Eguneroko lanak ematen du izaera eta izena
Arrasateko mugimendu asanblearioa 80ko hamarkadan indartu zen nabarmen. Politika eta espresatzeko beharra borborka zeuden garaietan, adierazpide ugari sortu ziren. Erdigunean zegoen kondeen parke erraldoia, utzita zegoena, herriarentzat “hartu” zuten, eta gaztetxe bihurtzeko eskatutako hiltegi zaharra Udalak biharamunean eraitsi zuen. Hala “Sindikatuen Etxea” hartu zuten, eta, horren ostean, Gurea zinema aretoa zena okupatu. AGAk (Arrasateko Gazte Asanblada) lan itzela egin zuen eta 1989ra bitarteko tartea oso intentsua izan zen konfluentzia, ekintza, eztabaida, elkarlan eta polemikatan. Zinema erraldoiaren paretek denbora gelditu zuten, hain denbora gutxian hainbeste gauza pasa ziren... Han batu ziren hamarkada hartako eferbeszentzia, jakin-mina, ilusioa, askatasuna, esperimentazioa eta gordintasuna. Sorgina Irratia, kontrainformazio agentziak, punta-puntako punk eta hardcore kontzertuak, ehunka hitzaldi, langile borroka, borroka askorekiko atxikimendua eta borrokon zabalkundea, anarkismoa, autonomoak, poliziaren kontrako ekimenak... Baina, zoritxarrez, baita heroina ere, eta –hori baino txarragoa– berorrenganako dependentziak dakartzan gaitz ugari. Gaitz horiek min izugarria egin zioten gaztetxearen jarraikortasunari; eta horri gehitu behar zaio bertako erabiltzaile gehienek inongo alderdi politikorekin lerratzeko agertutako nahi ezak zein kontzertuek eragindako bizilagunen kexek alkatetzan zegoen HBren haserrea eta boikot aktiboa eragin zuela.
Bere ateak itxi egin zituen/zituzten eta halako amets bat –bere alderdi ilun eta argi guztiekin– berriro gauzatzea ezinezkoa bazen ere, 1991n gazte batzuk eraikin huts batera sartu –justu pare-parean– eta han biltzen hasi ziren, besterik gabe. Epe oso laburrean etorri zen eraikina gaztetxe bihurtu eta berau herrira zabaltzeko ideia. Belaunaldi berri bat zen oharkabean lekukoa hartu zuena; haietako gehienak –adin tarte txikiagatik– Gurea zinemako esperientzia ezagutu gabeak ziren, eta gutxi batzuk iraganeko esperientzia horretan “ikusitakotik” une berri horretan kontzientzia hartzen hasitakoak. Hala, beste asanblada bat jarri zen martxan, aurrekoarekiko jarraikortasun zuzenik ez zuena. Asanbladari izena jartzeko lehiaketa bat antolatzea erabaki zen eta, bertan irabazle irtendako izena hartuta, gaur egunera arte jarraitu duen AGAKO (Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua) jaio zen.
Gaztetxe berriak ez zeukan aurreko hamarkadako gordintasun eta borbor bera: gazteria apaldu egin zen apur bat eta adierazpideak moteldu. Arlo sozialari eta politikari garrantzia zertxobait kenduta (ezabatu gabe) ekimen kulturalagoetan sakondu zuen bere ibilbidea, baina betiere zabalik izan zituen bere ateak; esaterako, ezker abertzaleko gazteriari zein ekimen anarkistei, biei, espazioa eta azpiegiturak eskaini zizkien. Han ere milaka pasarte, 80ko hamarkadakoekin alderatuta hain muturrekoak ez zirenak, baina izan bazirenak, eta herriak gaztetxea bere egiteko inurri lana, gorabeheratsua, gaztetxe guztietan bezala. HB ez zen berau ixtera ausartu, ezta EAJ ere, baina luzaroan lokal hori utzi beharraren asmoa izan zen buru gainean. Azkenean, milurteko aldaketarekin, ezker abertzaleak erabilera askotariko eraikin potente bat egin eta bertan gazte asanbladarekin batera gaztetxea izango zena diseinatu zuen. Urtebeteko epearen ostean, herriko hirugarren gaztetxeak ateak zabaldu zituen eta hor jarraitzen du ordudanik.
Izan dira hainbat belaunaldi gaztetxea Udalak “emandakoa” izanagatik herritik kanpo enbarazu hori izan dutenak, okupatutakoa izan ezean izena ez balegokio bezala. Bada, herriko hainbat eta hainbat gazteren hamarkadatako lanak “eman” du gaztetxe hori, lortutako onespena alajaina. Eta, bide batez, bigarren gaztetxean sortutako AGAKOk apirilean 25 urte betetzen baditu, balio dezatela lerro hauek aurretik egon zen AGAren esperientziari behar duen begirunea eskaintzeko. Baten batzuk esperientzia hartako txarrenarekin gelditzen badira ere, oso-oso aberatsa izan zen eta lan ugari egin zuten. Hortaz, gazteok, eguneroko lanak egiten du espazio bat gaztetxe: ekin horri! •
