Mikel Zubimendi

Kanta dezagun denok: «Parole, parole, parole...»

Hitz batzuek oso ederrak dirudite, aitzakiarik gabekoak, erraz jan eta aise digeritzekoak. Baina erabiltzean, niretzat, enpalagatu ez ezik, beren kontrako esanahia har dezakete. «N'importe quoi» esateko komenientziazko erretolikan. Mina Mazzini eta Alberto Lupok hain sarkor kantatzen zuten “Parole parole” abesti ezagunean bezala. Hala bada, hitz batzuk ekarriko ditut lerrootara, han-hemenka pilatuta ditudan Post-it eta oharretatik jasotakoak. Joan den astean, maisuki, Iñaki Sotok orriotan inertziak hausteko irrintziarekin batera aipatu zituen ziklo bateko aje kultural horien arrastoan.

Kezkatuta naukate kontu batzuek, besteek esperantzatuta, baina kontraesanen lokatzetan zikintzen ez den garbizaletasun baten mesedetan erabiltzen den hizkera politiko batek nire onetik ateratzen nau. Marra gorriez lepo nago, marra hemen, marra han; marra nonahi, politika bera funtsik gabe uzteraino. Gehi diezaiogun horri hitz potoloen inflazioa eta demontrea mahai gainean zerbitzatuta dugu. “Duintasuna”, “koherentzia” eta gisako hitzen abar luzea dabil. Jakina badutela zentzua, nola ez, baina ez da ahaztu behar ez dagoela pertsona bakar bat bera ere osoki tapatuta estalki horien pean. Batek hanka kanpoan, besteak besoa eta denok erabat estaltzeke. Norberak eskala eta zentzu partikular bat ematen die eta norberarena denon eskala bihurtzeko nahia politikoki estropezu ziurra da. Gainera, gainbaloratuta daude, batez ere (besteen) askatasuna gutxiesteko erabiltzen direnean.

Zentzu horretan, “Purutasunaren Urrezko Baloiaren” irabazle asko dabil gurean. Nor baino nor koherenteago, duinago... ezkerrak betikoa duen infantilismoaren sukarrak jota. Lau eslogan edo hitz potolorekin errealitate gustagarri bat pintatu eta bertan gozo, arrakalarik gabe, hankak lokatzez garbi. Errealitatea, baina, bere zikintasun osoan onartu behar da, aurre egin behar zaio, eta, irauli ahal izateko, argudio propioen purutasunak ez du arrakastarik bermatzen. Alpisteaz ere hitz egin nahi dut, txiki-munduen lobby lanaren aurrean, kontzesio ideologikoen forman askotan, denei alpistea emateko dagoen joera etxekalteaz. Oso zuzen eta zorrotzak izan behar dugu, alpistearen alpisteaz txiki-mundu oro kontentatzeko kontzesio ideologikoetan galtzeke. Hartara, eskola zaharreko irakaspenak gogoan, kontraesan printzipal eta sekundarioak zeintzuk diren argi eta garbi, sektorialak diren kontu orotatik printzipioak ez egitea lehentasuntzat hartu behar da. Kontrakultural eta bazterreko izateko ez ginelako jaio, funtsezko funtsean kontzentratu behar da. Jaso dugun herentziatik abiatuta, hura errentabilizatuz. Sortu birsortuz, egiturak berreginez, gehiengoarentzako akordioak landuz, indar erlazio berriak behartuz, maniobrarako espazioak sortuz, zentzuz jokatuz.

“Memoria” eta “aldaketa” hitzekin ere bi hitz. Ulertzen dut inposatu nahi duten aldebakarreko kontakizunaren aurrean memoria osoa aldarrikatzea, egia guztia. Baina memoria txarra ere ez ote da beharrezkoa? Bizitzan pilatu ditugun min, kolpe eta azpijoko guztien inbentarioa egitea eta den-dena tripetara sartu eta bihotzaren geruzetan betikotzea ez dakit ba, ez dakit hori ote den bidea. “Ihes-hodiak” ere behar ditu herri batek, ebakuazioa eta aireztatzea ezinbesteko ditu bizitza bera oxigenatzeko. Eta, pertsonak bezala Euskal Herria ere zoriontsua biziko bada, bi osagai ezinbesteko izango ditu: osasun ona eta memoria txarra. Aldaketa, bai. Baina ahazteke aldaketa nahia eta aldatu nahi izatea ez direla gauza bera.

Azkenik, gure antolatze kulturan boterearen distribuzio dezente zentralizatua eta aginte egitura bertikal batetik gatoz. Gure borrokan diziplina (ez da obedientzia, kasu) eta leialtasuna eztabaida edo barne demokrazia baino gehiago baloratu dira. Egin dugun bidea eta jorratu diren moldeak aztertuta, oso normala denez gero. Orain horizontaltasuna, parte hartzeari otoitza, asanblearismoa moda-modako ditugu. Bale, d'accord. Ez dadila izan, baina, guri bidea ireki zigutenekiko errespetu, diziplina eta leialtasunaren sakrifizioaren kaltetan. •