Garazi Goia

Alter egoak

Beti interesatu izan zaizkit alter egoak; edo, zehazki, pertsona batek alter ego batekin sortzen duen elkarbizitza horren parametroak zein diren ulertzea. Zerk bultzatzen du norbait alter ego bat sortzera? Beldurrak? Ziurtasun gabeziak? Askatasunak? Zoramenak? Dibertsioak?

Charles Bukowski idazleak eta Henry Chinaski alter egoak gauza asko dituzte komunean: alkoholarekin harreman suntsitzailea, maitaleak edota arazoz betetako haurtzaroa. Bukowskiren nobela gehienetan fikzio ukituekin deskribatutako bere bizitzaren kontaketa bat aurkitzen dugu eta horrela ezagutzen dugu, hain zuzen ere, autorea Chinaskiren azalean. “Pulp” nobelan –askoren ustetan kontaketa guztiz fikziozkoa den Bukowskiren nobela bakarrean– ere agerpen bat egiten du Chinaskik.

Sylvia Plath eta Esther Greenwood, biak poetak ziren. Oso gaztetan galdu zuten biek aita. Amarekin izandako erlazioan aitaren hutsunea nabaritzen zuten. Arazo psikologikoekin biak, maldan behera joaten hasi zitzaien bizitza. Buruko gaitzen batek jota. Eta, bientzat, deserosoa zen buruko gaitzez hitz egitea. Plathek nobela bakarra idatzi zuen, “The Bell Jar” izenburuduna, Victoria Lucas ezizena erabiliz argitaratu zuena. Bere amarengandik eta nobelan fikziozko bihurtu zituen beste hainbat pertsonaia errealengandik jasoko zuen erreakzioak arduratzen zuten, beste jende bati egingo zion minak kezkatzen zuen. Nobela argitaratu eta handik hilabete bat baino gutxiagora bere buruaz beste egin zuen Plathek.

“The Nick Adams Stories” izenburupean, 1972. urtean argitaratu zuen ipuin laburrez osatutako nobelan, Ernest Hemingwayek bere bizitzaren kontaketa egin zuen, Nick Adamsen begietatik ikusia.

Beste hainbat adibide daude eta jakinguraz jarraitu ditut haien idatziak: Philip Roth eta Nathan Zuckerman. J.K Rowling eta Robert Gallbraith.

Aste honetan, tamalez, David Bowie eta bere hainbat alter egok utzi gaituzte. Ziggy Stardust izan zen ziurrenik denetan entzutetsuena. Bowieren hitzetan, zientzia fikziozko rock musikatik eta antzerki japoniar batetik ateratako pertsonaia zen Ziggy. Aurpegia zuriz pintatua, ile gorria eta jantzi estranbotiko haiek soinean. Promiskuitate eta gehiegikeriekin hordituta ibiltzen zena. Artista bera bezala. Rock izar bihurtu zen estralurtar bat omen zen, gizateriari itxaropena ekartzeko helburua zuena. Aladdin Sane (ingelesezko a lad insane hitz jokoa erabiliz, “zoratutako gizona” hain zuzen) etorri zen hurrena, Ziggyren eraldaketa bat azalduz: Ziggy bona fide rock izarra.

Bi musika album kaleratu zituen, arrakasta bat bestearen atzetik. Eta orduan Halloween Jack azaldu zen: begia adabaki beltz batekin estalita, bufanda bat lepoan eta takoi handiak oinetan. Ezin ahaztu, Major Tom, fikzio mundu batera eramandako astronauta, “Space Oddity”, “Ashes to Ashes” eta “Hallo Spaceboy” abestietan agerpena egin zuena. Thin White Dukek, beranduago, Bowie eta kabaretaren arteko erlazioa erakutsi zuen: Bowiek Berlinen eman zuen garaian sortua eta Bowieren aburuz izaera gaiztoko pertsonaia. Baina ez zen horretan gelditu, alter ego gehiago azaldu ziren, Tao Jones, John Merrick, melodia izugarrien erritmoan, hainbeste artistaren inspirazio iturri, hainbeste jarraitzaileren idolo. Ezberdina. Jenioa. Bakarra.

Nire lankide bat David Bowieren semearekin haurtzaroan denbora asko pasatakoa dela jakin dut aste honetan. Agidanez, bien amak lagunak ziren eta arratsalde asko eman omen zituen David Bowieren etxean. “Beste David Bowie bat” ezagutu zuen nire lankideak. «Benetakoa. Bere bizitza pribatua alde batean nola mantendu duen benetan miresgarria da», esan dit. «Hori da nabarmenduko nukeena. Hainbeste alter egoren itzalean egonda ere, beti pertsona berdina zela. Apala».

Benetako pertsona hori eta berarekin eraman dituen alter ego guztiak gabe, musika eszena aurreko astean baino pobreagoa da, zalantzarik gabe. •