Laura Mintegi

Angela Davis, konpromisoa haragitua

Atzo, gaur eta bihar izango dugu Angela Davis gure artean. Luxu hutsa. Aitortu behar dut aspaldi ez nuela beraren berri eta Euskal Herrira datorrela jakin nuenean atoan pentsatu nuen, «ba urteak izan behar ditu emakumeak!». 72 urte egin ditu urtarrilaren 26an. Bihotz gazteko emakume heldua.

Zaila da hitz gutxitan azaltzea 60ko hamarkadan Angelak nola gorpuztu zituen borroka eta aldarrikapena. Beltza eta emakumea izatearen kontzientziak eraman zuen Pantera Beltzen kausarekin bat egitera eta preso zeuden beltzak defendatzera. Bera ere kartzelatu zuten 18 hilabetez, erailketa salaketa faltsupean. Free Angela kanpaina hedatu zen mundu osoan, eta hainbat pertsonaiak babestu zuen garai hartan: Aretha Franklin, Yoko Ono, John Lennon, Nina Simone eta Rolling Stones taldea horien artean. 1972ko ekainean askatu zuten nazioarteko presioak bultzatuta. Bere ile kizkur eta harroak eta Black is beautiful aldarriak markatu zuten politikagintzan hasiberri ginenon belaunaldia.

Angelaren konpromisoa modu naturalean jaio zen bere familia zurien auzo batera bizitzera joan zenean. Lehen familia beltza zen auzoan, baina laster familia beltz gehiago joan ziren bertara bizitzera. Zuriek marra bat margotu zuten lurrean markatzeko nondik aurrera ezin zuten etxerik hartu familia beltzek. Apaiz beltz batek eta bere familiak zurien aldeko etxe bat erosi zuten, eta bonba batek leherrarazi zituen etxea, apaiza eta haren familia osoa. Angelak 5 urte zituen eta bainu bat hartzen ari zen une hartan.

Bonba hura izan zen askoren lehena. Ondoren leherketak kateatu ziren beltzen etxeetan, hainbeste leherketa ezen Dinamite Hill izenaz birbatailatu baitzuten auzoa. Hura izan zen hazia, hura izen zen Angelaren “eskola”. 1963an bonba batek erail zituen 14 urteko lau neskato beltz Ameriketako Estatu Batuetako Birmingham hiriko elizan, horietariko bat bere ahizpa Faniren lagun mina. 19 urte zituen Angelak, eta albistea Europan jaso zuen, aurreko urtean Frantziara joan baitzen estudiatzera. Parisen eta Alemanian ikasi ondoren, berriz itzuli zen Ameriketako Estatu Batuetara, eta 26 urte zituela filosofia katedradun sartu zen Kaliforniako Unibertsitatean. Handik bota zuten komunista izatea egotzita, Ronald Reagan gobernadorearen ekimenez. Auzitara jo eta lortu zuen berriz onar zezatela irakasle gisa, kontratua amaitu artean.

Iraganari begiratzea baino, halere, interesgarriagoa da orainera begiratzea, Angela Davis ez zelako gelditu ainguratuta orain 45 urteko jazoeretan. Behin eta berriz berritu du Dinamite Hill auzoan bereganatu zuen konpromisoa bere arrazarekin, bere klasearekin eta bere sexuarekin, bai eta preso dagoen populazioarekin ere. Konpromiso horrek eraman du Critical Resistance erakundea sortzera, Ameriketako Estatu Batuetako espetxe “industria” sistema salatu eta kartzelak desager daitezen eskatzeko.

Angela Davisen liburu ezagunena (“Women, Race and Class”) konpara daiteke, bere arloan, Simone de Beauvoir beraren “Le Deuxième Sexe” liburu paradigmatikoarekin. Aldarrikapen hutsetik harago, Davisek jaso, finkatu eta teorizatzen du emakume kondizioaz, beltzen bazterketaz eta sozialismoaren idearioaz, eta ez du egiten konpartimentu estankorik hiru borroka horien artean, ez baitago bata bestearengandik bereizterik. Neoliberalismoaren estrategia da, hain zuzen, pertsona disekzionatzea eta pentsaraztea borroka batek ez duela loturarik bestearekin. Horrela gerta daiteke emakume zurien feminismoak ez ulertzea emakume beltzen aldarrikapena, edo ezkerrak ez hartzea aintzat feminismoa, edo borroka antiarrazistak bazter uztea gatazka soziala.

Hori da Angelaren ekarpena, integraltasuna, konpromiso globala, zapalkuntzaren irakurketa osoa. Eta konpromiso horrek ekarri du Euskal Herrira kartzelaz eta emakumeaz mintzatzera, ezkerreko politikaz eta feminismoaz, konpromisoaz eta etikaz. Atzo, gaur eta bihar. Angela Davis. Euskal Herrian. •