«París, capital de la modernidad»
Napoleon III.ak Frantziako Komuna amestu eta egia bihurtu zuen hiria eraitsi eta, kale zein eraikinen tamaina biderkatuz, biztanleen kontrol militarra erraztu eta kolonietatik ebasten ziren kapitalak inbertitzea ahalbidetuko zuen hiria berreraikitzeko agindua eman zion Haussman baroiari 1852an. “París, capital de la modernidad” liburuan David Harvey gizarte teorialariak ederki azaltzen duen moduan.
Arrunt ezaguna da botereak kanpo-etsai bat behar duela. Alde batetik, inola ere onartuko ez liratekeen eskubide politikoak ezabatu ahal izateko; egunotan Parisen egiten ari den COP21 goi bileran ikus daitekeenez eta Naomi Kleinek “Doctrina del shock” lanean kontatzen duenez. Bestetik, gerra-ekonomiaren bidez hain boteretsua den konplexu finantzario-armamentistikoa elikatzeko. Ikus asteotan burtsetan gehien igo diren enpresak zein sektoretakoak diren. Edo www.bancaarmada.org helbidean azaltzen den zerrendara jo, gerraren kontura noren poltsikoak betetzen diren ikusteko. Europaren ikur diren eskubide sozialak kapitalaren metaketarako oztopo nagusi diren heinean, eskubideon desagerpen prozesuak eragingo dituen gatazka sozialak ekidingo dituen paradigma sekuritario-politikoa inposatu digute. Greziakoa errepika ez dadin.
Sobietar Batasunaren desagerpenaren ondoren, hau guztia justifikatuko zuen etsai berri baten beharra azaleratu zen. Ekialde Hurbilak aukera ezberdinak eskaintzen zituen. Batetik, hain beharrezkoak diren erregai fosilen erreserbak ditu. Bestetik, Kapitalismoak berezko dituen kontraesanetara apuntatuko ez zuen etsai politikoen sorleku izan zitekeen eta eredu soziala ezbaian jarriko ez zuen “zibilizazioen arteko gerra” fabrikatzeko aukera ematen zuen. Horrela bada, 2001eko irailaren 11, antagonismo politiko-ekonomikorik gabeko gerrari hasiera eman zion casus belli gisa uler daiteke. Mendebaldeak munduan ematen diren ekintza “terroristen” %2 besterik pairatzen ez dituen bitartean, eskualde guztia hankaz gora jarri, erregai fosilak eskuratu eta, inolako mehatxu errealik suposatzen ez duen etsaia sortuz, ilargira begiratzeari utzi eta hatza begiratzera behartu gaituzte. Tontoek egiten duten moduan. Parisi eraso egin diote. Ez da lehenengo aldia, baina, kapitalaren dinamikek Paris kolpatzen dutena. •


