Donostia, zinismoaren hiriburua
Asko idatzi da Donostia 2016 egitasmoari buruz, asko bai, baino ez dakit nahikoa izan den. Edonola ere, ez nator ni Europako Kultur Hiriburutzaren inguruan gogoeta berri eta erudito bat egitera, baizik eta duela aste pare bat, Hiriburutzaren baitan ospatu zen Stop War festibalak sortu zizkidan sentimenduak plazaratzera.
Bai, badakit Kultur Hiriburutzaren istorio honek guztiak kapitalismoak globalizazioaren baitan inposatzen duen ekonomia politiko eta espazial berrian duela sorrera eta helmuga. Hau da, nazioarte mailako zentro-periferia sistematik eratortzen den lan banaketak Donostia bezalako hiriei gorde dien funtzioan, balio txikia duten ekoizpen prozesuak periferiara deslokalizaten diren bitartean, gu nazioarteko kapitalak, merkantziak eta turistak ehizatzera kondenaturik gaude. Horretarako hainbeste kultura, horretarako hainbeste bizikidetza. Ados. Ados ez, baino izorrai. Bakoitzak euts diezaiola bereari, eta guk sal diezaiegun hiria, sal gaitezen osorik. Eta gero, egin dezagun negar, Bartzelonan egiten duten bezala.
Stop War festibalarena, ordea, ezberdina da. Gerren kontra egin den aldarri instituzional handiena –eta bakarra– bizi izan dugu, denak ala denak batu, eta denok batera “Gerrari ez!” oihu egitera gonbidatu gaituzte, asteazkenetik igandera, goizeko hamarretatik gaueko hamabietara. Ergel nahi gaituzte eta ergelduak gaituzte kakaztuta dugun kontzientzia garbitzeko ere balio ez duen performance erraldoian parte hartuz. Esan diezaiogun ez gerrari, esan diezaiogun ez biolentziari, altxa dezagun Kultura mota guztietako bortxaren aurka, arimarik ere ez duten bizardun horien kontra. Baina ez dezagun ahaztu 2016 egitasmoaren atzean den Europako Batzordea bera dela duela bost urte El Assaden kontrako gerra sustatu zuenetako bat. Edo kontzertuak entzuten ari ginen une berean Europako mugak itxita zeuzkatela eta, geure historiari barre eginez, milaka errefuxiatu deportatzeko plana aurkeztu eta gauzatzen hasiak zirela. Begian pixa egiten digute eta euria ari duela diogu. •


