Aimar Etxeberria Korta
GIPUZKOA ENCOUNTER

Konexio-abiadura hamar aldiz azkarragoa, topaketen hamargarren urteurrenean

Gipuzkoa Encounter topaketaren hamargarren edizioa egingo da datorren asteburuan Tolosako Usabal kiroldegian. 600 bisitari espero dituzte bertan, baina aurten lehen aldiz antolatu duten Open Guneak bisitari kopurua gehituko duela uste dute antolatzaileek. Hamargarren edizio honetan bi marka hautsi dituzte.

Idoia ZABALETA | ARGAZKI PRESS
Idoia ZABALETA | ARGAZKI PRESS

Informatikaren edo (eta) teknologia berrien zaleen topaketak. Hala definitu daitezke encounter egitasmoak; horien artean dago datorren ostiralean hasi eta igandean amaituko den Gipuzkoa Encounter egitasmoa ere. Bertan bilduko dira informatikan edo (eta) teknologia berriekin diharduten afizionatu eta profesionalak, batzen dituen zaletasun horren inguruko kezka eta iritziak partekatu asmoz. Ekimenaren hamargarren urteurrenean, bi datu nabarmentzeko: bere historiako konexio-abiadura handiena izango du Gipuzkoa Encounterrek –segundoko hamar gigabiteko abiadura– eta ordenagailu-jarlekuen erreserba inoiz baino azkarragoa izan da –parte-hartzaileek 34 segundo eskasetan hartu dituzte eserleku guztiak–.

Gipuzkoa Encounterrek bere hamargarren urteurrena izango badu ere, gisa honetako ekimenek 24 urteko antzinatasuna dute dagoeneko gurean. Ordukoa da lehenengo Euskal Encounterra, Urretxun burutu zena; gaur egun, aldiz, Barakaldoko BECen egiten da. Aipatu ekimenari erreparatuta, aipatu bere azken edizioan 4.000 pertsona baino gehiago bildu zirela.

Baina herrialde mailako topaketak baditu bere berezitasunak. Sabino San Vicente Gipuzkoa Encounterreko arduradun nagusiak adierazi dio GAUR8ri orain hamar urte ohartu zirela Euskal Encounterra jendez lepo betetzen zela, bere alde on eta txarrekin: «Hain jendetsua suertatzen zen Euskal Encounterra ezin genuela ekimena gauza berriak probatzeko erabili. Lan zaila da 4.000 ordenagailu pasatxo kudeatzea, eta guztiek ongi erantzutea denbora jakin baten barruan. Horregatik, pentsatu genuen herrialde mailako ekimen bat egokia izan zitekeela gauza berriak probatzeko, bai teknikoki bai edukiei dagokienez ere».

Bi ekimenen artean nabarmendu duen beste ezberdintasun bat gertutasunarena da. «Euskal Encounterra inpertsonala da, milaka pertsona elkartzen direlako bertan. Gipuzkoa Encounterrak, nolabait, heltzen dio erronka horri: txikiagoa da eta bestelako harreman mota batzuk bultzatzen ditu. Horrek beste grazia bat ematen dio ekimenari», nabarmendu du San Vicentek.

Baina izan zuten zorte apur bat ere ekimena abiatzeko orduan. Jokin Bildarratz zen garai haietan Tolosako alkatea eta, San Vicentek azaltzen duenez, bera izan zen Euskal Encounterreko antolatzaileekin harremanetan jarri zena antzeko zerbait Tolosan egite aldera. Emaitza: Gipuzkoa Encounter. Batzuk herrialde mailako topaketak egitea buruan eta bestea antzeko ekimen bat bere herrira eramateko nahiarekin, horrela abiatu zen gaur hamar urte egiten dituen ekimena.

Markak hausten

Ekimenaren hamargarren urteurrenak erakusten du osasunez betea dagoela informatika zaleen topaketa. Batetik, konexio-abiadura marka berri bat ezarriko dute aurtengo edizioan: segundoko hamar gigabeteko konexio-abiadura izango dute, lehenengo urtearekin alderatuta hamar aldiz handiagoa dena. Bestetik, sarreren erreserba-denbora inoizko laburrena izan da: 34 segundo eskasekoa. «Ezinezkoa zirudien arren, parte hartzaileek lortu dute iazko 41 segundoko marka gainditzea. Sarrerak urtetik urtera azkarrago saltzen dira; 2011n, adibidez, 400 eserlekuak betetzeko hiru ordu behar izan ziren. Nabarmen egin du behera denbora muga horrek orduz geroztik», azaldu du topaketen arduradun nagusiak.

Ongi du gogoan San Vicentek topaketetan gigabete bakarreko konexio-abiadura zuten garaia, baina dio aldaketa teknologikoa askoz handiagoa izan zela Euskal Encounterraren lehen ediziotik Gipuzkoa Encounterren lehen ediziora azken honen inauguraziotik gaur arterainokoa baino. «Egia da azken urteotan eman den garapen teknologikoa oso handia izan dela, baina batik bat ezin dira konparatu azken hamar urte hauek lehen Euskal Encounterra egin zen garaiekin. Azken hamar urteotako aldaketa handiena, agian, smartphone mugikorrekin eman da», azaldu du.

Azaldu dugu sarreren salmenta abiadura inoizko azkarrena izan dela, baina parte hartzaileak ez dira iazko urtean baino gehiago izango, Euskal Encounterrak bezala, Gipuzkoa Encounterrek ere goia jo baitu. 400 parte hartzaile espero dituzte party deitzen dioten horretan. San Vicentek argitu duenez, hori bai, ekimenean parte hartuko dutenen artean %35-40ko berritze tasa izan ohi dute, hau da, urtero bertaratzen direnen artean %35-40 artean jende berria da, «batez ere gazteak». Nonbait, baina, euren interesak ez dira asko aldatu azken urteotan; «bai, ordea, garatu. Ez da gauza bera –jarraitu du– hardwarearekin interesatuta egotea gaur edo duela hamar urte».

Ez da, baina, hardwarearena garapena izan duen eremu bakarra. Topaketen arduradun nagusiak bideo jokoen munduan izan den garapena ere azpimarratu du: «Lehen, adibidez, ez zeuden bideo jokoak egiteko gaur egun existitzen diren motorrak. Egun errazagoa da ideia bat errealitatean garatzea». Musikarekin, soinuarekin dabiltzanen artean ere gauza bera jazo dela gaineratu du: «Oro har gertatzen dena da lehen erabiltzen ziren tresna eta baliabideak oso garapen handia izan dutela».

Topaketak, berrikuntzekin

Edizio bakoitzaren aitzinean topaketetan landuko dituzten arloak zehazten dituzte antolatzaileek. San Vicentek azaldu digunez, baina, alor berak ari dira izaten azken urteotan, eta horien araberako hitzaldi, lehiaketa eta abarrak antolatzen dituzte. Modu horretan, parte hartzaile bakoitzak nahi duen ekimenean parte hartzeko libertate guztia dauka. Aurten, esaterako, arte digital, programazio, bideo joko, software libre eta hardware arloetako lehiaketak daude, baita teknologia berriekin lotutako hitzaldi eta tailerrak ere. Baina bada berritasunik ere.

Open Gunea bezala bataiatu duten ekimena egingo dute lehenengo aldiz Gipuzkoa Encounterrean, nahiz eta Euskal Encounterrean baduten esperientziaren berririk. Ekimen horren bidez party-an parte hartu ezinik geratu diren horiek beren aukera izango dute topaketetan parte aktibo izateko. Ez da izena eman beharrik izango, eta bertaratzen direnek hitzaldiez eta tailerrez gozatzeko aukera izango dute. Era berean, umeei –eta ez hain ume direnei– begira kontsolak jarriko dituzte.

Party-ak ostiralean 10.00etan irekiko ditu Tolosako Usabal kiroldegiko bere ateak, eta ez ditu igande arratsaldera bitartean itxiko; 24 orduz ordenagailu aurrean egoteko aukera izango dute, beraz, parte hartzaileek. Nekea antzematean, baina, badute non erretiratu: kiroldegitik hiru minutura dagoen Laskorain ikastolan gaua igarotzeko aukera izango dute hala nahi duten guztiek. Azken edizio honetara arte kiroldegian bertan hartzen zuten ostatu parte hartzaileek, baina txiki geratu zaie. Open Gunea, baina, bere espazio eta ordutegi propioekin arituko da.

Guztira 25-30 boluntario ibiliko dira topaketen garapen egokiari so, espero dituzten 400 parte hartzaileen mesedetan. Baina San Vicentek bestelako pronostiko bat egiten du: iazko datuetan oinarrituta dio gutxienez 600 pertsona bertaratuko direla Tolosara datorren asteburuan –askok ordenagailua partekatzen dute– eta, Open Gunearen eragina dela-eta, 1.000 pertsonara iristeko apustua egiten du.