Aimar Etxeberria Korta

MENDIAREN HISTORIAREN ZATI BAT, IRUDITAN

Euskal herritarrek duela urte askotatik dute lotura estua mendiarekin. Horrek, nolabait, eragin du urteen poderioz hainbat material sortzea, izan argazki, dokumentu edo kirol material. Hori horrela, eta ondare hori guztia desagertzeko arriskuan dagoela jabetuta, EMMOA Fundazioak euskal mendizaletasunaren historiarekin zerikusia duen ondare material oro bildu, kontserbatu, zaindu, dibulgatu eta erakusteko konpromisoa hartu du. Horretan bidelagun izango du Aranzadi Zientzia Elkartea.

Donazioen figuran oinarrituko da osatu asmo duten museoa, eta honakoak barnebilduko ditu: mendi gaietan berezitutako liburutegi handi bat, dokumentu artxibategi bat, fototeka bat eta balio historiko berezia duten piezen gordetegi bat. Horrek guztiak osatuko du Mendi Dokumentazioaren Euskal Zentroa, «EMMOAren helburuen jomuga dena eta euskal gizartearen laguntzarekin errealitate bihurtzea espero duguna».