Konbentzitu ala inposatu? Interpelatu!
Sarritan galdetzen diot nire buruari zer den eraginkorrena jendearen atxikimendua erakartzeko, konbentzitzea ala inposatzea. Zer da efektiboagoa, jendeari apal eta argumentuz jantzita azaltzea zergatik den hobea eskaintzen diozuna (demagun erabakitzeko eskubidea dela, independentzia dela, generoen arteko berdintasuna edo justizia soziala), ala zakar eta indarrez ideia igualitarioak inposatzea, finean onuragarriak direlako mundu guztiarentzat.
Jokabide bat eta aurkakoa defendatzeko badago argumentu nahikorik, badaude pasarte historikoak eta badaude eskarmentu pertsonalak.
Adibide bat jartzearren, hondakinen arloan onuragarriena zer den jakinda, eta ikuspuntu ekologiko batetik gomendagarriena lege bihurturik, pertsona batzuek proposatu (eta inposatu) zuten zaborra biltzeko sistema bat, eta seguru nago borondate hoberena zutela eta sistema hori argumentuz sobera abalatuta zegoela. Kontua da politikoki ez zela izan eraginkorra, hautestontziek gehiengo politikoak aldatu zituztelako. Segidan zaborren gaineko politika ere aldatu zen, aurreko egoera ia berberera itzulita. Eta hori guztia zergatik, aitzineko sistema hobea zelako? Ez, sistema berria, hobea izanik ere, inposatua izan zelako.
Alderantzizko adibideak ere aurki daitezke. Nahiz eta hasiera batean populazioaren gehiengoak eskatu ez, eta legez inposatuta egon, gerora onuragarritzat hartu da espazio publiko itxietan tabakorik ezin erretzea. Gaur egun zorotzat hartzen dugu, besterik gabe, orain 40 urte egiten genuena: autobusean erretzen genuen, ikasgelan, bileretan, parlamentuan eta medikuaren kontsultan ere bai. Neurria ez zen hartu kontsentsuz, baizik eta dekretuz, baina gerora txalotu da onuragarria delako kolektibo osoarentzat.
Beraz, nola jokatu, jakin dakizunean proposatzen den neurria (politika, osasuna edo kultura arlokoa) onuragarria dela populazio osoarentzat, edozein dela ere bere ideologia? Konbentzitu ala inposatu? Bien arteko oreka lortzea da erantzuna. Neurri batzuk ezarri beharrekoak dira, bai ala bai, baina betiere ondo argumentatuz zergatik diren onak denontzat. Are eta gehiago: neurriak inposatu baditugu ere, jendeak bere egin behar ditu eta pentsatu berari otu zaizkiola.
Maquiavelo? Ez, interbentzio politikoa eremu demokratikoan; norberaren proiektu politikoa aurrera eraman nahi izatea baina norbanakoaren borondatea kontuan hartuta.
Abiapuntua da, jakina, neurriak onak direla denontzat, nahiz eta nolabait inposatutakoak izan. Erabakitzeko eskubidea ere ona da denontzat, baina ona izatea ez da nahikoa. Norbanakoari ikusarazi behar zaio onuragarritasuna eta “sentitu” behar du berari ere “komeni zaiola”, objetiboki. Jendeak atzeman behar du baduela esaterik erabaki horretan.
Alde horretatik, nekez ulertzen da alderdi batzuen jokabidea erabakitzeko eskubidearen inguruan. Politikari batek, ofizioz, ezin izango lieke inoiz ukatu herritarrei erabakiak hartzeko eskubidea, hori bailitzateke ukatzea, bide batez, politikariak hautatzeko herritarrek duten ahalmena. Beste modu batera esanda, hiritarrek ez balute eskubiderik erabakiak hartzeko, ezin izango lituzkete hautatu bere ordezkari politikoak.
Hasierara bueltatuta. Zer da eraginkorrena? Konbentzitzea ala inposatzea? Nire ustez eraginkorrena interpelatzea da. Hau da, aurrez aurre jarri, argumentuz, zure proposamenaren onurak, eta herritarra xaxatu berak ere posizio bat har dezan horren aurrean. «Hauxe da batzuek diotena; horixe da besteek diotena; eta zuk, zer?», eta nork bere erantzuna eman dezala. Une honetan usatzen ari gara, de facto, erabakitzeko eskubidea, bakoitzak bere erantzuna ematen duen unetik aurrera. •

