Iker Barandiaran

Moden pilotakadak

Badira guztia asmatuta dagoela diotenak. Baita gizakia behin eta berriro harri berdinarekin estropezu egitea gustuko duen animalia bakarra dela esaten dutenak ere. Ohituradun animaliak garela dionik ere bada. Konfort egoeratik ateratzen gaituen guztiak zorabiatzen gaituela. Eta noizbehinka armairuaren barrenean dugun hori berriro ere, beste izen batekin, airatzeko barne premia izan ohi dugula. Izan ere, alor askotan, ugaritan, lehengora, hastapenekora itzultzen gara behin eta berriro, gure burua engainatu asmoz beste testuinguru bat, beste tonalitate bat edo beste diskurtso bat asmatzen badugu ere.

Musikan, esaterako, emanaldi biluziak ziren 70eko hamarkadan gure artean egiten zirenak; akustikoak eta neurri oso handi batean folkiak. Ahotsa, melodia eta mezua nagusitzen ziren horretan guztian. Gazte zein nagusiek gogoz jarraitu eta gozatzen zituzten emanaldiok eta horien parte sentitzen ziren, horrekin identifikatu, baina bat-batean gazteek horiek alboratu zituzten; energia gehiago eta mezu indartsuagoak behar zituzten. Ordutik belaunaldi berri askoren artean estilo arkaiko eta tradizionaltzat hartu izan da folka luzaroan. Gero etorri ziren rocka, punka eta soinu barnerakoi eta erasokorragoak, jendearen erreakzioa lortzen zutenak. Eta, aldi berean, mezuak kasu gehienetan zorrotzak ziren, mingarriak, belaunaldi berri horren testuinguru eta nahiak plazaratzen zituztenak. Bidea egin da ordutik eta gauza asko, orain esan ohi den bezala, lausotu egin dira. 

Korronte horren guztiaren kontra badut lagun bat, nafarra ez bada ere, sustraietako musika izugarri maite duena: rantxerak, folk irlandarra, euskalduna, flamenkoa... Ez ditu sofistikazioak maite, baina txoratzen du lur bati erraietatik lotutako jatorrizko musikak. Arrazoi horregatik adar jotze asko bizi izan ditu eta bizi izaten ditu oraindik, baina konbikzio handiz pentsatzen du horrela.

Eta, hara non, 40 urte pasata, azkenaldi honetan gazte moderno eta sofistikatuenek, hipsterrek eta olatu horri jarraika eroso dauden askok eta askok egun batean bai eta hurrengoan ere bai folka erribindikatzen duten autentikoena bailitzan. Ze hipokritak garen! Americana, countrya eta orain folka bere horretan! Eta ingelesez abestuta izan beharko gainera... Hala, mezuak ez du inporta eta ulertzen ez bada hobeto! Izan ere, posea da garrantzitsuena: grunge-arekin erabilitako alkandorak berreskuratuko ditugu, eta, lehen etorkizun-ezta-itxaropenik gabeko gazte nihilista borrokalariak zirenak langido eta erdi suizida bilakatu ziren bezala, oraingo txanda AEBetako estatu bakartienetako bidelapurrena kasik.

Txanponaren beste aldean Oskorri daukagu, tradizio eta eskola bateko lekuko fidel eta langile prestua izan dena. Ikus-entzule fidel baina mugatu batentzat –eta ez espresuki gazte bizardun modernoen gozamenerako– folkaren, gure sustraietako musikaren, tradizioa ikertu, azaleratu eta galbidetik behin eta berriro atera duena, alajaina. Orain, desegin berri –askotan gertatu ohi den moduan– emango dio jendeak izan duen garrantzia. Baina ja beranduegi da!

Musikak izan duen bilakaerari jarraituta, lan luzea izan zen Euskal Herrian –beste leku eta alor askotan bezala– kontzertuak ondo egitea lortzeko: azpiegitura txukunak prestatzea, egituratzea eta antolatzea, hain zuzen ere. Gogora dezagun aurreneko emanaldietako asko eta asko –folkiak, rockeroak zein punkak–, besterik ezean, pilotalekuetan egin ohi zirela. Eta pilotalekuen sonoritatea txarrena izateagatik agian horregatik izango dira gure artean punta-puntako soinu teknikariak, baldintza txarrenetan taldeak behin eta berriro salbatzen ahalegindu zirenak, hain zuzen ere. Baina zeinek daki, baliteke pilotalekuetan berriro kontzertuak egiteko ohiturak indarra hartzea. Hain xelebreak dira gure buruari ezartzen dizkiogun modak! A, ez, barkatu, nagusitzen ari dena jende oso gutxiko kontzertuak dira: batzuetan halabeharrez, eskaintza eskaera baino handiagoa delako eta konfort egoeratik ez irtetearren; eta beste batzuetan lokal oso txikietan oso jende gutxirentzat zuzendutako formatu txikiko kontzertuak ere modan daudelako. •