Maider Iantzi Goienetxe

Berriz, berriz...

Berriz, berriz, dio umeak, kantatu abestia berriz. Berriz altxatu zara ohatzetik, ezkerraldetik, eskuinaldetik edo aitzinetik. Berriz jantzi dituzu galtzerdiak eta zapatilak. Egun batean, zergatik jakin gabe, buruak erreferentziatzat hartu zuen puntua ere, lanera sartzean, portalean –erranez «oporretatik bueltan hemen izanen naiz»– hor dago berriz. Heldu den urtean, eta hurrengoan eta hurrengoan...

Egunero ez, baina tarteka oroitzen zara behinola erreferentziatzat hartu zenuenaz eta momentu batez begira gelditzen zara. Ez du zentzu handirik, ez dakizu zehazki ze puntu den ere, hor dago nonbait, igogailuaren ertzean, baina balio dizu ez zorionez lanean segitzen duzula frogatzeko bakarrik, baita denborak eta zikloak irudikatzeko ere.

Berriz, berriz, kontatu ipuina berriz. Munduan dena errepikatzen da eta, halere, deus ez da berdin. Goiza, arratsaldea eta gaua. Elenari (Karmele Jaioren “Musika airean” nobelako protagonista) hodei zuri geldiak, kafesnea eta argia gustatzen zaizkio, eta isiltasuna ere bai. Baina egunekoa, ez gauekoa. Berarentzat, egunak denonak dira, eta, gauak, aldiz, norberarenak. Norberak egin behar die aurre. Berak lehenbailehen lokartu nahi izaten du, maindireak harrizkoak bihurtzen zaizkiolako ilunpetan eta oroimenaren zama guzia gainera erortzen sentitzen duelako.

Eguna haur jaioberria da, bere inozentzia eta deskubritzeko gogo guztiarekin. Arratsaldeak oroitzapenen pisua darama eta gauak jada ez du barkamenik. Hala deskribatzen du Elena adineko emakumeak zikloa, salako leihotik munduari so egiten dituen gogoetetan.

Errepikatzen diren errepikaezinak. Berdinak diruditen desberdinak. Berriz, berriz... Uste dut hori izan daitekeela bizitzak bere bidean uzten duen musika. Elenak dioen bezala, soka kanta baten denboran pasatzen da. Hortaz, ahal dugun guztia gozatzea dagokigu. •