XXI. mendeko nekazaritza... ekologikoa izan beharko?

Munduko Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundek (FAO) emandako datuen arabera, gizateriaren historiako elikagai ekoizpen handiena dugu gaur egun: 4.000 milioi tona urtean. Janari horretatik guztitik herena, 1.300 tona, alperrik galtzen da. Errekorrak hausten jarraituz, inoizko gosetu kopuru handiena dugu XXI. mende hasiera honetan; 800 milioi pertsonak elikatzeko arazo larriak dauzkate. Galdutako janari horrekin guztiarekin 2.000 milioi pertsona elikatzeko adina legoke, betiere FAO beraren arabera.
Bitartean, herrialde aberatsotan, janaria barra-barra alperrik galtzearekin batera, obesitatea eta berarekin lotutako osasun arazoak zabaltzen doaz. Estatu espainolean, esaterako, ia lau herritarretik bat (%23) obesoak dira (2015). Gurean zertxobait hobe gaude, soilik zortzi euskaldunetik batek (%13) baitu osasuntsutzat onartzen dena baino pisu gehiago. Munduko leku batzuetan dagoen gabezia eta beste batzuetan dagoen gehiegikeriari erreparatuta, begi bistakoa da elikatze-sistema hau ez dela batere iraunkorra gizarteari dagokionez.
Behin jasangarritasunaz hitz egiten hasita, noski, ingurumena dator berehala burura. Bada, zentzu horretan ere, gizaki modernoaren elikadurak apenas baduen zerbait jasangarritik. Monolaborantza ikur, substantzia kimikoetan intentsiboa den eta erregai fosilen dependentzia handia duen ekoizpen eredu batean oinarrituta dago. Dagoeneko inork uka ezin dezakeen aldaketa klimatikoaren eragile nagusietako bat da, ekoizpenean eta, batez ere, “elikagaien” eraldaketa zein garraioan isurtzen diren gasak tarteko (isuri guztien %30 direla kalkulatzen du Ekologistak Martxan–Friends of the Earth erakunde ekologistak). Bioaniztasunaren galeran, nekazaritza da eragile garrantzitsuena: lur berriak ekoizpenean jartzeko deforestazioak, monolaborantza eta intentsifikazioaren eraginez gaiztotutako izurriteen eta gaixotasunen aurka erabiltzen diren pozoiak, edota antzututako lurretan ekoizpena mantentzeko botatzen diren –eta zatirik handienean naturara isurtzen diren– ongarri kimikoak inoizko espezie galera handiena eragiten ari dira.
Baldintza hauetan, norantz jo beharko luke gure elikadura sistemak epe ertain-luzean iraunkorra izate aldera? Otsail honetan ezagutu dugu nekazaritza ekologikoa XXI. mendeko elikaduran klabe izango dela ondorioztatzen duen beste ikerketa bat. Ekoizpen mailaren, ekonomiaren, ingurumenaren eta ongizatearen irizpideak aintzat hartuta, eredu konbentzionala eta ekologikoa konparatu ditu AEBetako Washingtongo Unibertsitateko Reganold eta Wachter ikerlarien “Organic Agriculture in the 21st Century” ikerketak. Aldez aurretik egindako ehun lan inguru aztertu eta konparatu dituzte horretarako, aipatu irizpideetan oinarrituta. Ondorioak argiak dira: ekoizpen ekologikoak askoz emaitza hobeak azaleratzen ditu bai ingurumenari eta baita gizakion ongizateari dagokionez ere. Ekonomiaren alorrean, autoreek diote elikagai ekologikoen ekoizleek diru sarrera gehiago jasotzen dituztela beraien ekoizpenengatik, produktuon kontsumitzaileek jakin badakitelako baserritar ekologikoen lanak, janariaz gain, bestelako zerbitzu batzuk ere ematen dizkiela; hala nola, ingurumenaren zaintza, bioaniztasunaren sustapena, abere ongizatea, nekazaritza-lurretan materia organikoaren finkatzea edota higaduraren galaraztea.
Ekoizpen mailari dagokionez, eta hemen dago eredu ekologikoaren gakoetako bat, orokorrean hartuta nekazaritza ekologikoak ematen duen elikagai kopurua txikiagoa da, lur unitateko. Aipatu ikerketak azpimarratzen du produktibotasun galera, egonda ere, ez dela horren handia eta tartea asko txikitzeko aukerak badaudela agroekologiako tekniken alorrean ikerketak garatuz. Berkeley Unibertsitateko ikerlari batzuek 2014an argitaratutako lanaren arabera, produktibotasun galera %19 ingurukoa da, oro har. Kasu batzuetan aldea hori baino handiagoa da, eta, beste batzuetan (lekariak aipatzen ditu ikerketak), produktibotasuna parekoa izan daiteke. Zentzu berean doaz aste honetan bertan Kataluniako IRTA ikerketa institutuak argitaratutako artikuluaren emaitzak: eskegitzeko tomatearen ekoizpena (pà amb tomaquet egiteko erabiltzen dena) berdina izan daiteke ongarri organikoak eta nekazaritza ekologikoko teknikak soilik erabilita. Nekazaritza konbentzionalaren defendatzaileek beti azpimarratzen dute ekoizpen ekologikoak ezin dezakeela “mundua elikatu” (ekoizpen konbentzionalak hori lortuko balu bezala...) produktibotasun nahikorik ez duelako ematen. Zenbat eta ikerketa gehiago egin, orduan eta ageriago geratzen da hori ez dela erabat zuzena, besteak beste, eredu ekologikoak bi aldiz elikagai gehiago ekoizten dituelako energia unitateko. Alegia, efizienteagoa dela baliabideen erabileran (IFOAM eta FiBL, 2014). Badago beste kontu bat, tankera honetako ikerlan guztietan aipatzen dena: ekoizpen ekologikoa askoz hobeto egokitzen da klimaren aldaketak dakartzan baldintza aldakorretara (agortea kasu), biologikoki landutako lurrek materia organikoa mantentzen dutelako. Horrek mantenugaiak eta ura gordetzeko gaitasuna ematen die.
Horiek horrela, “mundua elikatu beharraren” aitzakiatan nekazaritzaren intentsifikazioa, ekoizpenen deslokalizazioa (gaur egun, 4.000 kilometro garraiatzen dituzte gure elikagaiak, batez beste!), pozoi kimikoak, ongarri mineralak edota hazi transgenikoak defendatzen dituztenak argudio gabe gelditzen ari dira. Lastima da tankera honetako informazioak ez duela jasotzen behar besteko oihartzuna. Herritarrok elikadura sistema baten eta bestearen arteko aldeak ezagutuko bagenitu, ez genuen zalantzarik izango: ekologikoa eta bertokoa, noski.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
