Kattin Chilibolost
Elkarrizketa
Salah Amaidan
Saharar errefuxiatua

«Estatu frantsesak ez balu Maroko sustengatuko, aspaldian aske ginateke»

Salah Amaidan Saharan sortu zen, Aaiun hiriburuan. 2004. urtean Estatu frantsesak asilo politikoa aitortu zion eta gaur egun Biarritzen bizi da.

Saeed Taji Farouky palestinarrak zuzendutako “The runner” filmak saharar kirolari baten bizipenak jasotzen ditu: Salah Amaidan atleta. Orain hilabete Baionan eskainitako hitzaldi-eztabaida baten karietara, KAZETAk elkarrizketatu egin zuen. Saharatik Euskal Herrira nola heldu zen eta Estatu frantsesak Saharako okupazioan duen inplikazioa ditu hizpide, besteak beste, solasaldi honetan.

Hitzaldi eztabaida batean parte hartu duzu berriki Baionan. Zer aipatu duzu?

Ni ez naiz politikaria, kirolaria naiz. Gehienbat Sahara okupatuan kirolari gisa bizi izan dudan historia, Estatu frantsesera heltzea eta asiloa izan ditut aipagai. Aaiunen sortu nintzen, lurralde okupatuan. Frantziara iritsi nintzen Marokoko atletismoko talde nazionalarekin, Maroko ordezkatzeko. 2004an, lasterketa garrantzitsu batean, Parisen, Saharako bandera atera eta sahararra nintzela erakutsi nuen. Ez nuela nire herria ordezkatzeko eskubiderik erran nuen, asiloaren beharra nuela. Une hartan, nahi ala ez, politikan sartu nintzen. Ez dut hori gustuko, baina ez nuen hauturik. Hemendik nire herriaren independentziaren alde borrokatzen segitzen dut.

Aurkeztuko diguzu labur-labur zuen borrokaren zergatia?

1975. urteaz geroztik, Marokoren manupean bizi gara. Lehenik, 1884an espainolek okupatu zuten gure lurraldea, eta, 1975ean, Mauritania eta Marokorekin akordio bat adostu zuten: herriaren adostasunik eta Nazio Batuen baimenik gabe, Sahara Mauritania eta Marokoren artean banatzea erabaki zuten. Espainiak lekuak hustu egin zituen. Egoera ikusita, Saharako herritarren ordezkari den Fronte Polisarioak bi Estatu horien aurka gerla hastea erabaki zuen. 1979an, mauritaniarrak joan egin ziren, sahararrekin bakea hitzartuz. Alabaina, Estatu frantsesak, Israelek, Irakek eta Saudi Arabiak lagundurik, askatu berri zen lurraldea Marokok hartu zuen. 1991n, berriz, Maroko eta Fronte Polisarioa akordio batera heldu ziren: sahararrek beren independentziaz iritzia eman ahalko zuten erreferendum bidez. Baina marokoarrek oraindik ez dute akordio hori bete. Sahararrek lurraldearen %30 berreskuratzea lortu dugu; gainerako %70ak okupatuta jarraitzen du.

Aipatu duzu Estatu frantsesak zerikusi handia izan zuela Mendebaldeko Sahararen okupazioan.

Bai, hala da. Frantses Estatuak ez balu Maroko sustengatuko, aspaldian aske ginateke. Baina dena oztopatzen du. NBEko batzordeak Saharako erreferendumaren onespena bozkatu behar duenean, aldi oro, Frantziak betoa erabiltzen du. Ameriketako Estatu Batuek, Txinak, Britainia Handiak eta Errusiak beti sahararren eskubideen alde egiten dute, baina frantses Estatuak betoa nahiago du... Marokok sahararren aurka erabiltzen dituen armak frantsesak dira. Frantziak oparituak. Belgika, Saudi Arabia eta Qatarreko armak ere badira tartean.

Alta, Estatu frantsesean sahararren egoerak ez du hainbeste oihartzunik, ezta?

Komunikabideetan ez da auzi hedatua. Pentsatzen dut hemen komunikabideak ez direla aske. Jendeak nahiago du Marrakexera oporretara joan eta Libia edo Siriako giza eskubideen egoeraz hitz egin, Europatik hurbil den Mendebaldeko Sahara aipatu baino. Baina Sahararen okupazioan Estatu frantsesaren inplikazioa errealitate gordina da, eta frantses gehienek ez dakite.

Estatu frantsesak okupazioa babesten du, eta, aldi berean, babes politikoa ere eskaintzen dizue sahararroi...

Bai. Sahararroi babes politikoa aitortzeko eta aldi berean gure eskubideei uko egiteko ados dira. Orain arte ulertu ez dugun zerbait da. OFPRA Errefuxiatu eta Nazionalitate Gabeen Babeserako Bulegoaren paperetan, argi agertzen da lurralde okupatuan torturatuak garela eta tratu txarrak jasaten ditugula. NBEn, berriz, Estatu frantsesak berak sahararron eskubideen aurka bozkatzen du aldi oro... Hipokrisia hutsa, hain segur.

Zure gisa, zenbat errefuxiatu zarete hemen?

Estatu frantsesean Saharako lurralde okupatutik ihes egindako 1.700 saharar gara. Hemen, Ipar Euskal Herrian, bost. Lurralde okupatuan ia 500.000 saharar dira, eta azken 40 urteotan Aljeria hegoaldeko kanpamenduetan bizi direnak 200.000 inguru. Europan, berriz, 60.000 bat saharar gara. Lehengusuak eta senideak Suedia, Norvegia eta Belgikan errefuxiatuta ditut. 20 eta 30 urte artean dituzte. Hauturik ez dute ukan, lurralde okupatua utzi beharra izan dute. Manifestaldi batzuetan harrapatuak izanik, sahararrak Marokoko kartzeletara igortzen dituzte. Frantziak eta Espainiak euskal preso politikoak beren etxeetatik ehunka kilometrora bidaltzen dituztenean bezalaxe.

Gertatzen ote da Frantziak sahararrak atxilotzea Marokora bidaltzeko?

Oraingoz, ez. Marokok nahiago du hemen asiloa lor dezagun eta ez Saharara itzul gaitezen. Militanteak gara, lurralde okupatuan manifestaldietan parte hartzen dugu egunero. Frantziari eta Marokori ongi datorkie gu hemen gelditzea.

Zeren beldur dira, zuen herrira itzuliz gero borroka indartuko dela?

Bai, egunero manifestatzen gara. Hemen ere jarraitzen dugu. Hona etorri bagara, ez da bizi hobe baten bila, edo lan eske. Hona etorri gara borrokan segitzeko eta Mendebaldeko Sahara ezagutzen ez duten jendeei mezu bat pasarazten saiatzeko. Eta bihar gerla berriz hasiko balitz, errefuxiatu guztiak itzuliko ginateke. Saharar nomadak gara, nahiago dugu basamortuan eta duintasunean bizi. Gure senide guztiak han dira. Hemen militatzen dugun bitartean, gure familiek han ondorioak pairatzen dituzte.

Zer esan nahi duzu ondorioak pairatzen dituztela erratean?

Torturak jasaten dituzte, lan egiteko eskubiderik ez dute, egunero kontrolak jasaten dituzte... Hamabostero, Europan militatzen duen semea edo alaba duen pertsona batek haraino nola iritsi den kontatu behar dio Polizia marokoarrari.

Saharako lurralde okupatuan sartzea ere ez da gauza erraza, gutxienez atzerritarrentzat...

Gaur egun, atzerritarrek ez dute lurralde okupatuan sartzeko eskubiderik. Orain hamabost egun, esaterako, Norvegiatik eta Suediatik etorritako 63 bat atzerritar kanporatu zituzten. Duela bi ordu eskas, sahararren egoera ezagutzera zihoazen pertsona batzuen hegazkina Dakhla hirira sartzea ukatu dute. Ezezkoa eman diete. Marokok izango ez balu Estatu frantsesaren eta Israelen babesik...

 

Okupatzailearen bandera utzi eta bere herriarena hartzera ausartu

Orain ia hiru urte aurkeztu zen Donostiako Giza Eskubideen Nazioarteko Jaialdian Salah Hmatou Amaidanen bizitzari buruzko “The runner” pelikula. Dokumentalak kontatzen du saharar korrikalaria haurra besterik ez zela hasi zela Marokoko bandera defendatzen, hau da, bere herria zapalduta zuen, eta duen, potentziaren bandera. Makina bat sari lortu zituen Amaidanek, halako batean, Marokoko atletismo taldearen kamisetarekin hasitako lasterketa bat irabaztera zihoanean, bere herriaren bandera jaso zuen arte. Hor bukatu zitzaizkion Mohamed VI.a erregearen hitz goxoak eta agintariaren beste aurpegia ezagutzeko aukera izan zuen. Asilo politikoa eskatu beharrean izan zen, eta frantses Estatuak eman egin zion.

Geroztik Saharako banderaren koloreekin aritzen da korrika lasterketa ezberdinetan: «Nire borrokak berrogei urtez okupatuta egon den nire herriaren borroka islatzen du», esan zuen Donostian egindako aurkezpenean. «Korrika ari naizela, helmugara iristea izaten da pentsamendu nagusia, baina saharar herria buruan eramaten dut». Euskal Herriak ere badu leku bat bere bihotzean, «bertako jendearengatik eta saharar herriari laguntzeko horrenbeste elkarte dagoelako». Esaterako, 2010eko Behobia-Donostia lasterketa prestatzen ari zela jakin zuen Aaiungo protestaldi batean 18 urteko lehengusua hil zutela Marokoko segurtasun indarrek.

Saeed Taji Faroukyk zuzendu zuen dokumentala. Palestinar bat saharar baten bizitza kontatzen, okupazioa jasan behar izan dutenek beste inork baino hobeto ulertzen baitute okupaziopean bizitzea zer den. Faroukyk hiru urte egin zituen Amaidanekin, okupazioak eragiten dituen erreakzio guztiak jaso nahi baitzituen: «Pelikula bat egitea bera ere erresistentzian jarduteko beste modu bat da. Matxinadak itxura asko har ditzake. borrokatzeko era berriak bilatu behar dira», esan zuen zuzendari palestinarrak Donostian.