsuak zuzentzeko aukera izan dut, eta, horren guztiaren ondorioz, izendapena iritsi da azkenean. Nik, gainera, Espainiako gizonen partidak zuzentzeko aukera dut eta horrek ziurtasun handia ematen dit ondoren nazioarteko partidak zuzentzea egokitzen zaidanerako.

Noiztik zuzentzen dituzu gizonen maila goreneko partidak?

Hau da nire laugarren denboraldia. Nazional Mailan hasi nintzen, gero, Ohorezko B Mailara igo ninduten eta horren ostean eman nuen azken urratsa.

Gizonezkoen eta emakumezkoen kirolaren artean dagoen desberdintasunetako bat soldatan dago. Epaileek diru kopuru bera irabazten duzue izan emakume zein gizon?

Bai. Espainian behintzat denok eskubide berberak ditugu eta zuzentzen ditugun partiden mailen araberako soldata jasotzen dugu, ez dago ezberdintasunik sexuagatik. Nazioarte mailan agian egongo da desberdintasunik, baina zazpiko errugbian, esaterako, aipatzen da gizon zein emakumeok ditugun kontratuak nahiko antzekoak direla. Hamabosteko errugbia beste mundu bat da, eta arlo horretan lanean dihardugu.

Posible da errugbi partidak zuzentzetik bizitzea?

Ni, zorionez, epaile lanak egitetik bizi naiz; hori bai, modu xume batean bizi naiz, ez pentsa lan horretatik dirudun egingo naizenik. Dena den, ni gustura nago gustatzen zaidan hori eginez bizi naizelako. Gainera, ez da ohikoena, izan ere, epaile gehienek astelehenetik ostiralera beste lan batean jardun behar izaten dute, eta asteburuetan partidak zuzentzen dituzte gehigarri moduan eta gustatzen zaielako, eta ez trukean jasotzen duten diruagatik.

Orain epaile moduan nabarmentzen ari zara, baina aurretik gauza berbera egin zenuen jokalari moduan.

Hala da. Gainera, uste dut epaile lanetan hasi aurretik kirol hori praktikatzea mesedegarria dela, izan ere, horrek jokoa behar bezala ulertzeko eta zelaian gertatzen denaz jabetzeko aukera ematen dizu. Nik zorte hori izan nuen eta oso oroitzapen onak ditut nire bizitzako etapa horretatik; asko gozatu nuen eta gauza dezente ikasi nituen.

Halere, nahiko berandu hasi zinen errugbian jokatzen.

Bai, unibertsitateko bigarren urtean hasi nintzen. Aurretik kirol eskolan ibilia nintzen, futbolean, saskibaloian eta tenisean, besteak beste, baina egia esateko errugbia ez nuen ezagutu ere egiten. Lagun batzuek eman zidaten errugbiaren berri, «eta hori zer da?» galdetu nien. Esan zidaten futbol amerikarraren antzeko kirola zela, nahiz eta gero oso desberdina den. Hala, probatu egin nuen, eta, ikaragarri gustatu zitzaidanez, jarraitzea erabaki nuen. Kasualitate hutsa izan zen.

Zerk erakarri zintuen?

Partidetan dagoen adrenalinak eta kontaktuak. Bestalde, giroa oso berezia da. Taldeko kirola da, eta, gainera, denok familia baten antzeko zerbait osatzen dugu.

Jokalari moduan segituan egin zenuen lekua onenen artean.

Bigarren denboraldian Andaluziako selekzioaren deia jaso nuen eta hirugarrengoan Espainiakoarena. Nahiko altua naiz eta nire ezaugarri fisikoak aproposak dira errugbiko zenbait posturatarako; horrek asko lagundu zidan. Halaber, betidanik izan naiz oso pertsona saiatua eta langilea, eta gogoratzen naiz taldearekin burutzen nituen entrenamenduez gain nire kabuz ere erresistentzia lantzen nuela. Ez nintzen onena baina moldatzen nintzen.

Zenbat urte iraun zuen jokalari moduan egin zenuen ibilbideak?

Guztira 11 urtez jokatu nuen. Azken urtean jada epaile lanetan nenbilen eta bi alorrak uztartzea erraza ez zenez epaile lanean buru-belarri hastea erabaki nuen. Halere, egunen batean bueltatuko naiz berriro ere errugbian jokatzera.

Jokalari moduan izandako etapa hartan arantzaren bat geratu zitzaizun?

Ohorezko Mailara igo ez izana agian. Jokalari moduan aritu nintzen azken urtean oso gertu izan genuen, baina azkenean ez zen posible izan.

Nolatan hasi zinen epaile lanetan? Aurretik buruan zenuen zerbait al zen?

Kasualitatez izan zen. Nire taldekide bat aritzen zen epaile moduan eta egun batean laguntza eskatu zidan. Umeen arteko topaketa baterako epaileak behar zituzten eta mesedea egiteagatik joan nintzen. Oso egun polita igaro genuen eta bertako giroa asko gustatu zitzaidan. Gauzak horrela, noizbehinka partida batzuk zuzentzen hasi nintzen. Gero, Errugbi Batzordeak goiko mailetan aritzeko kurtsoa egitera animatu ninduen eta, nahiz eta nik garai hartan epaile moduan inongo helbururik ez nuen, egitea erabaki nuen. Kurtsoa gaindituta Nazional Mailako partidak zuzentzen hasi nintzen eta orduan barruan dudan sen lehiakorra atera zitzaidan; epaile gisa aukera polit bat zegoela ikusi eta bertan aurrera egiteko apustua egin nuen.

Paloma Loza izan zen gizonezkoen Ohorezko Mailan partida bat zuzendu zuen lehendabiziko emakumea, 2006an. Itziar Lopez ere iritsi zen horretara eta zu izan zara hirugarrena.

Beraiek garai zailagoan jardun behar izan zuten, duela urte batzuk askoz aukera gutxiago zeuden eta. Oso lan ona egin zuten bai Estatu mailan bai nazioartean ere, eta nik haien bidea jarraitu dut. Ea beste emakume batzuk ere animatzen diren.

Epaile moduan ere urratsak abiada bizian eman dituzu.

Zorte apur bat ere izan dut, izan ere, aurreikusita ez zeuden aukera batzuk topatu ditut bidean. Esaterako, Zeelanda Berriko partida batera ordezko moduan joan nintzen, baina lehen epaileak min hartu eta nik bete nuen haren lekua. Mundialean ere antzeko zerbait gertatu zen eta beste aukera bat izan nuen. Hori bai, nik aukera horiek guztiak aprobetxatu nituen nire maila erakutsiz. Lortu dudanaren gakoa egindako lan gogorrean dago. Ezin duzu inoiz pentsatu dena eginda dagoela, beti dago zerbait hobetzeko eta sekula ezin dira besoak jaitsi.

Rio de Janeiron jokatuko diren Olinpiar Jokoak ate joka daude. Hori da zure hurrengo helburua?

Bai, hori da denboraldi honetarako dudan helburu nagusia eta hautatuetako bat izateko barruan dudan guztia emango dut. Beraz, hemendik aurrera funtsezkoa da zuzenduko ditudan partida guztietan gauzak ondo egitea.

Zenbat epaile joango dira Riora?

Epaile nagusiak sei eta zortzi artean izango dira eta nire helburua horietako bat izatea da. Beste lau bat laguntzaile moduan joango dira. Azkenean laguntzaile moduan joaten banaiz kontentu egongo naiz, baina orain epaile nagusi izateko prestatzen ari naiz eta ez dut besterik buruan.

Zein irizpide erabiltzen dira hautaketa hori egiteko?

Hiru alor baloratzen dira. Alde batetik, egoera fisikoa –proba desberdinak egiten dizkiete urtean zehar abiadura, erresistentzia eta abar neurtzeko–. Bestetik, alor teknikoa –akats asko ez egitea–. Eta, azkenik, gure izaera. Gauza horiek guztiak hartzen dituzte kontuan eta dena behar bezala zaintzea ezinbestekoa da guretzat.

Errugbi tradizionala hamabosteko errugbia da, baina, aldiz, Olinpiar Jokoetan zazpikoa jokatuko da. Zer desberdintasun dago?

Jende askok dio bi kirol desberdinak direla eta neurri batean arrazoi dute, izan ere, zelai berberean jokatzen dira bi modalitateak, eta, batean jokalari kopurua bikoitza baino handiagoa izanda, ezaugarriak dezente aldatzen dira. Zazpiko errugbia askoz azkarragoa eta dinamikoagoa da, eta norbanakoak duen gaitasunak garrantzi handiagoa bereganatzen du zelaian, espazio asko egoten delako. Hamabosteko errugbian, aldiz, talde lana da nagusi. Hori bai, arauak berdinak dira, baita baloreak ere; modalitate guztietan errespetua da nagusi. Orain arte hamabosteko errugbia nagusi izan da, baina, Rion zazpira jokatuko denez, indar handia hartzen ari da modalitate hori ere.

Arbitratzeko orduan badago desberdintasunik?

Lan gehiago hamabosteko errugbiak eskatzen du, 80 minutuz mantendu behar duzulako kontzentrazioa. Halere, egia da zazpiko errugbian egindako akats batek eragin handiagoa izan dezakeela partidaren bilakaeran. Beraz, zazpiko errugbian presio handiagoa izaten dugu gure akatsak gehiago nabarmentzen direlako eta emaitzan eragin handiagoa dutelako.

Zu Riora joateko hautatua izateak lagun dezake emakumeek epailetzarako pausoa emateko?

Nik uste dut baietz. Gainera, orain, bereziki emakumeei zuzendutako ikastaroak bultzatzen ari dira eta parte hartzea ona da. Pixkanaka gero eta emakume gehiago gerturatzen eta animatzen dira, eta hori oso positiboa da. Gero eta emakume gehiago izango dira goiko mailetan partidak zuzentzen, eta, hortaz, guri agur esateko garaia heltzean izango ditugu ordezkoak.

Epailearena ez da lan samurra. Kritika gogorrak izaten dira.

Hala da, eta hori jakinik egoera horiek kudeatzen ikasi behar dugu epaileok. Presioak ez digu behar baino gehiago erasan behar eta hedabideek eta zaleek egiten dizkiguten kritikak ere albo batera utzi eta gurean zentratzen ikasi behar dugu. Argi eduki behar dugu gizakiak garela, eta, ondorioz, akatsak egiten ditugula, baina akats horietatik ikasi eta aurrera egin behar dugu. Hain zuzen, hori da epaile oso onak desberdintzen dituen ezaugarrietako bat, berdin-berdin zuzentzen dutela partida bat 100.000 zaleren edo 200 zaleren aurrean egonda.

Emakume izateagatik errazago jarri al zaituzte ezbaian?

Ez, ez. Oro har, ez naute desberdin tratatu emakume izateagatik. Nik uste dut zelai batera sartzen garenean jokalariek epaile bat ikusten dutela eta ez emakumezko epaile bat. Egia da salbuespenen bat izan dela, baina ez besterik. Komentario desatseginen bat entzun behar izan dudan apurretan kasurik ez egiten eta nire lanean aurrera egiten saiatu naiz.

Nolako komentarioak entzun beha izan dituzu?

Betiko txorakeriak, «ez zineten sukaldetik irten behar» eta horrelakoak. Baina, zorionez, salbuespenak izan dira. Errugbian, normalean, ez dira horrelako egoerak ematen.

Gizonezkoen partidak zuzentzen dituzunean ere jokalariek normaltasunez hartzen al zaituzte?

Normaltasunez tratatzen naute eta hori da hasieratik izan dudan sentipena. Agian partidaren batean kolpe gogorren bat hartu dudanean gehiago arduratzen dira, baina gainerakoan tratua berdina da eta niretzat ez da zailagoa gizonezkoen partidak zuzentzea. Partida errazagoak eta zailagoak daude, baina ez da gizon edo emakume izatearekin zerikusia duen zerbait, partidaren bilakaerarekin baizik.

Kontu alaiagoetara etorrita, gogoratzen al duzu epaile moduan bizitako egoera bitxiren bat?

Gertatu zaizkit gauza bitxiak. Esaterako, duela urte batzuk jokalari batek nik hartutako erabaki bat ospatzeko besarkatu egin ninduen [kar, kar, kar]. Bestalde, nire izena Granadako zerbeza marka ospetsu baten berbera denez, adarra jo izan didate horrekin, baina umore onez eta asmo txarrik gabe.

Zein da emakumezkoen errugbiaren egungo egoera?

Azken urteetan lizentziek nabarmen egin dute gora eta gero eta emakume gehiago ari dira gerturatzen errugbira. Talde berri batzuk ere sortu dira eta Espainiako Ligan maila ona dago. Halere, lanean jarraitu beharra dago.

Gainerako kirolekin alderatuta parekidetasuna gertuago al dago errugbian?

Nire ustez egoera beste kirol batzuetan baino hobea da, baina oraindik gauza asko daude egiteko eta hobetzeko. Batez ere, babesleei eta sustapenari dagokionez.

Aipatu duzu zure hurrengo helburua Rioko Jokoetan dagoela, baina, begirada harago jarrita, zer duzu buruan?

2017an Irlandan jokatuko den hamabosteko errugbiko Mundialean egotea gustatuko litzaidake, eta, ostean, ikusiko da. Nazioarte mailan dagoen exijentzia oso altua da eta bestelako ilusio batzuk ere baditut, familia bat osatzea, esaterako.

 

Neurri gogorragoak eta baloreetan oinarritutako heziketa

Epaile lana betidanik izan da esker txarrekoa. Sarritan, baina, kritikak harago joan eta irain bihurtzen dira, eta muturreko kasuetan eraso fisikoak ere pairatu behar izaten dituzte epaileek. Jokaera desegoki horiek futbol partidetan azaleratzen dira batez ere.

Epaileak emakumezkoak direnean, halaber, jasan behar dituzten komentarioak are eta gordinagoak eta deitoragarriagoak izaten dira, oro har. Azken hilabeteetan emakumezko epaileek sufritzen duten indarkeria matxista bolo-bolo dabil, gero eta astakeria handiagoak entzuten dira-eta, esaterako; «zu iraintzen jarraituko dut, negarrez hasi eta platerak garbitzera joaten zaren arte», «zoaz etxera garbiketa egitera eta ezkondu zaitez», «eskuan har ditzakezun makila bakarrak erratzak eta zakilak dira» edota «zakilak jateko baino ez duzu balio». Desatseginak eta egungo gizarteak jarraitu beharko lukeen norabidearen aurkakoak.

Larriena, baina, horrelako egoerak ez direla helduekin soilik gertatzen da. Zaira Mora 14 urteko gaztetxoari 10-11 urteko alebinen partida bat zuzentzen ari zela guraso batek ondorengo hitzak esan zizkion: «Ez duzu epaile izateko balio. Bai, ordea, putetxe batean lan egiteko». Gerora Morak elkarrizketa batean esan zuenez, «futbola gustuko dut, eta epaile egin nintzen futbolari beste ikuspegi batetik begiratu nahi niolako. Partida batzuetan izugarri disfrutatzen nuen, baina, beste batzuetan, aldiz, ez, irain ugari entzun behar izaten nituelako, ez jokalarien aldetik, gurasoen aldetik baizik. Egun hartan guraso hark hitz haiek esan ostean futbol zelaitik negarrez irten nintzen. Gainera, partidaren amaieran txalo egin zidan ironikoki oso ondo arbitratu nuela esanez. Oso gaizki pasa nuen». Barrenak mugitzen ditu kontaketak.

Egoera horien gordinaren aurrean hausnarketa hau egiten du Alhambra Nievasek: «Futbola negozio handi bat bihurtu da, gainerakoa bigarren planoan geratzen delarik; ahaztu egiten da epaileak pertsonak direla. Nik neuk ere ez dut uste futbol partidak zuzentzeko gaitasunik izango nukeenik, izan ere, testuinguru horretan ez nuke errugbi partidetan bezainbeste gozatuko. Aitzitik, etengabeko sufrimendu bat izango litzateke. Gainera, egoera krudel horiek ez dira goi mailako futbol partidetan soilik ematen, alebin mailako umeen partidetan ere zenbait gurasok paperak galtzen dituzte, ikaragarria da. Hori jendeak errespeturik ez duelako gertatzen da». Errugbian horrelakoak gertatzen diren galdetuta, aitortzen du noizean behin baietz, baina salbuespenak direla. «Errugbian horrelako zerbait gertatzean gainerako zaleek eskuak burura eramaten dituzte eta klubek eta agintariek segituan hartzen dituzte neurriak horrelakorik ez errepikatzeko».

Argi dagoena da egoera horiek errotik eteteko neurriak hartu behar direla, baina nola egin da galdera. «Alde batetik, neurri gogorragoak hartu behar dira jarrera horiek dituztenekin, eta, bestetik, baloreetan oinarritutako heziketa bat bultzatu behar da gaur egungo gizartean horrelako jokaerek lekurik ez dutela erakutsiz», iritzi dio Nievasek.