Joxean Agirre
Elkarrizketa
Mikel Soto
TXALAPARTA

«Nirea bokazioa da»

Idoia Zabaleta | Argazki Press
Idoia Zabaleta | Argazki Press

Editore bokazionala da, lan horretarako jaioa dela dirudi, baina halabeharrez eta txiripaz sartu zen ofizioan. Historiako ikasketak bukatu eta bibliotekonomiako masterra hasi zuen, liburuzain izan nahi zuelako. «Liburuak asko gustatu izan zaizkit, liburuekiko fetitxismo halako bat dut eta nire zaletasun hori ase zezakeen lanbide bakarra liburuzain izatea zela uste nuen. Editore gisa lanean hasi eta urtebetera-edo ohartu nintzen nik benetan ez nuela liburuzain izan nahi, editore baizik. Orain editore lana liburuzainarena baino askoz ere aberatsagoa iruditzen zait».

Espetxetik atera berri, taberna batean ari zen lanean Eider Rodriguezen lekua betetzeko berarekin gogoratu zirenean. Historiako ikasketak egin zituen arren, espetxean Euskal Filologia ikasten hasi zen, literatura gustatzen zitzaiolako. «Gogoan dut dagoeneko lanean ari nintzela anaiak, Iñakik, Jose Mari Espartzarekin topo egin eta honek ea gustura al nenbilen galdetu ziola eta anaiak erantzun omen zion pozik egon behar zutenak haiek zirela, editore lanerako profil perfektua aurkitu zutelako, eta nire merituak zerrendatu omen zizkion: Historian lizentziatua, ezker abertzalearen historian aditua, literaturazalea eta hiru hizkuntzaren jabe nintzela alegia».

Orain hamar urte hasi zen Txalapartan. Orduan banaketa argi bat zegoen, erdarazko liburuen editorea batetik eta euskarazkoena bestetik. Oraindik ere Jon Jimenezek egiten ditu gaztelerazko liburu gehienak eta Mikelek euskarazkoak, baina gehiago partekatzen dituzte hizkuntzak. «Saiakera liburu bat prestatzen ari gara euskaraz Jule Goikoetxea, Andoni Olariaga, Unai Apaolaza eta Imanol Kalparsorekin eta berak darama edizio lana, Filosofia ikasitakoa delako, nahiz eta euskarazko saiakera liburua den; alderantziz, gaztelerazko lanak ere egiten ditut nik, banaketa nagusia errespetatzen dugun arren».

Ederra al da liburu bat egiteko ideia bat izan eta hori poliki-poliki gauzatzen joatea? Hori ere editore baten lana izango da, ezta?

Ni gehien betetzen nauen lana da. Zerotik zerbait sortzea bezala da. Oraintxe atera dugu “ETAren historia iruditan”. Ideia bat izan eta hori hezurmamitzea, ez dago gauza ederragorik. Baina editore batek gauza asko egin behar izaten ditu: idazkari, ekonomista eta psikologo ere izan behar du, esate baterako.

Nazioarteko argitaletxe independenteekin harreman estuak dituzue. Lan horiek ere banatuta al dituzue?

Liburu politikoak argitaratzen dituen Contrabandos argitaletxe espainiarrarekin, esate baterako, Jon gehiago egoten da. Nazioarteko elkarteekin beharbada ni gehiago, baina bidaia horiek banatu egiten ditugu.

Nazioarteko argitaletxe independenteen artean Txalaparta ezaguna al da?

Bai, bai. Bazoaz Argentinara eta Txalapartakoa zarela esatea aski da begirunez trata zaitzaten. Azkeneko aldiz egon nintzenean Alkal etxeko editorea etorri zitzaidan eta gure katalogoa asko miresten zuela esan zidan. Hogeita bost urte daramatza Txalapartak lanean eta gauza asko argitaratu du dagoeneko.

Urtean zenbat izenburu editatzen dituzue?

Hogeita hamabost inguru.

Hogeita hamabost izenburu argitaratzeko zenbat eskuizkribu irakurri behar dira?

Ehunka. Eleberri beltzaren atalean, esate baterako, Jon Alonsoren liburua argitaratu dugu oraindik orain, baina Jon Alonso puntako idazlea da; iristen zaizkigun testu asko, aldiz, txarrak izaten dira.

Ordenagailuak editoreei lana ikaragarri erraztu digu, baina, aldi berean, gure lana okertu ere egin du. Lehen, eleberri bat idatzi nahi zuenak, kopia bat etxean eduki ahal izateko, idazmakinaren aurrean eseri eta bi orriren artean kalkoa jarri beharra izaten zuen; horrenbestez, pentsatzen dut askoz ere gehiago neurtuko zuela etorria edo hitz-jarioa. Orain jendeak aise idazten ditu eleberriak eta egunerokoak. Euskarazkoak gutxienik osorik irakurtzen ditut eta asko ez dira gutxieneko maila batera iristen.

Zuen lanaren zati handi bat izango da hori.

Bai, baina lan hori gehienetan bulego orduetatik kanpo egiten dugu. Argitaratzera goazen liburuak irakurri eta txukuntzen ditugu bulego orduetan eta besteak etxera eramaten ditugu. Bestela ez genuke libururik aterako. Editorea naizela esaten diedanean uste dut batzuek besaulki batean eserita irudikatzen nautela, ondoan kopa bat koñak dudala, irakurtzen, tarteka algara batzuk eginez. Baina irakurtzeaz gainera beste hainbat gauza ere egin behar izaten ditugu.

Testu txarrak irakurtzeak nekatu egingo du.

Oso nekagarria da. Asteazkenean liburu konplexu samar batekin aritu nintzen goizeko zortzietatik gaueko hirurak arte eta leher eginda bukatu nuen, baita fisikoki ere. Urtero, Durango iristen denean, argaldu egiten naiz. Nik normalean korrika egiten dut urtean zehar, baina, Durango aurreko hilabeteotan, korrika egiteari utzita ere, pisua galtzen dut. Dena den, ez naiz kexatzen ari, lanbidea asko gustatzen zait.

Oso gogorra al da idazle bati ezetza esatea?

Bereziki gogorra da ezagunekin eta aurretik zerbait argitaratu duten idazleekin. Badakizu ahalegin ikusgarria egin duela, baina ez zaizu iruditzen argitaragarria denik. Guretzat gogorra da eta idazlearentzat are gogorragoa. Guretzat liburu bat gehiago da katalogoan. Idazlearentzat bere liburua da, azken urteetako lanaren emaitza, egin duen zerik garrantzitsuena. Ezezkoa arrazoitu egin behar izaten dugu, baina batzuetan ez du balio. Gogoratzen naiz sartu eta gutxira ezezkoa ematea egokitu zitzaidala nire irakasle izandako bati. Hiru bat orrialdeko testua prestatu nion erabakia arrazoituz eta alferrik izan zen, hiru orrialde horietatik esaldi bakar bat, arrazoi bakar bat hartu baitzuen begitan. Geroztik ezezkoaren arrazoi zehatz batzuk eman ohi dizkiet eta kito. Pertsona bati alferrik min ematea ez dago ondo. Labur eta argi arrazoi bakan batzuk bakarrik ematearen aldekoa naiz. Dena den, askotan nahasten gara eta sartzen dugu hanka: uste genuen izenburu bat txarra zela eta funtzionatu egin du, uste genuen zati bat ez zela ona eta kritikak begi onez ikusi du. Horregatik kontu handiz ibili behar izaten dugu.

Zenbat eta idazle hobeak orduan eta egoskorragoak al dira?

Alderantziz dela esango nuke. Nire esperientziaren arabera, idazle onak baliabide asko ditu lan bat beste era batera moldatuta irudikatzeko, eta, hortaz, idazle onek errazago ulertzen eta onartzen dituzte gomendioak edo aholkuak. Idazle onak dira apalenak eta batzuek estimatu egiten dute esaten zaiena.

Zeintzuk dira editore baten bertute beharrezkoenak?

Psikologia handia behar du, hasteko. Chandleren emaztea hil berritan “Agur luzea” idatzi zuenean, editoreak ez zitzaiola gustatu esan zion eta zauri horrek bizitza osoa iraun zion. Ulerkorra izan behar du, enpatia ezinbestekoa du, adiskidetasuna eskaini behar dio idazleari, jendetasuna garrantzizkoa da….

Zein dira editore baten pozik eta penarik handienak?

Zuk nahi zenuen zerbait zuk nahi zenuen bezala ateratzean poza handia da. Penak askotan ezdeusak dira edo erlatiboak. Guk deskubritutako idazle bat baino gehiago joan zaizkigu argitaletxe handietara eta horrek pena ematen du, baina pena erlatiboa da. Giaconda Belli edo Marcela Serrano joan zitzaizkigun guri, baina zer egingo dugu bada, esaten duzu. Gero badaude errepikatzen diren penak: liburua inprimategitik atera, begiratzen hasi eta akatsen batekin topo egiteak mina ematen du eta beti aurkitzen dituzu. «Las erratas son las últimas en abandonar el barco», esan ohi da editoreen artean. Txalapartaren hasieran, beti kontatzen dute adibide bera; “Morir por Palestina” argitaratu zutenean, Arafatek idazki bat egin zuen eta hitzaurre gisa argitaratu zuten gazteleraz eta arabieraz, baina arabierazko bertsioan plantxak buelta emanda jarri eta letrak alderantziz agertu ziren. Jose Mari Espartzak esaten du editorea etsaiak egiteko makina bat dela eta hori ere egia da.