Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Eta orain, Antropozenoa!

Ezagutzen nauzuenok ongi dakizue deabruaren abokatu papera egitea gustuko dudala, oro har apika, baina bereziki klima aldaketaren gaia mahai gainera irteten denean. Arrazoia ez da horrenbeste gizakiok klima aldaketan eraginik izan dugunik zalantzetan jartzea, baizik eta hegemonikoa bihurtu den diskurtso horren atzean ezkutatzen dena azaleratzea eta ingurumenari dagokionez zein jokabide izan behar dugun argitzea. Izan ere, hutsune handia du ezkerrak esparru honetan, bete-betean lerratuta baitago lehenago ekologistek baina gaur kapitalistek bahituta duten diskurtsoarekin: gizakiok karbono dioxidoaren (CO2) isuriarekin klima aldatzen ari garela.

Ez dut nik ukatuko klima aldaketa antropogeniko bat –klima aldaketa etengabean den sistema da, beraz, gaia ez da aldaketa bera, baizik eta gizakiok sortua ote den– ematen ari denik, baina ezin dut inola ere ikuspegi ekologista sinplekeria horretara mugatu. Eta ez soilik nabarmenki boteredunek orkestraturiko kanpaina batengatik delako gaur pentsamendu hori hegemoniko –susmoa pizteko bederen datu deigarria–, baizik eta, batez ere, ez duelako balio ikuspegi ekologista egoki bat eraikitzeko. Esan nahi baita, “klima aldaketa CO2 isuriengatik ematen da” mantra egun auto elektrikoak saltzeko erabiltzen dela, edo herrialde zehatzen jarduera industriala seinalatzeko, edo, okerragoa dena; energia nuklearrari alfonbra gorria jartzeko, eta inoiz ez gutxiago kontsumitzea edo autogestio energetikoa bultzatzeko. Nik neuk egindako tesinan frogatu nuen, ehun ikasleren artean, gehienek uste zutela auto elektrikoek ez dutela CO2rik isurtzen, egun argi-indarraren gehiengoa erregai fosiletatik lortzen dugunean. Nire ustez, ikuspegi ekologista egoki bat izateko, gainera, ez da beharrezkoa “gizakiok klima aldatzen ari garen” arrazoiketa, baizik eta, sinpleki, ezin garela zerri ardurabako batzuk izan! Hots, gure beharrak ingurunea iraunkor mantenduz asetzean dugula erronka, eskala lokal eta planetarioan.

Askotan oroitzen dut, “Prestige” ontziaren isuria eman zenean (hilillosh de plashtilina zioenarekin akordatzen? Hori bai ezabatu ezinezko txapapotea!), Nunca Mais deialdiari jarraiki milaka boluntario Galiziako kosta garbitzera joan zirenean, Arrasateko lagun batek esan zidana: «Deba ibaia garbitzeko ez dira ba horrenbeste animatzen!». Egia biribila, tamalez. Ingurunearekiko begirunea izan zen jende hori mobilizatu zuena, edo karga politiko handiko unean uneko moda soil bat? Nire ustez, antzera gertatzen zaigu orain klima aldaketaren gaiarekin, esfera guztietan, baita zientifikoan ere, nabarmen biderkatzen ari baitira gizakion eragina abalatzeko ikerketak. Berriki irakurri dut aro geologiko berri bat definitu nahi dela eta ikerlari talde bat horretarako frogak pilatzen ari dela. “Antropozeno” izena hautatu dute, gizakiok eragin dugun egoera berriari garai geologiko estatusa emateko. Gizakiak izandako eragin anitzak hartzen dira kontuan, baina, antza, material berriek geruza estratigrafikoak sortu izanak markatzen du etapa berriaren hasiera. Ikerlariok oraindik ez dira ados jartzen azken glaziaziotik hona zabaldu den Holozenoaren amaiera non kokatu; iraultza neolitikoan kokatzen dute batzuek, Amerikaren “aurkikuntzan” (sic) beste batzuek eta Industria Iraultzan gehienek. Zehazkiago, 1945ean, lehen bonba atomikoaren jaurtiketan kokatzen ei da, gehienentzat, Antropozenoaren hasiera.

Berria niretzat interesgarria izan da irudira ekarri dudan azken aroko denbora geologikoak ikasteko, baina, egiari zor, ez dakusat interes zientifiko handiegirik guk, gure denbora infinitesimala, gure erregistro geologikoan idazteari. Are, azken boladan, jakintza oso modu antropozentrikoan eraikitzen ari dela uste dut, prepotentzia handiz, gizakia unibertsoaren erdigunean kokatuz, orojakile eta omnipotente. Berriz ere, esfera guztietara zabaltzen ikusten nabilen prepotentzia bera, etxean bertan, “badakigu, ez dakite” tankerako hamaika iritzi irakurtzean, adibidez. Umiltasuna botatzen dut faltan, ingurunearekiko –natural eta sozialarekin– begirune falta itzela. Klima bera aldatzeko gai ei gara, baina ez jendartea, gure sistematxoa. Horixe dagokigu, Antropozenoa! •