Miguel FERNANDEZ IBAÑEZ
ERDOGANEN BARNE ETSAIA

Gobernuak Fethullah Gulen erlijiosoaren mugimenduko komunikabideak itxi ditu

Fethullah Gulenen mugimendu erlijiosoak Turkiako Poliziaren eta epaileen artean zuen oihartzuna ahuldu ostean, bere jarraitzaileen aurkako sorgin-gerrak ez du etenik. Mugimenduaren komunikabideetaraino ere iritsi da erasoaldia. «Zamat» egunkaria itxi egin du Erdoganek, lasai asko gainera, hil ala biziko gerra horretan.

Erdogan eta Gulen, argazkitan. (AFP)
Erdogan eta Gulen, argazkitan. (AFP)

Urte hasieran hasi zen Ameriketako Estatu Batuetan erbesteratuta dagoen Fethullah Gulen erlijioso musulmanaren aurkako epaiketa. Turkiako Fiskaltzak gobernuaren aurkako konplota egozten dio, AKP alderdiko goi karguak, Recep Tayip Erdoganen semea tartean, zipriztintzen dituen ustelkeria trama salatu zuenean gauzatutakoa hain zuzen.

Erdogan Turkiako presidentearen aspaldiko kidea da Gulen. Hizmet mugimendu erlijiosoko agintaria da. Espainiako Opus Dei indartsuarekin aldera daitekeen erakunde horren jarraitzaileak ehunka milaka dira munduan zehar. Fiskaltzak bizi arteko kartzela zigorra eskatu du Gulenentzat. Estatu Paraleloa Gulenen Jarraitzaileen Erakunde Terrorista (FETO, turkiar siglatan) ustez osatzeagatik akusatutako dozenaka pertsonentzat, berriz, 300 urteko zigorrak eskatu ditu fiskaltzak. 1998tik Pensylvaniara ihes egin zuenetik, baina, AEBetan erbesteratuta dago Gulen, Turkiak bere estradizioa eskatu dion arren Etxe Zuriari.

Erdoganen AKPren eta Gullenen arteko harremana ulertzeko hainbat puntu hartu behar dira kontuan. Batetik, XX. mendean Anatoliako musulmanek Turkiako Estatuaren partetik jasandako bazterketa. Bestetik, militarren aurka AKPk eta Hizmet mugimenduak hitzartutako akordioa, eta, azkenik, Erdogan eta Gullenen arteko borroka pertsonala.

«Ultrasekularismoa»

Lehenik eta behin, «ultrasekularismoa» zer izan zen jakitea komeni da. Gulen Fundazioko zuzendaria den Dogan Koc berak horrela laburbildu digu posta elektroniko bidez:«Turkiako ultrasekularismoa laikotasun frantsesaren degenerazio bat baino ez da, eta herrialdean nagusitu egin zen, gutxiengo baten apustua bazen ere». Bere hitzetan, uktrasekularismoa kemalismoa da, 70eko hamarkadara arte nagusitu zen apartheid-a hain zuzen; erlijio kontuetan eta hezkuntzan –erlijio eta hezkuntza ezan hobeto esanda– oinarritzen zen sistema. «Ez zioten uzten euren aldekoa ez zen inori Estatuan parte hartzen. Esparru itxia zen. Turkiarren gehiengoa nekazaritza eremuetan bizi zen, elite ultrasekularistaren menpe, politikan eta ekonomian parte hartu ahal izateko adina heziketarik gabe».

70eko hamarkadatik aurrera, musulmanen aurkako jazarpena arindu zenean, Gulen bere ikuspegi islamista hedatzen hasi zen, Said Nursi pentsalariaren ideiak bere eginda. Urte gutxiren buruan milaka jarraitzaile lortu zituen, batez ere bere argitaletxeei eta dershane izenarekin ezagunak egin ziren hezkuntza zentroei esker. «Herrietatik hirietara lan bila joan zen Turkia kontserbadoreari erantzun zion Hizmet mugimenduak. Tradizioa eta modernitatea uztartzen asmatu zuen, hirietako bizimodu sekularrarekin lehenengo aldiz topo egin zuten anatoliarren mesedetan», azaltzen du Koc berak.

AKP alderdiak 2002an hauteskundeak irabazi ondoren, Hizmet mugimendua indartu egin zen eta bere jarraitzaileak Estatuaren bihotzean sartu zituen. «Islamismo moderatuaren» urrezkoa aroa zen eta Obama AEBetako presidenteak berak erreforma demokratikoak ezartzeagatik txalotu zuen Erdogan.

Aspaldiko kontuak

lslamistak, baina, euren aspaldiko etsaiekin, militarrekin, zituzten kontuak kobratzeko irrika bizian zeuden. Ergenekon eta Sledgehammer auziei esker, froga handirik gabe, Armadako goi karguak kartzelan sartu zituzten, ustez estatu kolpe bat prestatzen ari zirelakoan. 2011rako Gulen-Erdogan bikoteak Armadaren influentziarekin behingoz amaitzea lortua zuen eta, AKPk Parlamentuan gehiengo osoa berretsi berritan, bi buruzagien arteko borroka abiatu zen. Ordurako, Hizmet mugimendua oso indartsua zen gizartean bere karitate sareari eta dershane eskolei esker. Auzitegiak eta Polizia kontrolpean zituen eta tarta politikoaren bere zatia exijitzen hasi zen. Erdoganek, baina, mugimendua bere botere politikoa sendotzeko erabili ondoren, bestelako asmoak zituen. Horren erakusle, mugimenduaren enpresei Estatuaren proiektu mamitsuak esleitzeari utzi zion.

Bi buruzagien arteko harremana, hori bai, kurduen auziaren inguruko desadostasunek gaiztotu zuten behin betiko. 2012ko otsailean, Gulenen aldeko Sadrettin Sarikaya fiskala MIT Turkiako zerbitzu sekretuetako goi karguak atxilotzen saiatu zen, tartean Hakan Fidan zuzendaria, Oslon PKK erakunde kurduarekin ezkutuan hitz egiteagatik. Traizioa leporatzen zien fiskalak zerbitzu sekretuei, eta, krisi horren ostean, Parlamentuak Konstituzioa aldatu zuen «terroristekin negoziatzea» ahalbidetuz.

Hezkuntzaren auzia

Gulenen erasoa gaindituta, erasotzea erabaki zuen Erdoganek. Horretarako, Hizmet mugimenduaren diru-iturri nagusia eta bere ideologia hedatzeko tresna nagusia kolpatzea besterik ez zuen: hezkuntza. Familia kontserbadoreek nahiago zuten seme-alabak Gulenen eskoletara eramatea Estatuaren instituzio sekularretara baino. Bertan lortzen zituzten erlijioso sunitek jarraitzaileak, karitatea, ekimen sozialak eta behartsuentzako laguntza ekonomikoak erabiliz. Gainera, dershane eskoletan ikastea lan ona aurkitzeko bidea zen. Egun, estigma bilakatu da.

2013ko irailean, eskola erlijiosoak bultzatzen urteak eman ondoren, Gobernuak Gulenen dershane eskolen itxiera iragarri zuen. Bazekien Erdoganek non jo eta nola min eman. Gulenen jarraitzaileak mugimenduaren egoitzetan bizi ziren. Bertan, Koran erraldoi baten begiradapean erakundearen egunkariak, liburuak eta Gulenen sermoiak irakurriz hazten ziren. Eskola urteetan giro horretan sortutako harremanak, noski, oso indartsuak ziren, batez ere baliabiderik gabeko gazteentzat. Izan ere, horrek izugarrizko lotura sortzen zuen, mugimenduarekiko nolabaiteko idatzi gabeko zorra.

Gerra totala

Gulen ez zen geldirik geratu. Abenduan, Parlamenturako hauteskundeen bezperan, bere aldeko fiskalek AKPren buruzagitza kolpatu zuten ustelkeria auzi bat baliatuta. Ergenekon auzian militarrak ehizatu zituen Zekeriya Oz fiskalak zuzendu zuen ikerketa. Erdoganen alderdia ez zen geldi geratu: Justizia Administraziotik eta Poliziatik gulenistak purgatzen hasi zen. Gulenistek AKPren barne elkarrizketak argitaratuz erantzun zuten; horietako batean, Erdogan eta bere semea ageri ziren komisio izugarri baten inguruan hitz egiten.

Ustelkeriak ustelkeria, Ergoganek 2014an presidentetzarako hauteskundeak irabaziz erantzun zuen, baita Parlamenturakoak ere 2015ean. Zekeriya Oz eta Sadrettin Sarikaya fiskalek Alemaniara ihes egin behar izan zuten, beraiek eratzen lagundutako sistemaren «injustizia» salatuz. Beraiek dira orain sorginak. Erdogan, berriz, beti ehiztari. Gulenen «&csMarker;mugimendu terroristarekin» iraganean izandako harremana gutxietsi asmoz, Ergenekon auzia ere gaizki kudeatu zela iritzi berri du Estatuak eta militarrak kartzelatik ateratzen hasi da.

Komunikabideen aurka

Azken erasoa Gulenen aldeko “Kopa Izek” eta “Zaman” taldeko komunikabideen itxiera eta hainbat enpresariren atxiloketa izan da. Gainera, Hizmet mugimenduak Asia Erdialdean zituen eskolak itxi ditu eta Afrikan ere berdina gertatzea espero da. Erdoganen mendekuak ez du mugarik. Espetxean zeuden dozenaka gulenista askatzea erabaki zuen Ozcelik epailea bera kartzelatu du. Bere emazte medikuak lanetik bota dutela salatu du, eta, “Zaman” itxitako egunkariaren arabera, semea haurtzaindegitik ere kaleratu zuten.

«Datozen urteak gogorrak izango dira. Orain enpresariak dituzte jomugan», ohartarazi du Dogan Koc berak. Izan ere, luzea da Gulenen jarraitzaile ezagun eta ahaltsuen zerrenda, tartean Enes Kanter NBAko pibota edota Hakan Sukur futbolari ohia. Ez dirudi Erdoganentzat erraza izango denik Opus Dei beraren antza duen Hizmet sarearekin amaitzea, baina egia da tematia dela eta gauza bat buruan sartzen zaionean... Oraingoz argi dago Hizmet mugimendua suntsitzea helburu duela, PKKrekin eta Sirian Al-Assaden Gobernuarekin amaitzea ere xede dituen bezala. Ikusteke dago asmo guztiok gauzatuko dituen edo ez...