Oihane Larretxea de la Granja
HAUR ABERRIGABEAK

Ez dute ez jaiotza agiri ez naziotasunik; gobernuen begietara ez dira existitzen

Naziotasunik aitortzen ez zaien 70.000 haur jaiotzen dira urtero munduan. Haur aberrigabeak dira. Ez dute ez nortasun ez jaiotza agiririk, eta, hortaz, gobernuentzat ez dira existitzen. Trabak dituzte osasun arreta jaso edo ikasteko. Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak «Hemen nago. Hemengoa naiz» txostena kaleratu du.

Artee 18 urteko gazte thailandiarra da. (UNHCR)
Artee 18 urteko gazte thailandiarra da. (UNHCR)

Munduak ateak itxita ditu niretzat. Denak txapelketa batera joan ziren eta ni neu bakar-bakarrik gelditu nintzen, entrenatzen. Entrenatzaileek lagundu egiten naute, eta pazientzia edukitzeko eskatzen didate. Denak joaten dira bidaian, eta, bueltan, nobedadez beteta itzultzen dira. Beren istorioak entzuten ditut, baina barrutik negar egiten dut. Oraindik, hala ere, badut itxaropenik gazteen entrenatzaile izateko, eredugarri izateko, baina nire ametsak bete ahal izateko hiritartasuna behar dut ezinbesteak». Urrunetik eta lerroon bidez heldu arren, mingarria da honako testigantza hau entzutea. Jirair gazteak 19 urte ditu eta Georgian bizi da. Borrokalari profesionala izan nahi du eta gogor saiatzen ari da, baina badaki bere bidea ez dela taldekideena bezain erraza izango. Ametsa bete ahal izateko denbora agortzen ari zaiola ere badaki.

Jirair gazte aberrigabea da. Jendearen begietara existitzen da, baina ez aldiz bere herrialdeko Administrazioaren begietara. Ez du naziotasuna aitortzen dion inolako agiririk. Urtero munduan halako 70.000 haur baino gehiago jaiotzen dira. Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak (UNHCR) txosten bat kaleratu berri du, “Hemen nago. Hemengoa naiz” izenekoa. Bertan, Boli Kosta, Dominikar Errepublika, Jordania, Georgia, Italia, Malaysia eta Thailandiako 250 haur eta gazteren kasuak jaso ditu. Askok lehendabiziko aldiz hitz egin dute euren egoeraz. Ahotsik ere ez diete ematen.

Umeen eskubideak babesteko nazioarteko markoa sendoa da paper gainean, baina praktika oso bestelakoa da. Haurrei aitortzen zaizkien giza eskubideen artean naziotasuna izatekoa dago, baina badaude eskubide hori betetzen ez duten herriak. Aipatu eskubidea 196 herrialdetik 194k babestu zuten Haurren Eskubideen Nazio Batuetako Hitzarmenean jasota dago, 7. artikuluan hain zuzen ere.

Eta arazoa handitzen ari da. Iturri berberen arabera, hamar minuturo haur bat jaiotzen da baldintza horietan. Ondorioak oso larriak direla ohartarazi dute. Hona hemen datu batzuk: hogeita hamar herrialde baino gehiagotan, umeek dokumentazioa behar dute arreta medikua jasotzeko, eta, gutxienez hogei herrialdetan, ezin dute legearen bermearekin txertorik jaso.

Dokumentazio ezak trabak jartzen dizkie ume zein gazteei osasun arloan ez ezik baita ikasketak egiteko orduan ere. Horrenbestez, etorkizunean lan duin bat aurkitzeko aukerak murrizten dizkie. Gehienek lan kaxkarrak baino ez dituzte lortzen eta askok esplotazioa eta abusuak jasaten dituzte.

Horrek guztiak psikologikoki kalteak eragiten dizkie haurrei, helduak izateko bidean ondorio larriak dituztenak. Aztarnak uzten ditu aberrigabe izateak. Lelik, aberrigabea jaiotzez, duela gutxi lortu zuen azkenean italiar naziotasuna, baina zaila egiten ari zaio aldaketa asimilatzea. «Aberrigabe jaio izana ez da inoiz ahazten, marka bat gelditzen da sakon-sakonean», azaldu du 19 urteko gazteak.

Txostena, hala ere, zenbakietatik harago doa: helburua haurrei egoerak nola eragiten dien jakitea izan da. Testigantzak jaso, kasuak kontatu eta izenak eta aurpegiak jarri. Aurtengo uztailetik abuztura bitartean, gazte eta umeak elkarrizketatzeaz gain, euren guraso eta tutoreak ere elkarrizketatu zituzten.

Etnia, arraza, erlijio edo genero arrazoiengatik ematen den bazterkeriak eragiten ditu herrigabetasun kasurik gehienak. Aberrigabe gehienak gutxiengo egoeran diren taldeetako parte dira eta hogei herrialdek baino gehiagok erlijio, genero, etnia edo arraza arrazoiak tarteko naziotasuna ukatzen duten legeak dituzte. Emakumeek bazterketa bikoitza jasaten dute zenbaitetan, izan ere, 27 herrialdek dituzten naziotasun legeen arabera, gizonezkoekin gertatzen ez den bezala, amek ez dute seme-alabei euren naziotasuna transmititzerik.

Jaiotzen erregistro baten existentzia faltak berak arazoa areagotu egiten du, pertsona hauek ezin dutelako frogatu beharrezkoak diren loturak dituztenik Estatuarekin. Migratzaile eta errefuxiatuei eragiten die arazoak bereziki. Jaiotza erregistroa oso baliotsua da, adibidez, asiloa hartu duten herrialdeetan jaiotzen diren siriar umeentzat, gehienak gurasoengandik edo familiengandik bananduak izan direlako. Siriarrak direla bermatuz gero, Siriara bueltatzeko aukera izango lukete behin guda amaitutakoan.

Hezkuntza

Ezbairik gabe hezkuntza da elkarrizketatuak gehien larritzen dituena. Bazterketa eta trabak salatzen dituzte. Batzuetan gelara sartzea ukatzen zaie, besteetan zerga garestiagoak ordainarazten zaizkie atzerritarrak bailiran, kurtso amaierako azterketak egitea debekatzen zaie edo diploma atxikitzen zaie ikasketetan aurrera egin ez dezaten. «Oso nota onak ateratzen ditut, agian ikasgelako onena naiz, baina, aldiz, beka bat dagoen bakoitzean identifikazio nazionala duen norbaiti ematen diote», kexatzen da 15 urteko Patcharee gaztea. Thailandiako mendietako tribu bateko kide da. Bere alboan, Boon izeneko lagunak ume orok ikasteko duen eskubidea aldarrikatzen du. «Hori da garrantzitsuena», dio.

Txostenak ere erakutsi du zeintzuk izan daitezkeen ikasketak ukatzeak izan ditzakeen ondorio tamalgarriak. Edwinek 16 urte ditu eta Malaysiakoa da. Jatorriz tamila da eta ez diote aberririk aitortzen. Eskolara ez joatea oso gogorra izan dela aitortu du. Umezurtz gelditu zen txikia zela eta adopziozko etxe batean hazi zen, beharrezko zaintza eta babesik gabe. Nortasun agiririk ez dutenei ezarritako ikasketa zerga garestiak medio, ez zen eskolara joan. Konpainia txarrak, alkohola eta drogak etorri ziren ondoren. Errehabilitazioan dago gaur egun, baina Edwinek lotura zuzena egiten du gertatu zaionaren eta eskolara joan ez izanaren artean. «Eskolara joan izan banintz ez nuke egin nuena egingo; Malaysiako selekzioko futbolari izateko ametsa eskuratzeko lanean egongo nintzateke. Nire estilo propioa dut. ‘Edwin estiloa’ izena du. Ronaldorena baino hobea da, nahiz eta berak inspiratu duen», dio, umeen inozentziaz.

Autoritateek modu erabat arbitrarioan jokatzen dute. Alejandra, bere anaiak ez bezala, ez doa eskolara. «Nire anaietako batzuek dokumentuak dituzte eta unibertsitatera joan dira… Nik, ordea ezin dut, guraso berberak izan arren», azaldu du Dominikar Errepublikatik.

Osasuna

Dokumentu falta ere oztopo da osasun zerbitzuetan artatua izateko. Oso urrutira joan gabe, Italian bertan gertatzen da, ijitoekin. Christinak 18 urte ditu eta desgaitasun fisiko eta psikologikoak ditu. Gurpildun aulkian dago. Gurasoak askotan kexatu dira pediatria zerbitzuak erabili ezin izanarekin, eta, eritasunak arinak direnean ere, larrialdi zerbitzuetara jo behar dute. Sandokan, Christinaren aita, kezkatuta dago. «Bizi naizen bitartean zaindu ahal izango dut alaba, baina ezingo dut datorren hogeita hamar edo berrogei urteetan egin. Estatuaren laguntza behar dut. Naziotasunarena da nire alabak duen eskubide bakarra», salatu du.

Hezkuntzan gertatzen den bezala, osasun tasa garestiagoak ordainarazten zaizkie aberrigabeei, eta horietako asko zorpetu egiten dira lagun edo bizilagunei eskatzen dizkieten maileguengatik. Pratap, 15 urteko gazte malaysiarrak, lesio larria sufritu zuen hankan futbolean ari zela. Naziotasun faltagatik ospitaleak ez zuen artatu nahi izan. «Amorrua sentitu nuen inork ez ninduelako lagundu nahi, nahiz eta min handia izan. Larrialdi egoera bat zen, eta, hala ere, nire egoera juridikoa aztertu zuten. Edozein malaysiar bezala herri honetan jaioa naiz. Zergatik sufritu behar dut horrela?», galdegiten du, etsita.

Maileguak eskatzea ez da batere erraza eta umiliatuta sentitu direla aitortu dute guraso askok. «Ospitalean lapurretan ariko banintz bezala tratatu ninduten. Horregatik ezin dut berriro joan», nabarmendu du 22 urteko Kavitak, Malaysia bertatik.

Umiliazioa da, hain zuzen, parte hartzaileek askotan errepikatu duten sentimendua, baina ez da bakarra izan: «ikusezin», «baztertuta», «itzalean», «kale zakur» eta «baliogabe» sentitu izan dira maiz aitortu dutenez.

Lana, jolasa beharrean

Haur izatea. Horixe ukatu zaie ikerketarako lekukotasuna eskaini duten protagonistei. Bazterketak hezkuntza sistematik kanporatu ditu eta, horrenbestez, lanean jarri behar izan dute, muturreko kasuetan abusuak eta esplotazioa sufrituz.

Dominikar Errepublikako zenbait gaztek onartu zuten udaran ez zutela jolaserako, aisialdirako tartetik hartu, zabortegietan lanean aritu zirela baizik, saltzeko metal piezen bila. Joe da horietako bat. Macoris zabortegian egoten da. Egunean dolar bat irabaz dezakeela dio. Matematikak gustatzen zaizkio bereziki eta eskola atsegin du, baina handitan beisbol jokalaria izan nahi du, herrialdeko kirolik ospetsuena. «Udara honetan tamalez ezin izan dut jokatu». Heldu izatera goizegi derrigortuta daudela salatu du UNHCR berak. Nahiz eta askok iaiotasun berezia erakutsi beisbolean aritzeko, euren egoerak ez die trebetasun hori garatzen uzten, eta aisialdiaren ateak soilik ez, lehiaketarenak ere parez pare ixten dizkiete. «Nire semeari talde batean sartzea eskaini zioten beisbolean aritzeko, baita nazioarteko txapelketetan aritzeko ere, baina paperik gabe ez dago talde bakar batean ere izena emateko aukerarik», azaldu du etsita ama batek.

Boli Kostako David mutikoak ere ezin du eskolara joan dokumentuak ez dituelako –abandonatu egin zuten jaio zenean–, eta, egoera horrek osasun ondorioak eragin dizkio 10 urteko mutikoari. Inkontinentzia du eta bakarrik egin behar du lo. Bere lagunak eta adopziozko anaiak eskolara doazen bitartean, bera etxean gelditzen da, etxeko lanak egiten eta familiaren ardiak larreetara eramaten.

Odile eta Clementine 21 eta 22 urteko ahizpen kasua muturrekoa da. Abiyanen bizi dira, Boli Kostan, eta ez diete aberririk aitortzen. Dokumenturik ez zutenez, oso txikiak zirela jatetxe batean lan egitera derrigortu zituen “zaintzen” zituen izeba batek eta, ondoren, euren buruak prostituitzera derrigortu zituen. «Dokumenturik gabe harrapatuta ginen», aitortu zuten. Egoera oso larria izan zenean soilik batu zuten ihes egiteko indarra.

Lana, jolasa beharrean

Amestea naturala da gizakiarentzat, bereziki nerabezaroan. Etorkizunean pentsatu, zer izan nahi dugun imajinatu, eta hori lortzeko ahaleginak egin. Amesten uzten al zaie orriotako protagonistei? «Nire bizitza galdera ikur handi bat da», dio Malaysiako Vikash gazteak. 23 urte ditu eta ikasketak uzteko garaia gerturatzen doan neurrian –paper faltan ez diote aurrera egiten uzten–, «inpaktu handia» sentitzen duela aitortu du. Jarraian «frustrazioa», «ezinegona» eta desilusioa» aipatu ditu. Gazte honek bezala, txostenean agertu diren beste askok bidaiatzeko gogoa adierazi zuten atzerrian lan egin ahal izateko, baina ez dute apenas mugitzerik, bidaia atxiloketa batekin buka daitekeelako.

Dominikar Errepublikako Javier 19 urteko gazteak eraikuntzan egiten du lan, baina beste aspirazio batzuk ditu. Tamalez, Gobernuak ez dio bidea erraztu nahi. «Zuzenbidea ikasi nahi dut. Nire ametsa jendea lagundu ahal izatea da».

Formakuntza profesionalaren bidea itxita, askok ikastaro osagarriak egiten dituzte, edo boluntario gisa egiten dute lan. Valentino, 21 urteko ijitoak, bere herriko udal agintariak konbentzitu zituen okina izateko ikastaro bat egiten uzteko. «Pizza egiteko oso gai naiz egun. Lagun baten pizzerian lan egin nuen eta bezeroek maisu pizzagilea zein zen galdegiten zuten!», dio pozarren. «Lana eta etxea nahi ditut. Bizitza normala. Besteentzat arruntak izan daitezke gauza hauek, baina niretzat ez».

 

Egoera alda dezaketen hainbat urrats

Leku batzuetan, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziaren hitzetan, piztu da itxaropenaren argia, izan ere, Gobernu batzuk ohartu dira aberrigabe gazteei naziotasuna emateak onurak izango dituela, gazteok aletxoa jar dezaketelako aberastasunean, komunitateen segurtasunean eta ongizatean.

Asko dago egiteko, ordea, bereziki osasuna eta hezkuntzari dagokionez. #IBELONG izeneko kanpainarekin, UNHCR berak hamar urteren buruan herrigabetasunarekin bukatu nahi du, eta, horretarako, hainbat urrats identifikatu ditu.

Besteak beste, umeak jaiotzen diren herriko naziotasuna jaso ezean aberrigabe bihurtuko balira, amek seme-alabei naziotasuna transmititzea debekatzen duten legeak ezabatzea, arraza, etnia edo erlijio arrazoiak tarteko naziotasuna ukatzen duten legeak indargabetzea eta jaiotza-erregistroan sartzeko eskubide unibertsala gizaki orori aitortzea eskatu du. Siriako gerrari eta errefuxiatuen egoerari aipamen berezia ere egin dio txostenak; lau milioi lagunek beren etxea utzi dute eta ume asko daude aberrigabe bihurtzeko arriskuan, aitarengandik soilik jaso baitezakete naziotasuna. Datu oso kezkagarria da benetan, are gehiago Siriako etxeetako %25 aitarik gabe utzi dituelako gerrak.