2016/01/23

Erreportajea
PSIKOSOLIDARIOAK
Terapia jaso eta zerbitzua diruarekin beharrean denborarekin itzultzeko sarea

Psikologia pasio duten terapeuta batzuek sortu zuten orain hiru urte Psikosolidarioak proiektua, terapia behar duen jende aunitz diru faltagatik zerbitzua jaso gabe gelditzen dela ohartuta. Sortu duten sarean denbora da ordaintzeko era. Pazienteak bere gaitasunekin itzultzen dizkio psikologoari berarekin emandako orduak.

Maider Iantzi Goienetxe
Pd12_psiko

Psikosolidarioak kolektibo bat da. Sare bat edo komunitate bat osatzen dute terapeuta, paziente eta proiektuan parte hartzen duten bertze pertsonek. Elkar laguntzen dute, eta batzuen gaitasunek eta bertzeen gabeziek ez dute desorekarik sortzen. Desberdintasun sozio-ekonomikoak alde batera uzten saiatzen dira. Ez da garrantzitsua pertsona batek zenbat diru duen, baizik eta zer ekarpen egin eta zer jaso nahi duen edo jaso dezakeen.

Jendeak zer ematen duen zaila da definitzen, pertsonen eta beren gaitasunen araberakoa delako. Arte ederretan trebea den lagunak kartelak egin ditzake, sukaldean iaioa denak urtebetetze baterako bizkotxo bat eta igeltseroak etxe batean moldaketak. Irakurtzen edo ipuinak kontatzen abila denak haur edo helduak gozaraz ditzake. Denok dugu zerbait emateko; hori da egitasmoaren gakoetako bat.

Sarekide batekin, Lide Treku haur psikologo gaztearekin bildu da GAUR8. Te baten bueltan elkarrizketa luze eta lasaia sortu da. Bertan, Psikosolidarioak kolektiboaren funtzionamenduaz gain, jendearen arazo emozional eta mental nagusiez, psikologiak osasun publikoan duen leku txikiaz eta etorkinek zerbitzua jasotzerik ez izateaz mintzatu gara, bertze gauza aunitzen artean.

Has gaitezen kolektiboarekin. Trekuk agertu du jendartean gaitasun batzuk bertzeak baino gehiago baloratzen direla, eta, gainera, autoestimu txikiarekin lotuta, gure gaitasunak ikustea kosta egiten zaigula. Azpimarratu duenez, sarean gauzatzen den bilatze prozesu hori bera terapeutikoa da. «Zer gaitasun ditut eta zer eman diezaioket jendarte txiki edo komunitate honi? Prozesu hori onuragarria da denentzat».

Osasuna, gauza osoa

Psikologiaren inguruko talde bat hasi zen egitasmoan, baina konturatu ziren osasuna integrala dela. «Gure sisteman dagoen akatsik handienetako bat osasuna gauza oso bat bezala ez hartzea da. Ohartu ginen ezin genuela akats bera egin eta osasunari hainbat alorretako pertsonek lagun diezaioketela. Izan daiteke masajeak ematen dituen lagun bat, psikologo bat, mediku bat edo Bach loreak erabiltzen dituen bat».

Beraz, psikologo eta terapeuta taldea guztiei irekita dago. Duela hiru urte hasi ziren. Urtebete eman zuten proiektua sortzen –oinarriak eztabaida eta hausnarketa ugariren ondorio dira–; gero proiektua ezagutarazteari ekin zioten eta ondotik pazienteak etorri ziren –urtebete baino gehiago daramate beraiekin–. Egitasmoa pixka bat egonkortzen denean eta pisu gehiago hartzen duenean osasunaren bertze alorretan atea jotzen hasiko dira.

Osasun publikoak ematen ez dituen aukerak zabaldu nahi dituzte ordaindu ezin dituzten pertsonentzat. Hortik sortu zen ideia, konturatu zirelako behar bat zegoela. «Jende pila bat dago terapia psikologiko bat behar duena eta osasun publikoak eskaintzen duena oso murritza da, bai denbora aldetik bai sakontasun aldetik bai profesional kopuruaren aldetik. Bestalde, psikologian hainbat espezialitate dago eta osasun publikoan ez dago aukeratzerik».

Hala, terapia beharrean den eta diruz ordaindu ezin duen jende horri guztiari laguntzea erabaki zuten, baina ez edozein eratara. Karitatea eman ordez, elkartasuna eta parekidetasuna bultzatzen dituzte. «Nik zuri ematen dizut, baina badakit zuk ere gaitasuna duzula niri emateko, beraz, ez nago zure gainetik. Hori da Psikosolidarioak egitasmoaren zutabeetako bat. Gainera, jasotakoa itzultzea ere terapeutikoa da».

Partaideak eta funtzionamendua

Pazienteek, terapeutek, praktikak egin nahi dituztenek eta talde horietako batean ere sartu ez arren proiektuan parte hartu nahi duten lagunek osatzen dute komunitatea. Guztira 40 lagun inguru dira. Hamalau bat terapeuta dira eta orain arte 20-25 paziente hartu dituzte. Egitasmoaren bultzatzaileak ere badaude.

Pazienteei dagokienez, adin guztietako jendea artatu dute, askotariko zailtasunekin: depresioa, antsietatea, beldurra, ohean pixa egitea… Baina beldurra da arazo aunitzen iturria. Egiten duten prozesuarekin «oso-oso emaitza onak» lortzen ari dira jada eta aitzinera begira gehiago etorriko direla espero dute.

Terapeuten kasuan, elkarrizketa bat egiten da. Proiektua azaltzen zaie, galdetzen zaie zein espezialitate duten (bikoteak, bikote eta familiak, helduak eta bakarka, helduak eta taldeka, haurrak…), zenbat paziente hartu nahiko lituzketen eta zein behar dituzten. Zenbait baldintza bete behar dituzte: titulua izatea, bere lanbidean hala behar bada kolegiatua egotea, asegurua izatea eta bileretara joatea. Zerrenda batean gelditzen dira eta paziente bat iristen denean honen ezaugarrien arabera psikologo batengana ala bertzearengana bideratzen da.

Denbora, denok berdina

Pazienteekin ere elkarrizketa batekin hasten da prozesua. Beren gaitasunen zerrenda bat egiten da, ekonomikoki terapeuta bat ordaindu ezin dutela erakusteko paperak eskatzen zaizkie eta hori frogatuta gelditzen denean profesional bat jartzen zaie. Terapia hasten denean, bai terapeuta bai pazientea orduak pilatzen doaz. Denboraren bankuak bezala funtzionatzen du. Pazienteak zor ditu ordu horiek eta terapeutari zor zaizkio ordu horiek. Horrek ez du erran nahi pazienteak bere terapeutari itzuliko dizkionik; ez da horrela egiten uste dutelako harreman terapeutikoa trabatzen duela. Pazienteak bertze terapeuta bati itzultzen dizkio orduak eta terapeutari ere bertze paziente batek bueltatzen dio bere denbora. «Denbora da gure ordaintzeko era, uste dugulako denentzat berdina dela». Zerrenda batean pazienteen gaitasunak agertzen dira, bertzean terapeuten beharrak. Batzuetan bat etortzen dira eta bertzetan ez. Baina beti lortzen dute moldatzea. «Terapeutoi bururatu ez zaizkigun ideiak ematen zaizkigu, adibidez masaje bat hartzea». Pazienteak gogoz egoten dira itzultzeko.

Momentuz terapeuten bulego pribatuetan artatzen dituzte pazienteak, baina irits daiteke momentu bat lan profesionala oztopatzen ahal dutena eta horregatik lokal baten bila dabiltza. Donostialdearekin harremana duten pertsonak dira… oraingoz. «Proiektu txikia da eta zeinek daki etorkizunean zer gertatuko den. Jendea animatzen dugu beste tokietan halako zerbait egitera. Gure ideia ere Madrilgo beste batetik jaio zen».

Buruko gaitz nagusiak

Daturik ez du eta bere pertzepzioa da Trekuk azalduko diguna. Berak ikusten duenaren arabera, depresioa, antsietatea eta beldurra dira zailtasun nagusiak. «Depresio tasa igo egin da eta egoera ekonomikoak badu horretan eragina. Desesperazioak depresiora eraman zaitzake. Antsiolitikoen eta antidepresiboen kontsumoa ere dezente igo da eta hori bai da datu estatistikoa».

Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa eta urgenteagoa deritzo arreta psikologiko dohaineko eta kalitatezko bat emateari. «Zoritxarrez, ez dago eta instituzioei eskatu nahi diegu psikologia aintzat hartzea eta psikiatria gutxitzea. Osasun publikoan osagarri bezala hartzen da psikologia, ez du bere entitate propiorik, ez du izan beharko lukeen pisurik».

Agertu duenez, psikiatra bakoitza desberdina da eta badira terapia egiten dutenak, «baina askok egiten duten lana, arrazoi askorengatik –denbora gutxi dutelako, gaitasun falta dutelako…– pilulak errezetatzearena da. Kanpotik ikusita ematen du arazoa txikitu dela, baina sakon-sakonean ez da konpondu. Konpontzeko aurrena kontzientzia esnatu behar da. Jende asko dago drogatuta eta horrela kontzientzia lo egoten da. Pertsona ahalik eta lasaien egotea eta ahalik eta arazo gutxien ematea lortzen da».

Psikologiak zer egiten du? «Emozioetara jotzen dugu. Emozioak ukitzen dituzunean horietaz kontziente zara. Zergatik zauden horrela ikusten duzu eta alda dezakezu. Aldaketa horiek, batzuetan, ondorio negatiboak izan ditzakete sistemarentzat. Pertsona batek esan dezake: ‘Nazkatu naiz, lana utziko dut’. Konformismoa esnatzen du. Nik uste hortik ere badatorrela pilula emate masiboa eta psikiatria psikologia baino askoz onartuagoa izatea. Orokorrean, osasun publikoak arazo mentalekin edo emozionalekin egiten duena lokartzea izaten da, ez konpontzea».

Osakidetza, hankamotz

Hilabetean behin 50 minutuko saio bat, hori da Osakidetzak ematen duen zerbitzua. «Edozein psikologok daki, han lan egiten dutenek barne, hori ez dela gutxienekora ere iristen», gaitzetsi du Lide Trekuk.

Erantsi duenez, psikologo gutxi daude sistema publikoan. «Bertan egoteko ikaragarrizko frogak pasa behar dituzu eta oso plaza gutxi daude –loteria tokatzeko aukera berak dituzu–. Orduan, asko ez gara saiatu ere egin. Zaila izateaz gain, baldintza horietan arituz non gelditzen da profesionaltasuna?».

Psikiatren plazak, ordea, «askoz gehiago» dira. Hala, arlo pribatuan lan egin behar dute psikologo gehienek. «Nahiko nuke osasun publikoan lan egitea. Uste dut gizarte segurantzaren barruan egon beharko genukeela, osasuna ematen baitugu».

Dioenez, AEBetan Psikologia Medikuntzaren mailako zerbait da, errekonozimendu berekoa. Hemen ez da hala. Zergatik? «Psikologiak urte pila darama zientzia bihurtu nahian eta segur aski ez da inoiz bihurtuko oso zaila delako prozesu terapeutiko batean gertatzen dena kuantifikatzea. Frogatuta dago funtzionatzen duela, baina zergatik funtzionatzen duen esatea zailagoa da».

Onarpen falta, arazo iturri

Erran bezala, haurrekin lan egiten du Trekuk eta euren zailtasun nagusiez galdetu diogu. Arazo gehienak onarpen faltagatik datozela deritzo. «Haurrak inguruko helduen araberakoak dira. Helduek maite badute maitatua sentituko da eta autoestimu altua izango du. Onartzen badute onartua sentituko da eta bere buruarekin gustura egongo da. Onarpena eta maitasuna falta direnean etortzen dira arazoak. Antsietatea izan daiteke, ohean pixa egitea, beldur oso handiak, eskola porrota… Denak datoz oinarri beretik, eta, gehienetan, familiatik», hasi zaigu esplikatzen.

Eskolan egiten dena da irudikatu eta alarma ematea dela dio: “Haur hau ez dago ondo”. Gertatzen da autoestimu altua izatea, familian gustura egotea eta eskolara joan eta inguruko haurrek ez onartzea eta bullying-a jasatea ere.

Oiartzunen bizi den terapeutak jolas terapia lantzen du, eta, dioenez, jolastuz gehiago ezagutzen da pertsona bat elkarrizketa luze batean baino. Baina helduok hagitz noizean behin jostatzen gara. Jolasari garrantzia kentzen diogu.

Jolasa, haurrei laguntzeko

«Haurren kasuan hil ala bizikoa da, jolasten ez duen haur batek ez du bere burua eraikitzen. Jolasa errepresentazio bat da, bizi dudanarena eta bizi nahi dudanarena. Jolasaren bidez esperimentatu egiten du umeak hori. Gainera, haurrak gauzak ulertzen ditu jolas klabean. Esplikatzen badiozu zer den tratu txarra, ahoz esan dezake ulertu duen ala ez, baina berekin jolasten bazara bi panpinek batak besteari tratu txarra emanez seguru barneratuko duela», jarri du adibide gisa.

Horregatik, jolasa haurrei laguntzeko era bakarrenetakoa dela nabarmendu du. Ez da ausartzen bakarra dela erratera, baina berarentzat hala da. «Umearen unibertsoan sartzen zara eta berari laguntzeko bere parean jarri behar duzu».

Egunero ikasten du txikiekin jolasak ze botere terapeutiko duen eta ze gauza sakonak ateratzen diren. Gertatzen zaizkion gauzak jolasean irudikatzen ditu haurrak. Eta terapeutak, jolasean, bidean laguntzen dio.

Psikologoaren arabera, haurrek gaitasun handia dute beren burua osatzeko, helduok baino handiagoa, izan ere, konektatuago daude beren izaerarekin, barne izaera autentikoarekin. «Gure buruarekin erabat konektatuak jaiotzen gara eta konexio hori eten daiteke ala ez gure ingurunearen jarreraren arabera».

Trekuk esplikatzen du umeak aunitzez hurbilago daudela beren beharretatik eta badakitela nortzuk diren eta nora joan nahi duten, helduok baino gehiago. Agian ez dakite ahoz adierazten, baina bai beste era batzuetara, jolasaren edo artearen bidez adibidez. «Badakite nortzuk diren eta nora joan nahi duten, baina askotan ez diegu uzten». Horregatik, prozesu terapeutiko hauetan aurrerapausoak ematea errazagoa da. Batzuetan 3 urterekin deskonexioa eman da dagoeneko, baina urte gutxi pasa direnez errazagoa da itzultzea. Helduok kapa gehiago kendu behar ditugu.

Trekuk 3 urtetik 16 urte arteko haurrak hartzen ditu. Agertu duenez, nerabezaroa lehenago hasten da orain, 16ak lehengo 18ak bezala dira gauza batzuetan: «Dialektika mentala, diskurtsoa, arrazoitzeko gaitasuna, beren buruaren pertzepzioa...». Aholku gisa, erran du haur bat psikologoarengana eramatean psikologoa arlo horretan espezializatua egotea bilatzeko.

Etorkinentzako atea

Bertze kolektibo batez ere itaundu dugu Psikosolidarioak sareko kidea, etorkinez. «Nahiko penagarria da egoera beren zaintza psikologikoari eta, orokorrean, beren osasun zaintzari dagokionez», erantzun du. «Ez bazaude erroldatuta eta ez baduzu paperik urgentziazko zerbitzuak jasotzeko aukera soilik duzu eta horien barruan ez dago osasun mentala. Bigarren mailako herritarrak dira».

Gainera, immigrazio prozesua bera gogorra izan daiteke eta batzuek laguntza behar dute. Ez dago horretarako zerbitzurik, ordea. Eta «besteok arazo ekonomikoak baditugu, etorkinek oraindik gehiago, zailtasun gehiago dituztelako lana topatzeko eta kalitate gutxiagoko lanak aurkitzen dituztelako. Osasun publikotik kanpo zerbitzua bilatzea oso-oso zail dute». Hortaz, Psikosolidarioak ate bat da eurentzat. Orain artean etorkin bat hartu dute.

Osasunak unibertsala izan behar duela aldarrikatuz eta sarera gonbidatuz agurtu da Treku. Terapeuta, paziente, ikasle edo interesa duen oro animatu du. Hona harremanetarako bideak: psikosolidarioak@gmail.com, Facebook.com/psikosolidarioak/?fref=ts eta Psikosolidarioak.org ataria.

 

Praktikak egiteko aukera emanen diete ikasleei

Lide Trekuk azaldu du Psikologia karrera bukatzean izaten den sentsazioa dela liburu ugari irakurri dituzula, lan teoriko aunitz egin duzula baina praktika hagitz gutxi. Eta lanbide guztiak praktikoak dira, baina psikologia «beste edozein baino gehiago». Ez dago era zehatz bat gauzek funtzionatzeko. Hanka sartuz ikasten da. «Orduan, karrera eta gero gehienok master praktiko bat ikasten dugu non azaltzen diguten nola izan psikologo. Zergatik ez du eskaintzen Psikologia fakultateak praktika errealak egiteko aukera?», planteatu du.

Dioenez, orain ematen dituen praktiketan ikasleak ez du terapia oso bat jarraitzen eta ez du aukerarik izaten korronte ezberdinak arakatzeko. «Nahiko hankamotz gelditzen da. Osasun publikoan egiten diren praktikak direnez, 50 minutuko saioak izaten dira hilabetean behin. Beraz, gehienez bi aldiz ikusten duzu pazientea zure praktikaldi guztian. Gainera, ez duzu praktikatzen, ikusi egiten duzu bakarrik».

Hortaz, hagitz garrantzitsua iruditzen zaie Psikosolidarioak sareko partaideei praktikak bultzatzea, falta hori sumatu dutelako. Psikologiako azken kurtsoetan daudenei edo bukatu dutenei irekita daude. Zailtasun bat dute: paziente gehienek ez dute terapeutaz aparte beste pertsona bat egoterik nahi, eta, terapeuta batzuek, ere ez. Baina hori konpontzeko bere burua eskaini du esperientzia handiko terapeuta batek. Beste bi terapeuta bata bestearekin lanean ari direla, berak ikuskatu egiten du saioa eta une batzuetan gelditu egiten du hartu-emana zer pasa den aztertzeko. Aurki jarriko dituzte martxan praktika hauek.

«Osakidetzak ematen duen psikologia zerbitzua ez da gutxienekora ere iristen, ez denbora aldetik, ez sakontasun aldetik ez profesional kopuruaren aldetik ere»

«Elkartasuna eta parekidetasuna bultzatzen ditugu. Nik zuri ematen dizut, baina badakit zuk ere gaitasuna duzula niri emateko, beraz, ez nago zure gainetik»

Lide Trekuk jolas terapia lantzen du. Dioenez, jolasari garrantzia kentzen zaio, baina haurrentzat hil ala bizikoa da: jolasten ez den haur batek ez du bere burua eraikitzen

«Bizkotxo bat egitea urtebetetze baterako tontakeria bat izan daiteke batentzat, baina, bestearentzat, oso garrantzitsua. Gaitasun guztiak hartu behar dira kontuan»

Etorkinen egoera «penagarria» da osasun zaintzari dagokionez. Paperik ez dutenek urgentziazko zerbitzuak jaso ditzakete soilik eta horien barruan ez dago osasun mentala

«Orokorrean, osasun publikoak arazo mentalekin eta emozionalekin egiten duena lokartzea da, ez konpontzea. Horrela gaude gauden bezala. Gizartearen isla bat da»