Mikel Zubimendi

Ez delako goiz, ez dadila beranduegi izan

Urtero legez, jendetza batuko da Bilbon; eta aurten ere Baionan. Hunkigarria izango da, presoekiko ditugun sentimendu eta obligazioek zafratuko dituzte milaka eta milaka aberkideen bihotzak, barruraino sartzen zaigun labankada garden batek erakutsiko dizkigu, beste behin ere, gure barne-erresuman irekia dugun zauria. Ederra da presoak, eta haien senide eta lagunak, maitatzean eta defendatzean erakusten den indarra, konstantzia eta iraun hori. Ederra da etortzea. Ez, ordea, etorri beharra. Tristea ere badelako, beste urte batez, konpontzeke eta konponbide aurreikuspen argirik gabe jarraitzea psikologia kolektiboa hainbeste mintzen duen auziak, herri honek hainbeste desira eta merezi dituen bakea eta elkarbizitza ezinezko egiten dituen presoen egoerak zuzentzeke segitzea.

Bilbo eta Baionako kaleak etorbide bihurtu behar ditugu. Azkar eta osasuntsu preso guztien etxeratzea gure ekinbidearen funtsezko funts egin eta daukagun onena eta ditugun onenak hartara jarri behar ditugu lanean. Presoen egoera gure min eta ezinen poligrafo dugulako, bizi dugun aro politiko demontrearen zailtasun eta kontraesanen erakusle.

Ustez denborak ekarriko zituen erantzun asko gure kontzientziak mailukatzen dituzten galdera ikur ditugu oraindik, ez dagoelako ziur esaterik presoen auziak urgentziaz eta zentzu onaren bidetik hobera nola egingo duen. Besteak beste, politika ez delako sekula ziurtasun borobil baten bueltan mugitzen, presoekin darabilten politikak aspaldi lausotu zituelako justiziaren eta mendekuaren arteko mugak. Ziegetako giltza itsasoan betiko hondoratu dutela sinestarazi nahi digute, ateratzeko zirrikituak hain estuak direla horietatik pasatzeko modu bakarra belaunikatuta edo hankak aurretik zerraldo egitea dela. Kalkulu hotz eta madarikatu baten politika da: zenbat eta preso gehiago denbora luzeagoan eta egoera okerragoan, orduan eta harritzar handiagoak Euskal Herriaren bizkar-zorroan, pasibo handiagoak gure herria dagoen tokitik merezi duen tokira eramateko politikarako. Itxaropena zapuztuz, larrimina hedatzea dutelako helburu, konfiantza propioak hustea, borondate kolektiboa likidatzea.

Euskal presoen kaleratzeak bideratzen hastea, urgentea eta zentrala da. Zaila baita, bestela, hankamotza erabat, elkarbizitza eta normalizazio politiko arrazional minimo bat lortzea. Pertseberantzia behar da, gaia ezker abertzalearen bihotz organizatiboaren eguneroko taupada bihurtzea, erabakiak hartzeko eta eraginkor bihurtzeko behar diren bitartekoak eta bost hornitzea. Hartzeke dauden erabakien aurrean, betikoek betiko «nahikotasun eza» adieraziko dute; beste batzuek, zintzotasunez, ez direla goiz hartu eta ez dadila beranduegi izan aipatuko dute. Baina, denok, orain eta nonahi gaudenok, moldea aldatuz, ekipo onenarekin joko-zelaian eta jokoa partituz, jendea batuz, ekin behar diogu jardunari. Presoek eurek, banan banakoa eta mailakatua behar duen bide kolektiboan hartu diren eta hartzeko dauden erabakietan ziurtasunez aurrera. Eta haiekin bat, haiekin zintzo eta dagoena aitortuz (bere argi eta itzal, zailtasun eta aukeren leihoen zirrikitu guztiekin), denoi dagokigu, pertseberantziarekin batera, horizonte berri hori sakontzea, zehatz eta gauzagarriak diren urratsekin bidea ibiltzea.

Ahalegin horretan, hitz eta jokabide gerlariak darabiltzatenak izango ditugu aurrez aurre. Beren erara, diren moduan, beren zelai eta joko arauak inposatu asmoz. Amorrarazi egingo gaituzte, bularrean amorru hori biltzeko nahiko lan izango dugu, baina lezioa ondo ikasita dugu: gure herriarekin bat eta munduaren aurrean, eskubideak, justizia eta gizatasuna palanka hartuta, estilo berritu batekin aurrera egitea dagokigula badakigu. Bai, asmatuko dugu. Eta goiari eutsiko diogu, horixe baietz! Bai baitakigu hura ez dela eroriko. Badakigulako presoentzat beste etorkizun bat iragartzen duten hodeiak metatzen ari direla gure herriko zeru gainetan. Eta inork ez duela eragotziko, euria! •