Ramon Sola

Presoenak ez du kausa galduen zerrendan tokirik

Kausa galduen lagun gara Euskal Herrian. Ezaugarri hori du gure ibilbide historikoak, bai eta gure egungo jarrerak ere. Txikiaren eta handiaren artean erabaki behar izanez gero, txikiaren alde beti. Ondo dago, eta ezin zen beste era batera izan, gurea bi inperio handi-handien artean harrapatutako herri txiki-txikia izanik. Neurri berean, irabazlearen eta galtzailearen artean, galtzailearen mistizismoa gustukoago dugu, geureagoa da galtzea. Euskal kazetariok, bestalde, ikusia eta ikasia dugu munduan nagusi den irizpidea hemen irauli egiten dela: politika arloan batik bat, albiste txarrak berri onak baino erakargarriagoak suertatzen dira («ya lo decía yo» desatsegin hori inon entzuten al da Euskal Herrian baino maizago?) Horrekin guztiarekin zerikusia du orriotan Mikel Zubimendik deskribatutako nikefobiarako joerak; irabazteari hartu ohi diogun beldurrak, alegia.

Gauzak horrela, Estatuak antzeztu duen irabazle-galtzaile lehia maltzur horrek gehiegizko eragin psikologikoa du. Eta joko-zelai nagusia presoen esparrua izan da (ez hainbeste iheslariena). Inon galtzaile sentitzen bagara, hortxe da, kartzelak husteko nahi eta ezinean. Hurrengo egunotan euskal preso politikoen kopurua 400etik jaitsiko da, baina esateak berak lotsa apur bat ematen du, asko dira-eta. “Kausa galdua ote da?” pentsatzera iritsi omen da bat baino gehiago azken boladan. Iaz kalera ateratako hainbat preso mahaian bildu zituen GARAk abendu bukaeran eta horixe aipatu zuen Sergio Garcia Errazkin donostiarrak, «gizartea presoekin ahaztu ote den» galdetu izan diotela.

Ezetz erantzun zien Sergik eta ezetz dela argi frogatu da Bilbon eta Baionan. Motelaldi horretan geunden, argi eta garbi, larunbateko manifestazioek susperraldi gogotsua ekarri duten arte. Indartsua izan zen erantzuna, itzela aniztasuna, goxoa giroa, zirraragarria dena. Baina galtzearekiko goresmena bezala, oso geurea da ziklotimia, dena ezinezko ikustetik dena egina dagoela di-da batean pasatzeko joera. Beraz, dauden aukerak eta arriskuak buru hotzez aztertzea komeni da. Eta faktore objektibo hutsei begiratuta, dudarik ez da; arazo hau konpontzeko gero eta elementu gehiago daude alde, eta gero eta indartsuagoak; eta gero eta gutxiago aurka, eta hauek ere ahultze bidean, nabarmen. Manifestari kopurutik hasita; asko dira euskal herritarren kezka biltzen duten gizarte eta politika arazoak, baina ezerk ez du 70.000, 100.000, bai eta 130.000 lagun ere kalera ateratzea lortzen. Presoen eskubideen aldeko deiadarrak, ez beste ezerk. Datua da honako hau, ez iritzia.

Inoiz baino tresna gehiago dauzka borroka honek. Badu gizartearen gehiengo garbia (esana dago), badu ezagutu gabeko aniztasuna (Sare eta Bagoaz seinale), badu lekukotza zabal eta ozena (5.000 senide eta lagun baino gehiagorena, Etxerat-ena), badu indar politikoa (hiru aukera nagusiak –EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu– daude sakabanaketaren aurka), badu akordio politikoa bideragarria dela erakutsi duen froga (Baionako Adierazpena), badu gehiengo ezezaguna erakundeetan (Nafarroakoetan ere), badu lege aukerak eta zirrikituak bilatzeko borondatea, badu nazioarteko irizpideen babesa (“Parot doktrina” baliogabetzea, beste estatuetan betetako espetxealdiak murrizteko aukera...). Aldagai guztiok norabide berean jarri, lerrokatu, batu, elkar bultzaka jartzea falta da.

Ispiluan jarrita, beste espaloian justu kontrakoa antzematen da: indar politiko gutxiago (PP eta PSOE gainbeheran), argudio kaskarragoak (hortaz auzia isiltzeko beharra), tranpak egiteko tarte txikiagoa (Europaren arreta, epaileen arteko desadostasun gero eta nabariagoak), eta hainbat totem faltsu goitik behera erori izana (Rosa Roderoren ekarpen ausartak ETAk eragindako biktimak ez direla ezinbestean lubakian sarturik erakutsi du).

Perspektiban jarrita, itxaropenak eta ilusioak –faktore psikologikoa alegia– handiagoak izan zitezkeen 2011ko urrian, egia, baina aldagai objektiboetan oinarritutako aukerek benetakoagoak dirudite orain. •