Ezinezko Maitasunaren Brigadak
Isabel Perezek, Gazan bizi eta lan egiten duen kazetari aragoitarrak, hango kaleetan ikusitako grafiti xelebre baten argazkia argitaratu du bere Facebook kontuan. Arabieraz izkiriatutako pintaketak halaxe dio: “Ezinezko Maitasunaren Brigadak”. Perezek azaldu du bere blogean azken urteotan goraka egin duela, nabarmen gainera, ezinezko maitasuna ezin gauzatuz bere buruaz beste egiten saiatzen diren gazatarren kopuruak. Israelgo Administrazioak ezarritako blokeoaren zeharkako ondorioa omen da gazteen etsipena.
Gazakoa bezalako gizarte kontserbadore batean zaila izaten da, berez, gorteatzeko protokoloa. Ezinbesteko baldintza izaten da esposatzeko asmo zintzoa agertzea eta familia osatzeko adinako ezkonsaria aurkeztea. Indar okupatzaileak Gaza gainean jarritako setioak, baina, biziki kaltetu du bertako ekonomia, eta hain da larria egoera non langabezia tasa %60tik gorakoa izatera iritsi den. Gauzak horrela, familiek ez dute begi onez ikusten oparotasun ekonomikoa bermatuko ez dien ezkontzarik. Gizarte presioari alde egin ezinik, bikoteek sare sozialetan bilatzen dute ezkutuko maitasunaren babeslekua. Teknologia berriek ahalbidetzen dizkiete lehenengo kontaktuak, hasierako konfidentziak, bihotzak elkarri irekitzea. Baina gutxieneko kaudimen ekonomikorik izan ezean hortxe gelditzen da dena; maitasun birtuala haragizkorako jauzia egin ezinik gelditzen da. Amodiozko harreman normalizatuak ezin izateak frustrazioa eragiten du gerra testuinguru horretan beste ihesbiderik ez duten maitalegaiengan.
Okupazioaren garroak bizitzaren arlo guztietara hedatzen dira munduko kontzentrazio esparrurik populatuenean, eguneroko giza harremanak baldintzatzeraino. Kontuz ibil daitezela israeldarrak, maitasuna ere ukatzen zaionak ezer gutxi baitauka galtzeko, eta ez dago zer galdurik ez duena baino etsai beldurgarriagorik. Adi, beraz, Gazan antolatzen hasiak baitira Ezinezko Maitasunaren Brigadak. •

