Joxean Agirre
Elkarrizketa
Xabier Mendiguren
ELKAR

«Sare sozialek pista asko ematen dituzte idazle berriak aurkitzeko»

Andoni Canellada | Argazki Press
Andoni Canellada | Argazki Press

Xabier Mendigurenek 51 urte ditu eta 23 zituela hasi zen editore lanetan. Hogeita zortzi urte eman ditu Elkarren literatura saileko arduradun. Idazlea ere bada, eta bi ofizioen arteko loturaz aritu zaigu.

Egia al da editore batek bista galtzen duela eskuizkribuak irakurtzen?

Horixe da editore baten egiteko funtsezkoenetako bat. Argitaletxe batetik bestera aldatu egingo dira zifrak, baina, nire kontuen arabera, bost eskuizkributatik bat argitaratzen da Elkarren. Erdal argitaletxeetan irakurritakoen eta argitaratutakoen arteko tartea askoz ere handiagoa da, ehunetik batekoa izan daiteke. Beraz, oso zaila da euskal editore bati obra on batek edo talentu batek ihes egitea, zuri lilurarik eragiten ez badizu, hurrengoak atzemango duelako. Dena den, iruditzen zait gaur gehiago botatzen direla atzera orain hogei urte baino, lehen gutxiago jasotzen zirelako, noski. Gehiago botatzen dira atzera, nahiz eta hizkuntzaren txukuntasun maila asko igo den. Esan daiteke, beraz, hizkuntza txikietako idazleek badituztela abantailak: editore bati bidaltzen zaion guztia irakurtzen dugu eta hori ez da gertatzen erdal argitaletxe handietan.

Zuen argitaletxean sariketa eta beken bidez (Igartza beka, Agustin Zubikarai eta beste zenbait) pasatzen duzue galbahea. Bide ona al da idazle berriak aurkitzeko?

Idazle berriak detektatzeko antena on bat bada. Proiektu irabazleaz gainera beste zenbait egitasmo interesgarri ikus ditzakezu eta harremanetan jar zaitezke egileekin. Baina badaude bide gehiago ere. Garai batean egunkarietan argitaratzen ziren ipuinei jartzen nien arreta. Gaur horrek baino pista hobeak ematen dituzte sare sozialetako blogek eta testuek. Badakit, esate baterako, Twitterrek muga handiak dituela, baina, bere laburrean, literaturazaleak detektatzeko balio du eta ikus daiteke idazteko joera nork duen. Papereko edizioetan adina pista aurki daitezke sare sozialetan idazle berriak antzemateko.

Idazle berriei, idazle gazteei egiten die leku zuen argitaletxeak.

Ni hasi nintzenean idazle gazteei ez zitzaien kasu askorik egiten. Orain beste muturrera pasatu gara eta gaztetasunaren gehiegizko gorazarrea ere egiten da. Pako Aristi, Juan Luis Zabala, Inaxio Mujika, Aranbarri edo ni neu oso gazterik hasi ginen idazten, baina ez zegoen gazte etiketaren esplotaziorik. Aurretik lanean ari ziren idazleen multzora gehitu ginen. Idazle gazteen etiketaren erabilera Lubaki Bandarekin hasi zela esango nuke. «Hemen gaude idazle gazteak», esan zuten. Aldaketa bat eman zen.

Gogoratzen naiz ni hasiberria nintzela editore kolega bati entzun niola ezin genuela apusturik egin gazteen alde, gazteek gutxi saltzen zutelako. Nik pentsatu nuen argitaletxearen geroa ez direla izen ezagunak, berriak baizik. Garai hartan ere baziren hemen idazle ezagunak: Txilardegi bera, Sarrionandia batzuetan, Joxeaustin Arrieta eta beste zenbait, baina iruditzen zitzaidan berriak bilatu behar zirela eta bereziki saiatu izan naiz lan horretan. Idazle berri horietako batzuek, gainera, komertzialki oso ondo funtzionatu dute.

Izan al duzu norbait ezagutzera ematearen pozik?

Unai Elorriagaren kasua aipa dezaket, bat aipatzeko. “SPrako tranbia” izango zenaren zirriborro gisako bat bidali zuen Igartza sariketara. Igartza sarietan ez dugu idazleen berririk, egitasmoak bakarrik ezagutzen ditugu. Bere egitasmoak ez zuen irabazi, arraroegia zelako beharbada, baina niri liluragarria iruditu zitzaidan. Han literatura asko maite zuen norbait zegoela iruditu zitzaidan, idazteko estilo propio bat zuena. Deitu nion eta ez nekiela zer kontatu nahi zuen baina nire konfiantza osoa zuela adierazi nion; eta idatzi zuen lan hura. Harrotasun hori barruan daramat. Gazteengan literaturarekiko interesa da gehienbat begiratzen dudana. Badago jende bat oso ondo idazten duena, baina gutxi irakurtzen duena, eta horiek ez dute bide luzea egiten. Elorriaga aipatu dut, baina zorionez gurekin estreinatu diren idazle gazteak asko dira.

Zenbat eskuizkribu irakur ditzake editore batek urtearen buruan?

Guk haur, gazte eta helduen literaturan 50 bat izenburu aterako ditugu urtean. Horrek esan nahi du guztira 250 lan aztertu ditugula. Horrek ez du esan nahi 250 nobela direnik, hori ezinezkoa izango zen, tartean haurrentzako ipuin labur asko dago, noski, eta horiek ordubetean irakurtzen dira. Zifra horrek ez du esan nahi goizeko ordu txikietara arte irakurtzen egoten garenik.

Editore batek idazle multzo bat izan ohi du bere inguruan. Zein arrazoi dituzte argitaletxe batera gerturatzeko eta ez beste batera?

Gu argitaletxe bezala ez gara saiatu idazle multzo bat geuretzat hartzen eta horretarako arrazoi bat baino gehiago ditugu: berez oso argitaletxe handia da hau. Txikia zarenean egin dezakezu komunitate bat, elkarrekin tarteka bildu eta lotura horiek estutzen saiatu. Baina gurea handiegia da horretarako. Oso estilo, gai eta are ideologia ezberdinetako jendeak argitaratzen du gurekin. Bai idazlea eta bai testua ahalik eta ondoen tratatzen saiatzen gara, baina ez dugu ahalegin berezi bat egiten gurekin bakarrik argitara dezaten. Inoiz idazleren batek esan izan digu gogoa duela beste batekin zerbait argitaratzeko eta ea horrek minduko gaituen; nik beti esan diot ezetz eta hurrena berriro datorrenean ateak zabalik izango dituela.

Norbaiti ezetza ematea gogorra al da? Ezezkoa goxatzerik ba al dago?

Oso gogorra. Ofizio honetan gauzarik gogorrena horixe da. Eta ezezkoa, asko goxatuta ere, ezezkoa da. Testu bat txarra izanda ere, badakizu atzean pertsona baten ahalegin handi bat dagoela. Ezezkoa jasotzen duenarentzat gogorragoa da, baina gogorra da guretzat ere. Izaera kontua ere bada. Ni ez naiz batere gogorra gauza hauetarako. Hasieratik ohartu nintzen testu bat gustatzen bazitzaidan berehala deitzen niola idazleari eta jartzen nintzela harremanetan, baina ezetza eman behar nuenean idatziz nahiago izaten nuela. Horretan irizpide bat jarraitzen dut: norbaitek testua aurrez aurre eman badit, aurrez aurre ematen diot ezetza, eta, idatziz bidali badit, idatziz. Kontua da ezezkoaren arrazoiak eman behar izaten direla. Idazle batzuek asko eskertzen dute arrazoiak ematea edo kritika xehe bat egitea. Beste batzuek, aldiz, txartzat hartzen dute. Badago jende bat esaten duena; ezetza emateaz gain pixa egiten didate belarrira gaizki zer dagoen esanez. Idazle bakoitzak modu ezberdinean hartzen ditu ezezkoak eta kritikak. Zaila da asmatzen.

Editore baten lanaren zati handi bat idazleekiko harremana da.

Izan beharko luke, baina ez dugu behar beste lantzen. Idazleak nahi duen neurrian esku artean duen lanaren jarraipena egin dezakegu, baina, gehiegi insistitzea ere kaltegarri izan daitekeelako, ez ditugu behar beste goxatzen harremanak. Askok bukatu arte ez dute ezer kontatzerik nahi izaten. Beste batzuek eskertu egiten dute interesa. Beti esaten diet, dena den, edozein momentutan zati bat bidali nahi badidate, komentarioak egiteko prest nagoela. Batzuekin gelditzen naiz zerbait hartzeko, baina adiskidetasun harremana dudalako da eta ez laneko kontu bat.

Klixea da, baina beti esaten da idazlea izaki zalantzaz betea dela, hauskorra eta etengabe behar dituela animoak.

Idazleak asko ematen dio gizarteari. Egiten duen ahalegina izugarria da. Jasotzen duena, aldiz, beti izango da gutxi. Ekonomikoki gutxi da euskal idazleen kasuan, hori gauza jakina da, baina feedbacka ere urria izaten da, irakurleak gutxi direlako eta uzkur samarrak garelako ere bai. Sare sozialetako ezagunen artean baditut erdal idazle batzuk eta fan multzo bat dute atzetik. Hemen ez da horrelakorik, beste izateko modu bat dugulako. Guri norbaitek kalean gelditu eta azken nobela asko gustatzen zaiola esaten badigu, urduri jartzen gara, nahiz eta hitz goxoak eskertzen ditugun.

Badago idazle perfekturik, koma bat aldatu beharrik gabe beren lanak bidaltzen dituenik?

Gutxi, baina badaude bat edo beste. Testuak erabat borobilduta ekartzen dituen idazleetako bat Julen Belamuno da. Iaz liburu bat atera genion eta datorren urtean aterako diogu beste bat. Juan Gartziaren komei buruzko teoriak ere ezagutzen ditu eta ez zaio ukiturik ere eman behar. Hizkuntza aldetik oso interesgarria da. Hor abaniko zabala dago; testu batzuetan guk ez dugu inolako meriturik, dena idazleak jarri du, eta, beste kasu batzuetan, lagundu dugu testua hobetzen. Gure ekarria isilpean geratuko da eta hala behar du gainera.

Galeradak bidali ondoren inspiratzen direnak ere egoten omen dira.

Bai, baina onartu egin behar da hori ere. Izenik ezin dut esan baina bazen editore bat frogak idazleei pasatzen ez zizkiena, aldatu egiten zituztelako. Aldatzeko eskubidea dute. Normalean egiten dituzten aldaketak arrazoizkoak izaten dira.

Zenbat saldu behar da zorrik ez egiteko? Hitz egiten al duzue idazleekin diruaz?

Normalean 700 aletik gorako tiradekin ibiltzen gara. Kontua stockean ez edukitzea da. Zorrik ez egiteko 500 aletik gora saldu behar direla esango nuke. Dena den, esan beharra dago argitaletxe gehienak beste atal errentagarriago batzuei esker bizi direla. Eskolako testuliburuen atalak eta beste batzuek mantentzen dute argitaletxea. Bestalde, dirua ia ez da aipatzen. Liburu bat atera eta bi mila ale saltzea asko saltzea da, baina aleko euro eta erdi irabazten baditu idazleak, hiru mila euro bakarrik doazkio poltsikora. Horrek esan nahi du idazlea ezin dela urrutitik ere profesionalizatu literatura liburuak idatzita, eta beste hainbat enkarguri esker biziko dela. Gauza asko eta ezberdinak egin behar izaten dituzte, erakusketa baten katalogoa, programa baten atariko testua, telesailetako elkarrizketak... literaturarekin zerikusi zuzenik ez dutenak.

Editore batzuek idazle ere bazarete. Horrek laguntzen du idazleekiko harremanean?

Idazleak ulertzen lagundu dit, baita testuaren barrunbeak hobeto ikusten ere. Gehiago idatziko ez banu ere, ulermen maila hori badaukat. Editore izateak lagundu didan idazteko? Hizkuntzarekin etengabe lanean ari garenez, idazkeran lagundu dit, baina promozioari begira ez dit lagundu, ez naizelako inoiz saiatu neure burua idazle gisa promozionatzen edo neure burua beste editore batzuei proposatzen, itsusia iruditzen zaidalako. Horrek mugatu egin nauela uste dut, baina hori nire harrokeriatxo bat ere izan daiteke.