Oihane Larretxea de la Granja
Elkarrizketa

«Motxila bikoitza dugu emakume eta ijito izateagatik, baina ausartak gara»

Beren elkarteen aterkipean, emakume ijitoen alde lan egitea da Sylvana Jimenez eta Isabel Jimenezen zeregina. Lehenengoa bereziki Zumarraga, Pasaia eta Ordiziako emakumeekin aritzen da, astean birritan topaketak eginez, eta sarea zabaltzen doa. Isabel Jimenez, berriz, Agifugi elkartera heldu da orain dela gutxi Emakumearen Sailaren ardura hartzeko.

Ezker-eskuin, Isabel Jimenez eta Sylvana Jimenez, Donostian. (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)
Ezker-eskuin, Isabel Jimenez eta Sylvana Jimenez, Donostian. (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)

Konfiantzazko gune bat eskaintzea da bien helburua, haiek entzun, bizipenak elkarbanatu eta bide luzean aurrera egiteko ekimenak prestatu. Bata zein bestea emakume ijitoa egiten ari den ibilbide berriaren adibide dira. Ikasketak uztea egunerokoa den herri batean, Isabel, Donostiako Amara Zaharra auzoan jaioa, gizarte hezitzailea eta terapeuta da. Baionan du sorterria baina Hernanin bizi da Sylvana. Garai batean utzi zuen ikasketen trena hartu du berriro eta aurten lortuko du Gizarte Integratzailearen titulua.

Zeintzuk dira emakume ijitoaren arloan bete behar diren hutsuneak? Non eragin behar da?
Isabel Jimenez: Bat aipatzearren, eta nire ustez abiapuntua dena, hezkuntza. Emakume ijitoen artean analfabetismo handia dago, irakurri edo idazteko justu moldatzen direnak. Aldaketa une batean gaude, bai, baina kezka badago. 30 urteko emakume asko ezagutzen ditut zailtasunak dituztenak, iristen zaizkien eskutitzak ulertzeko gaitasunik ez dutenak.

Eskolaratzea, hala ere, %100ekoa da gaur egun. Urratsak emango ziren…
Sylvana Jimenez: Ez nahikoak.
I.J.: Zoragarria litzateke orain egoeraren argazki perfektua egitea, baina ez litzateke egia izango. Eskolak, bere borondate onenarekin, pausuak eman ditu interkulturalitateari dagokionez, baina ahaleginak ez dira nahikoa izan. Adibidez, egun seinalatu batean ijito herriaren bandera jartzea ondo dago, baina horrekin soilik ez dira gauzak lortuko, urte osoko lana da egin behar dena. Kontzientzia akaso badago, baina ez da liburuetako edukietara iristen. Ez dugu sentitzen eskola geurea denik. Gure kultura, gure historia eskola curriculumera eramatea hasiera bat litzateke gu ere bertako parte gara-eta.

Beraz, bai eskolek baita erakundeek erronka bat dute parez pare.
S.J.: Gakoa hor dago. Erakundeek aldaketa aktibatu behar dute. Ahal dugun neurrian egiten ari gara gu, norbanako nahiz talde bezala, baina haien laguntzarik gabe ezin dugu gehiago egin eskumen batzuk haienak direlako. Baliabideak, tresnak, haiek dituzte. Alboan behar ditugu.

Sistemaren hutsuneak bete al ditzakete elkarteek? Ba al dute horretarako gaitasunik?
I.J.: Gu laguntzeko eta babesteko gaude; bereziki zerbitzu eta informazio falta dagoela esango nuke. Hori da egunerokoan emakumeek gehien jasaten dutena, zalantzarik gabe. Ikastolara lagun ditzakegu adibidez haiei egokitutako bilera bat eskatzeko, edo etxera heldu zaien oharra ulertu ez dutela-eta, azaltzeko eskatzeko… Kasu gehienetan ama gazteak izan arren askok ez dute ulermen gaitasun handirik eta arazoak sortzen dira eskolan, umeekin. Badaude behar edo egoera horietara moldatzen ari diren eskolak, ahaleginak egiten dituztenak, eta badira saiatzen ez direnak ere.

Emakumea eta ijitoa izateagatik, jasaten al da bazterketa bikoitza?
S.J.: Ezbairik gabe, eta egunero gainera.
I.J.: Izatez oso ausartak gara, baina gaur egun egoera zaila, oso zaila da guretzat, esaterako, lan munduan. Curriculum onena izateak ere ez du esan nahi lanpostu zehatz hori guretzat izango denik. Eta nik neuk egoera asko jasan ditut, aurreiritziak entzun ditut, egoera gogorrak igaro ditut… ekintzen bidez isilarazi behar ditugu halakoak. Motxila bikoitza dugu bizkarrean. Izen txarra duten ijitoak badaude, bai, ez digute inongo onurarik egin, lapurtu dutenak… baina gu euskal herritarrak gara, hemen jaio gara, hemengoak gara, eta, hala ere, distantzia dago ijito eta ijito ez direnen artean.

Emakume ijitoak ausartak zaretela aipatu duzue. Zergatik?
I.S.: Hala izaten erakusten zaigu, jaiotzen garenetik bertatik. Geure burua defendatzen ikasi behar dugu, etxea kudeatzen baita ere, geureak babesten, anai-arrebak, lehengusuak, familia hitz batean; ikasketak hasi eta burutu… Nik 11 urte ditudanetik egiten dut hori guztia aldi berean.

Romi Bidean elkartea sortu zenean, 2008an, hormak behera botatzeko asmoa zuela iragarri zuen. Urteak igaro dira geroztik. Mugitu al dira?
S.J.: Barrerak existitzen dira, baina bi aldeek eraikitakoak dira, ijitoak direnen eta ez direnen artean. Uste dut oinarrian ezjakintasuna dagoela gure kulturaren inguruan, baita emakume ijitoen inguruan ere. Aurreiritziek emakumea bere burua babestera eramaten dute, bere burua gorde egiten du, ateak itxiz bezala.

Informazioa izan al daiteke horren aurkako errezetetako bat?
S.J.: Hitzaldien bidez edo eskoletara egiten ditugun bisiten bidez saiatzen gara desmitifikazio lana egiten, asko sentsibilizatzen, azaltzen, argitzen… Lan hori garrantzitsua da, umeei begira batez ere. Edozein ikasgelan ijito izateak konnotazio txarra du, ume hori baztertuta sentituko da guri buruzko iritzia negatiboa delako.

Badago daturik pentsarazten dizuena integrazioaren norabidean fruituak badaudela?
I.J.: “Integrazioa” hitza ez dut gustuko. Oso modan dago, baina, integratu? Ni integratuta nago. Nik nire zergak ordaintzen ditut, baita nire hipoteka ere. Eta zentzu berean ez dut sentitzen gugana datozen ijito emakumeak integratu behar ditugunik, beste gauza bat da gizartearen gehiengo batek baztertu egiten dituela. Lana biona da, ijitoena eta ijito ez direnena.

Zein mezu helaraziko zeniekete emakume gazteei?
I.J.: Ez dezatela beldurrik izan ijito ez direnen ohiturak bereganatzen, inoiz ez diotelako ijito izateari utziko. Eta ikas dezatela, ikasi eta ikasi, bestela gure herriak ez du aurrera egingo-eta.
S.J.: Erabat ados. Belaunaldien arteko aldaketa nahi badugu formazioaren bidetik etorriko da. Borroka dezatela beren aukerengatik, beren etorkizunagatik eta bidean ez dezatela amore eman, hala iritsiko dira erreferente izatera.