Isidro Esnaola
analisia

Arrazoia izan ala indarra izan

Ezkerraren proposamenak biribilak izaten dira, baina askotan garrantzitsuena ahazten dute: programa hoberena ere ez da ezer ez badu atzetik indar nahikorik gauzatua izateko.

Urtarrilaren 25ean Greziako hauteskundeak Syriza ezkerreko koalizio erradikalak irabazi zituen. Ordura arte gobernu ardurak izandako alderdiek emaitza oso txarrak izan zituzten hauteskundeotan. Troikak inposatutako programaren aurka egindako diskurtsoa eta austeritatearen kontrako neurriak izan ziren Syrizaren arrakastaren gakoak. Berehala koalizio gobernua adostu zuen Syrizak ANEL eskuineko alderdi nazionalistarekin. Bi ziren elkarren artean zituzten ezaugarriak: austeritate politikaren aurkako eta burujabetza berreskuratzearen aldeko jarrera, batetik, eta ordura arte gobernu ardura izan ez izana, bestetik.  

Hauteskundeak egin aurretik joko zelai berria marrazten hasi zen Troika. Horrela, hauteskundeak egin baino hiru egun lehenago Europako Banku Zentralak erabaki esanguratsua hartu zuen: estatu bonuen hileroko erosketatik kanpo uztea Greziako estatu bonuak. Erabakiak hurrengo Gobernuaren finantzazio ahalmena erabat baldintzatzen zuen. Jukutriak ez zuen garaipena oztopatu, baina Gobernu berriak izango zuen giroa argi utzi zuen. Alexis Tsiprasek hauteskundeen biharamunean kargua hartu zuen eta bi egun geroago Gobernu berria eratu zen. Ministroen artean, ANELeko buru Panos Kammenos Defentsa ministro postuan eta Yanis Varoufakis Finantza ministro gisa.

Troikak ez zion ezta 100 eguneko kortesiazko tartea ere utzi Gobernuari. Hauteskundeak pasa eta hamar egunera, otsailaren 4an, hasi zen erasoaldia. Europako Banku Zentralaren bigarren erabaki esanguratsua iritsi zen: aurrerantzean Greziako estatu bonuak berme gisa onartuko ez zituela-eta, herrialdeko bankuei likidezia bermatzen zien lerroa eten zuen. Une horretatik aurrera, negoziazio eta mehatxuen jokoa maisuki garatu zuen Troikak: itolarrira eraman eta azken unean arnasteko aukera eman zion behin eta berriro Greziako Gobernuari. Urte erdi pasa zuen horrela.

Ekainaren 22an euroaren gailurra egin zen. Bileraren hizpide nagusia Greziako egoera izan zen. Tsiprasek Greziari proposatutako ardatz nagusiak onartu eta hilak 25ean proposamen bat helarazi zion Bruselako taldeari, Troika ordezkatzen zuen negoziazio taldeari, alegia. Taldeak Atenasek proposatutako plana errefusatu zuen. Ezezko horren ondoren, Greziako Gobernuak erreferendum bat deitu zuen uztailaren 5erako. Greziako Gobernuaren eta Europar Batasuneko erakundeen arteko konfrontazioa gune gorenera iritsi zen orduan: Gobernuak banketxeetatik dirua ateratzeko mugak ezarri zituen, burtsak bere ateak itxi zituen, Nazioarteko Diru Funtsak Grezia ordainketa etenaldian zela iragarri zuen…

Erreferenduma Greziako Gobernuak irabazi zuen: ezezkoak botoen %61,31 lortu zituen %62,5eko parte hartzearekin. Hala ere, ondorengo negoziazioetan hirugarren erreskate plan bat onartzera behartuko zuten Grezia Europako erakundeek. Ematen zuen publikoak egindako neurrietatik harago beste adostasun batzuk egon bazeudela, baina ez zen behintzat ezer ezagutzera eman. Edozein kasutan, sortutako egoeraren irtenbidean, bi aldetan eman zen banaketa nabaria: Nazioarteko Diru Funtsak Greziako zorra ez zela jasangarria eta «arintze» bat beharrezkoa zela esan zuen, eta, Syrizaren aldean, bestalde, 32 diputatuk plan berriaren kontra bozkatu zuten eta sei abstenitu egin ziren. Bozketaren ondoren Gobernua moldatu zuen Tsiprasek. Azkenean, abuztuan sinatu zen hirugarren erreskate plana eta jarraian hauteskundeak deitu zituen Tsipras berak zuen babes parlamentario eskasa zela medio.

Hurrengo egunetan Syrizaren zatiketa gauzatu zen. Energia ministro ohi Panagiotis Lafazanisek eta beste 24 diputatuk Herritar Batasuna sortu zuten. Finantza ministro ohi Yanis Varoufakis ez zen alderdi berrian sartu, baina kanpainaren azken egunean bere babesa eman zion. Iraileko hauteskundeak Syrizak irabazi zituen berriro –lau eserleku galduz– eta ANEL alderdiarekin gobernu akordioa berritu zuen. Herritar Batasunak, berriz, ez zuen botoen %3ko langa gainditu eta eserlekurik gabe gelditu zen Greziako Parlamentuan.

Zenbait ondorio

Grezian 2015ean bizitako prozesu politikoak hausnarketa askorako ematen du. Horietako batzuk bildu ditugu jarraian. Europar Batasuna sortu zenetik lehen aldiz, estatu baten gobernura europar establishment-etik kanpoko indar bat iritsi da estreinakoz. Elementu horrek adierazten du Europa osoak, baina batez ere Greziak berak, bizi duen krisiaren sakontasuna; era berean, krisia gainditzeko Europak inposatutako politiken kontrako jarrera irmoa erakusten du. Ezker eraldatzaileak bere aukerak ondo lantzen baditu hauteskundeak irabaz ditzakeela ere frogatzen du, baita Europan bertan ere.

Nahiz eta Greziako gobernu koalizioa antinaturala iruditu hasiera batean, adostasuna lortu zuten bi indarrek burujabetzaren aldarrikapen komuna zuten oinarri. Kapitalaren aldeko Europar Batasunaren eraikuntzak burujabetzaren beharra ekarri du lehen planora, ez bakarrik estaturik gabeko herrietan, baita jada estatua duten herrietan ere.

Greziako krisiak botere ekonomikoaren gobernupean gaudela agerian utzi du. Funtsezko erabakiak botere ekonomikoak inposatzen ditu eta botere politikoak ameto ematen du. Bien arteko lotura inoiz baino agerikoagoa da krisi honetan. Adibide garbiena Mario Draghi bera da, egungo Europako Banku Zentraleko buru gisa Greziako Gobernuari finantzazioa moztu diona eta garai batean Golman Sachs bankuko Europako buru zenean Greziako orduko kontuak faltsutzeko laguntza eman zuena. Gobernu ekonomiko bateratu horren aurrean, ez dugu ezkerreko indarren batasunik lortu.

Botere ekonomikoaren adar hertsatzailea finantza sistema bera da. Garrantzitsua da oso hori kontuan hartzea, izan ere, diskurtsoetan defizita handitzera eta kredituak hartzera erraz jotzen da. Zorrak, baina, noizbait bueltatu egin behar dira; eta, orduan, finantza sistemak bere indarra erakusten du. Ez da hain popularra zerga erreformaz aritzea, baina finantza publikoak osatzeko ezinbesteko modua da hori. Eta aberastasuna banatzekoa. Defizitera jotzeko aukerak proiektu zehatzekin lotuta joan behar du. Eskuineko indarrek ez dute finantza publiko orekaturik eduki behar; kredituak hartzeko ez dute arazorik, finantza sistemak agintzen duena egiten baitute egoera edozein delarik. Eta boterea galtzen badute, hurrengo gobernuak erabat hipotekatutako administrazioa jasoko duenez, kezkatzeko arrazoirik ez.

Greziako krisiarekin agerian gelditu dira politika instituzionalaren mugak. Hauteskundeak irabaztea, gehiengoak osatzea eta gobernuak antolatzea posiblea da, baita ezker erradikaleko koalizio batentzat ere. Zenbait arau eta politika aldatzea ere bai, baina betiere sistemaren oinarrizko joko arauak ukitu gabe. Hori beti izan da horrela; sozialdemokraziaren ibilbide luzea da horren adibide garbiena. Hala ere, batzuetan ahaztu egiten dugu hori. Eraldaketa politikoa bilatzen bada, programak garatzea ezinbestekoa da, baina lanketa hori beste diskurtso sakonago batekin etengabe osatu behar da: sistema politiko-ekonomikoaren oinarrizko arauak zalantzan jarri behar dira. Afera, adibidez, euroa da, ez austeritate politikak.

Modu berean, gauzak aldatzeko ez da nahikoa arrazoia izatea. Ezkerreko indarrek askotan osatzen dituzte programa biribilenak, hari guztiak ondo hausnartuta eta elkarren artean orbangabe josita. Gainera, datu eta arrazoiak bilatzen dituzte beraien proposamenak ahalik eta hobekien oinarritzeko. Proposamen biribilak izaten dira, baina askotan garrantzitsuena ahazten dute: programa hoberena ere ez da ezer ez badu atzetik indar nahikoa gauzatua izateko. Arrazoia izatea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa indarra izatea. Eta indar nahikorik ez denean, zenbait kontutan amore eman behar da kontu garrantzitsuenak aurrera ateratzeko. Bestela, bere jakindurian preso gera daiteke indar hori, eta, are okerrago, hutsaltasun politikoan.