Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea

«Ziber(bullying)»-a

Pasa den astean eman zituen ezagutzera EAEko Hezkuntza Sailak eskola-jazarpen edo «bullying»-aren eta «ziberbullying»-aren inguruko datuak. 2007-2008 ikasturtean hasi ziren «bullying»-ari dagozkion datuak jasotzen eta «ziberbullying»-aren gainekoak 2013-2014 ikasturtetik aurrerakoak dira. Orain informazio hori guztia modu sistematizatuan jasotzen dela azpimarratzen dute.

Informazio hori oinarri, azken zortzi urteotan 1.284 salaketa jaso direla adierazi zuten eta horietatik 509 kasu baieztatu egin ahal izan zirela. 1.284 salaketa horietatik, 694 kasutan, salaketa neska batek jarri du. Gainontzeko 590 kasuetan, mutil batek. Salaketa horiek guztiak 5 eta 18 urte bitarteko ume eta gaztetxoen artean emandakoak dira, hortaz, ikasketen edozein mailatan gerta liteke. Halere, 449 kasu 12 eta 13 urteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean eman dira. Beste 29 kasu 10 eta 11 urtekoen artean (Lehen Hezkuntzako azken urteetan). Eta deigarria egin zaie txikiagoen artean 40 kasu eman direla.

Eta zein dira hartu dituzten neurriak? 1.082 kasutan zaintza areagotu zen. 22 kasutan gela aldaketa eman zen eta gainontzekoetan zein neurri hartu ziren ez zuen argitu Cristina Uriartek, EAEko Hezkuntza sailburuak.

Eta zein motatako jazarpena bizi izan dute biktimek? Denetarik dago: eraso fisikoa, zuzenean (240 kasu); hitzezko erasoa (204 kasu); jendarte bazterketa eta marjinazioa (164 kasu); larderia edo beldurra sortzea, xantaia edo mehatxuak (105 kasu); eta eraso edo abusu sexuala edo jazarpen sexista (33 kasu). Zenbakiok 746 kasu batzen dituzte, gainontzeko 538 kasuen gainean ez da ezer aipatzen.

Ziberbullying-aren kasuan, 2013-2014 ikasturtean 26 kasu hauteman omen ziren. 2014-2015 ikasturtean 16 kasu. Kasu hauetan, biktimen %6 ezgaitasunen bat duen pertsona bat zen. Beste %6 arrazismoarekin lotutako kasuak ziren eta beste %14 eraso sexista edo homofoboak. Gainontzekoak, beste izaera bat izan dute.

Ziberbullying-aren kasuan, esan bezala, azken ikasturtean 16 kasu hauteman ziren. Egia esan, ez dakit zein komunikazio kanal ireki diren kasu hauek hautemateko. Ez dakit eskola eta Hezkuntza Sailaren arteko komunikazioa sustatu den. Edo guraso eta hezitzaileei ere kasu hauen berri emateko bidea argitu zaien. Dakidana da nik hiruzpalau institutu publiko bisitatzen ditudala urtean, eta guztietan eman direla kasuak (eta normalean bat baino gehiago). Eta hortaz, zenbakiek ez didate koadratzen.

Horri gehitu behar zaio, osteguneko “JoPuntuan” aditzera eman nuen bezala, bulliyng-a eta ziberbullying-a Ertzaintzaren bitartez lantzen dela eskoletan. Hau da, Hezkuntza Sailak, bere baitan, ez duela lanketarako eta prebentziorako plan berezirik (Segurtasun Sailetik egiten da). Institutu publikoetatik niri deitzearen arrazoia, Hezkuntza Sailetik eskaintzarik edo alternatibarik ez jasotzean kokatzen baita.

Nire uste apalean, «bullying»-a eta «ziberbulling»-a Hezkuntza Sailetik bideratu behar diren lanketak dira. Eta ez eman diren kasuen gaineko informazioa jasotzeko bakarrik. Hori ez da sistematizatu behar den prozesu bakarra. Prebentzioan jarri behar dira indarrak. Enpatia balorean jarriz. Enpatia baita guztiaren giltza. Erasotzaile potentzialak bi aldiz pentsatzera eraman beharko genituzke. Eta erasotakoaren azalean jartzeko gaitasuna lantzen lagundu behar diegu. Eta erasotzaileekin ere enpatizatu behar da, erasotzen badu, bere baitan sufrimendua dagoelako izango baita.

Bullying-aren eta ziberbulliyng-aren atzean sufrimendua dago, alde guztietatik. Eta arazoa konpondu edo minimizatu nahi bada, erroetara joan behar da. Eta errotik enpatiarako gaitasunak lantzen saiatu. Hori da bidea nire ustez. •