Juantxo EGAÑA

Euskal pilotariak Txinan, jauntxoen bizitza eramanez

Fondo Familia Iriondo
Fondo Familia Iriondo

1934ko irailaren 20an inauguratu zuten Tianjin hiriko –Txinan, Pekinetik 130 kilometrora– frontoia, “Il Palazo” izenez ezaguna zena. Frontoia eraikitzea Fumigalli enpresari italiarraren laguntza ekonomikoari esker izan zen posible, eta Bonetti italiarrak eta Kessler suitzarrak egin zituzten arkitektura lanak. Tianjinen bezala, Shanghain ere bazen frontoi bat. Cecilio Urizar pilotariak elkarrizketa batean adierazi zuenez, jauntxoak bezala bizi ziren, morroi, sukaldari, gidari eta abarrekin. Orotara 50 euskal pilotari inguru bizi izan ziren Tianjin eta Shanghai artean garai haietan, eta Teodoro Jauregi pilotari ohiak eramaten zuen bi frontoien mantenua. Oraino zutik da Tianjineko frontoia hartzen zuen eraikina, baina iraultza txinatarraren ostean “Herriaren Teatro Handia” bezala bataiatu zuten. Irudia Jose Maria Iriondo Azpiriren artxiboaren parte da, eta bertan 1936an Txinan zegoen euskal pilotari multzoa ikus daiteke. Iriondo Azpiri bera ere Txinan jaio zen, eta pilotari bezala ere aritu zen.