Juantxo Egaña

XX. mende hasierako Gasteiz, Yanguasen argazkietan jasoa

Goiko argazkia 1927. urtean egina da eta Gasteizko kaleak asfaltatu zituzteneko momentu bat jasotzen du. Ceferino Yanguas da argazkiaren egilea, Nafarroako Fitero herrian jaioa 1889. urtean. Oso gazte joan zen Gasteiza bizitzera, eta, hasiera batean farmaziako aprendiz moduan aritu bazen ere, 1920. urtean hasi zen argazkilari profesional gisa; “La Libertad”, “El Heraldo Alavés” eta ”El Pensamiento Alavés” egunkariekin kolaboratuz, besteren artean. Bere irudiak dokumentalak dira, XX. mendeko lehen parteko Gasteizko bizitza jasotzen baitute; estudioko erretratuak, ospakizunak, manifestazioak, ekitaldiak eta hiriaren aldaketa urbanistikoak gordetzen dituzte Yanguasen argazkiek. Gainera, 36ko gerran tropa frankistek Tolosan, Andoainen eta Somosierran barna aurrera nola egin zuten jaso zuen argazkitan Yanguasek. 1949. urtera arte jardun zuen argazkilaritzan. 1970. urtean zendu zen.