Saud Abu Ramadan (Efe)
Palestina

Salwa Sorour, Gazan eskola-autobus bat gidatzen duen lehenengo emakumea

Gazako zerrendako gizarte kontserbadorean emakume batzuek eskema matxistak apurtzea lortzen dute ustez gizonezkoentzat soilik diren lanak eginez. Salwa Sorourrek orain lau urte erosi zuen bere ibilgailua ume txikiak haurtzaindegira eraman ahal izateko. Harro dago egin duenaz eta bidaiari txikiek ikaragarri maite dute.

Salwa Sorour, bere ibilgailuan.
Salwa Sorour, bere ibilgailuan.

Emakume langileak ate asko itxita izaten ditu gizarte kontserbadoreetan. Lan asko, eta gizonek baino hobeto gainera, egin behar izaten dute zirrikituren bat zabaldu ahal izateko. Horixe egin du azken urteotan Salwa Sorour eskola-autobus bat gidatzen duen emakumeak –lanbide hori hartzen duen lehenengoa Gazan–, zerrendan nagusi diren eskema kontserbadoreak atzean utzi eta gero. Gazako lehenengoa, eta bakarra oraingoz.

Azal iluneko gazatarrak 45 urte ditu. Goizero jartzen du abian bere ibilgailua ume txikiak beren etxeetan hartu eta haurtzaindegira eramateko.

Jakina, Gazako herritar askok ez dute ondo ikusten du Sorourrek egiten duena, beraien ikuspegi eta eskemak hankaz gora botatzen baititu gidariak.

Gogoan izan behar da Gazako zerrenda Israelgo Armadaren jomugan dagoela beti. Azken aldi honetan, gainera, Egiptok ere lagundu egiten die okupatzaile israeldarrei, eta, muga ixteaz gain, gazatarrek eraikitzen dituzten tunelak (israeldarren jazarpena saihestu nahian), suntsitu egiten dituzte Abdelfatah Al-Sissi presidentearen indarrek. Hamas indar islamista da nagusi Gazan, azken hauteskundeak erraz irabazi eta gero.

«Beste herrialde batean emakume bat autobus gidari izatea normala izaten da, baina Gazan gauza bera lortzea oso zaila da. Herritar gehienak itxiak dira, XIX. mendeko pentsamoldea dute, ez baitira hemendik inoiz atera», adierazi dio Efe berri agentziari Sorourrek. Bera oso harro dago egin duenaz: «Nik egiten dudana ez doa erlijioaren aurka, ez ditu bortxatzen ez gure ohitura santuak ez ohorea».

Gaia tabu da Gazako gizartean eta ezin da eztabaidatu ere egin. Berak estereotipo hori hautsi egin du, bere buruan duen konfiantzari esker batez ere. Baita bere egoskorkeriari esker ere, helburu bat buruan sartzen zaionean ez baitaki atzera egiten. «Nik ez dut uste gizonezkoek bakarrik egin dezaketen lanik dagoenik, emakumezkoak lan hori egiteko benetako borondatea eta gogoa baditu», laburbildu du bere filosofia.

Gazako brokerra

Etxetresna elektrikoak konpontzen ere aritu zen Salwa Sorour bere garaian, eta broker edo finantza-agente ere izan zen orain urte batzuk.

PCBS Palestinako Estatistika Bulego Zentralak martxoan argitaratutako txostenean adierazten denez, ahalegin fisikoa exijitzen duten lanpostuetan Gazan lan egiten duten emakumeen bostena inguru baino ez dira ari. Ezaugarri horietako lana egiten dute emakume langileen %19,1ek, eta proportzioa erabat aldatzen da gizonen kasuan: %71,9 dira betidanik gizonezkoen lantzat hartutako lan horiek egiten dituztenak.

Jakina, herritar askok zure jarrera ulertzen eta onartzen ez badute, horien presioa eta kritikak jasan beharko dituzu. Salwa Sorourrek badaki hori: «Egun batean auto zirkulazioa zaintzen duen polizia batek nire autobusa geldiarazi egin zuen eta nirekin hasi zen hizketan, ni gizonezkoa izango banintz bezala. Aurpegira begiratu ninduenean harrituta geratu zen eta pixka batean isil-isilik geratu zen. Ondoren hasi zitzaidan esaten oso zaila dela emakume batentzat autobus gidari izatea».

Egun guztia herritarren eskemak apurtzen pasatzen du Sorourrek. Gasolindegi batera gasolina hartzera joaten denean, adibidez, bertako langileak erabat harrituta geratzen dira Salwa Sorour ezagutzen duten arte. «Autobusa gidatzen ari dena emakume bat dela konturatzean, erregaia hartzeko lehentasuna niri ematen didate».

Edonola ere, emakume bat autobusa gidatzen ikusteak eragiten dituen aldeko zein kontrako jarrera eta adierazpen horiei berak ez die jaramonik egiten. Adierazten du bera ez dela kikiltzen horregatik, egiten duenaz erabateko konfiantza duelako, eta, batez ere, bere motibazio nagusia umeak direlako, egunero eskolara eramaten dituen haur horiek. «Orain dozenaka neska eta mutilen ama naiz, nik seme-alabak bezala tratatzen ditut eta beraiek maite naute, ama deitzen didate», esan du era sutsuan.

Oso garbi dauka bere lanari esker umeekin duen harreman hori ez lukeela lortuko beste edozein lanpostutan.

Pazientzia eta maitasuna

«Autobusean goazenean Sorour amak istorio oso politak kontatzen dizkigu», adierazi digu Nour 5 urteko neskak, autobusetik jaisten ari dela. Eskolara eramateaz gain, Salwa Sorourrek haurtzaindegian lagundu egiten die txikiei, gizonezkoek inoiz egiten ez dutena. Berak segurtasuna, pazientzia eta maitasuna eskaintzen dizkie haurrei.

Baina tarteka arazoak sortzen dira eta une horietan oso garrantzitsua izaten da motibazioa, une batez ilunduta geratu dela badirudi ere. «Zailena izaten da autobusak matxura mekanikoak izaten dituenean», onartzen du erresilientziaz, gizakiok kolpeak jasateko dugun erresistentziaz.

Non dago Salwa Sorourren sekretua? Zergatik berak ez ditu onartu bere inguruko ia neska guztiek onartu dituzten mugak? Bere haurtzaroan dago esplikazioa, bera hazi zen familian. Gurasoek zein anai-arrebek bi sexuak modu berean tratatzen dituzte, bereizketarik egin gabe.

Saeda ahizpak, esaterako, Salwaren kasua nabarmentzen du: «Sexu berdintasuna lortzeko beharrezkoa den borroka feministarentzat eredugarria da», dio autobus gidariak lan egiten duen haurtzaindegiko jabeak. «Emakumeok gai gara edozein lan egiteko eta borroka egin behar dugu gizarte matxista batek lanpostuak gizonaren eremuan bakarrik koka ez ditzan», erantsi du Saedak.

 

«Etorri Gazara gu ezagutzera, ezin dugu irten-eta»

Samar Abu Elouf argazkilariak makina bat emakumeren argazkiak bildu ditu Gazako herritarren egoera munduari azaldu nahian. Faten Abu Serdana 30 urteko ingeniari informatikoak oso ondo laburbildu du beraien egoera: «Gazan emakume izateak esan nahi du gauza asko egiterik ez dudala izango. Bidaiak egitea asko gustatzen zait, baina beste lekuak ezagutzeko aukerarik gabe geratzen gara, gure herriari ezarritako blokeoaren eraginez. Gurutze Gorriarentzat lan egiteari esker, Gazatik irteteko lehen aukera izan nuen, ikastaro batera joan ahal izateko. Munduko emakumeei esango nieke Gazakoak sormen handikoak garela, ondo hezitakoak, ez itxiak. Hori bai, gu ezagutzeko hona etorri beharko duzue».

Heba El Hayekek 21 urte ditu eta ingelesa ikasten du. Berak sortu zuen Gaza osoko lehen eztabaida kluba: «Gazan emakume izatea zaila eta ederra da aldi berean. Zaila egunero erakutsi behar duzulako zenbat balio duzun, eta ederra erronkaz betetako giroan egotea asko gustatzen zaidalako, nahiz eta batzuetan erabat nekagarria den».

Samar Abu Elouf argazkilariak 31 urte eta lau seme-alaba ditu: 13 urte zaharrenak eta 2 besterik ez txikiak. Ezkondu ondoren berriz ikasten hastea erabaki zuen eta gaur egun Gazan gertatzen diren kontuen berri ematen saiatzen da. Bere burua argazkilaritzan ikusten du gaur egun. Ez du baztertzen oso ezagun egitea.