Eric San Juan (Efe)
VIETNAM

Milaka lagunen ogibidea arriskuan ipini du lehorterik larrienak

«El Niño» fenomeno atmosferikoak eragindako lehorte ikaragarriak alde batetik, eta Mekong ibaian eraiki diren presek bestetik, erabat aldatu dute bertako deltako herritarren bizimodua. Apirila eta maiatza oso hilabete gogorrak izango dira, urteko beroenak izaten baitira normalean. Ekainean euria hasten bada, gaitz erdi.

Vietnamek sekulako lehortea jasan du azken bolada honetan, azken ehun urteko larriena. Ondorioz, herritarrek ogibidea arriskuan dute eta herrialdeko hegoaldean bizi diren ehunka mila lagunek arazoak izaten dituzte edateko moduko ura lortzeko ere. Gainera, labore ugari galdu egin da bertan, lehorteak eragindako egoeraren ondorioz

Le Van Hung 66 urteko nekazariak Mekong ibaiaren deltan ditu bere lurrak. Normalean oso lur emankorrak izaten dira deltakoak, baina aurten ez dago horrelakorik. Ben Tre probintzian duen hektarea batean arroza landatu zuen, eta orain atsekabetuta begiratzen dio emaitzari.

Zazpi tonatik ehun kilora

«Normalean uzta bakoitzeko zazpi tona biltzen genuen, eta aurten ez gara 100 kilora iritsiko. Landarea hazi hazi da, baina alea ez da behar bezala atera, urak gatz gehiegi du-eta», esplikatu digu.

Lehortearen eraginez ibaiko uraren mailak behera egin du. Gainera, Txinan eta Laosen azken urteotan eraiki diren urtegiek, zentral hidroelektrikoak elikatzeko, emaitza bera eragin dute. Ondorioz, itsasoko ura sartu da ibaiaren ibilguan eta nekazariak ur gezarik gabe utzi ditu, beren lurrak ureztatzeko aukerarik gabe alegia. Ehunka mila lagun daude aurpegia garbitzeko eta edateko urik gabe.

Gainera, esaera zaharrak esaten duen moduan, “azienda ahulak, zorri asko”. Muturreko beroak eragin du izurriak beste urtetan baino gehiago hedatzea, eta labore asko alferrik galdu dira eremu horretan.

Can Tho da eskualdeko hiririk garrantzitsuena. Bertako Unibertsitateak egin duen ikerketaren arabera, Mekong ibaiaren deltako ereiteko moduko 2,2 milioi hektareen %50 inguruk uraren gazitzea jasan dute.

Hazkunde ekonomikoa

Nekazaritzak bizi duen egoera larriaren eraginez, Vietnamgo Gobernuak bere aurreikuspen ekonomikoak aldatu behar izan ditu. Asiako hego-ekialdeko herrialdeak 2015ean %6,7ko hazkunde ekonomikoa izan bazuen, aurten %5,5ean geratuko da, une honetan egiten dituzten kalkuluen arabera.

Baina datu makroekonomikoak alde batera utzi eta herritarren egoerari erreparatuz gero, hobeto ulertzen da vietnamdarren egungo kezka. Le Van Hungek, esaterako, abereentzako elikagai moduan saldu beharko du arrozaren landare lehorra, eta badaki bide horretatik oso diru gutxi bilduko duela, espero zuena baino askoz ere gutxiago. Nola itzuliko dio bankuari 2.000 euro inguruko kreditua? Uzta saltzean jasoko zuen diruarekin zorrak ordaintzea espero zuen, baina une honetan ez daki langileei soldata nola ordainduko dien ere.

«Itsasertzetik gertu gaude, berrogeiren bat kilometrora, eta hemen ohituta gaude, beti izaten baita gatz pixka bat uretan, baina aurtengo egoera ez da normala, askoz ere gatz gehiago baitu urak: mila zatitik bi gatzarenak izatetik, zazpi izatera pasa gara. Ez dut horrelako ezer sekula ikusi», adierazi du, arrakalatutako lurrari begiratzen diola.

Herri berean bizi da Tran Vinh Hoang nekazaria. Kokondoak ditu. Baita zitrikoak ere. Lehortea berehala amaitzen ez bada, ez daki nola aterako den aurrera. Ezta bertan jarraitzeko indarrik izango ote duen ala ez. «Etxean kanila zabaltzean, ur gazia ateratzen da. Bestelako urik ez da ateratzen. Aurpegia garbitzeko ere ez du balio ur horrek», adierazi digu. 31 urteko nekazariak esan du bere ekoizpenaren %90 galdu duela eta kokondoei esker bizi dela gaur egun, lehorteari hobeto egiten baitiote aurre.

Ahate txikiagoak

«Normalean, aste bakar batean mila koko biltzen ditugu eta aurten 250 alera iritsi ezinik gabiltza. Baina koko horiek ere desagertuko balira, familia elikatu ezinik geratuko nintzateke. Etxean ditugun ahateek ere jasan dute lehortea, bestela baino askoz ere gutxiago hazi baitira», esplikatu digu.

Nekazaritzak sekulako krisia bizi badu, gainerako herritarrak ez daude askoz hobeto. Eremuko herritar guztiak daude kaltetuta, kozinatzeko ur garbia erostera behartuta baitaude. Baita higiene pertsonalerako ere. «Ontziak hartuta batetik bestera doa jendea. Batzuek ontzi hutsak daramatzate, ura erosteko, eta besteek, beteta, ura saltzeko», adierazi du Luong Ngoc Hung tabernariak, Giong Trom herrian jatetxe txiki bateko jabe denak.

Kanilako ura eta ubeldurak

Luong Ngoc Hungek esandakoaren arabera, etxean erabat murriztu dute ur kontsumoa, sukalderako eta garbitasunerako ur garbia erosi behar izanak etxeko ekonomia erabat kaltetu du-eta. «Seme-alaben eskola nola ordaindu ez dakidala nabil, baina ezin ditut urik gabe utzi. Kanilako urarekin aurpegia garbituz gero, azalean ubeldurak ateratzen zaizkie», kontatu digu.

Okerrena da aurrera begira jarrita ere gauzak ez direla hobetzen. Datozen bi hilabeteetan, urteko beroenak normalean, ez du euririk egingo eta termometroa 39 gradutaraino iritsiko da. Eta gaitz erdi ekainean berriz euria hasiz gero.

Beraien egoera Mekong ibaiko urtegiekin ere badu zerikusirik. Esan berri da Laosko agintariek bertako lau presa handienen uhateak zabaldu dituztela, ibaiak ur gehiago izan dezan. Deltako herritarrek eszeptizismoz hartu dute berria. «Ezin dugu ezer egin, euriaren zain egon besterik ez», Tran Vinh Hoangek esan digunez.

El Niño izenaz ezagutzen den fenomeno atmosferikoak eragin du egungo lehortea. Ekuatore inguruko Ozeano Bareko itsasoa eta atmosferaren sistema globalean gertatzen den alterazioa da El Niño, normalean abendua eta martxoa artean gertatzen dena.

Fenomenoaren eraginez, normalean oso hezeak diren inguruak, Asiako hego-ekialdea kasu, lehor izatera igarotzen dira, eta normalean lehorra den Hego Amerikako mendebaldeko kostan prezipitazio ugari gertatzen dira. Vietnamen diote aurten Mekong ibaiko urtegiek arazoa larriagotu egin dutela.

Beste hamaika presa eraikitzeko proiektua

Mekong ibaian beste hamaika presa eraikitzeko asmoa agertu dute herrialde ezberdinetako agintariek eta horiek deltako herritarrengan izango lituzketen ondorioak aztertzeko eskatu zion Vietnamgo Gobernuak DHI Danimarkako konpainiari. Txostenak dio milioika lagun ekonomikoki kaltetuko lituzketela presa horiek eta ingurumenarentzat ere hondamendi larria izango litzatekeela.

Mekong Ibaiko Batzordeari (Thailandia, Vietnam, Kanbodia eta Laosek esku hartzen dute bertan) entregatu zioten bi urte eta erdiko lanaren fruitua. Egileek aurreikusten dituzte kalte larriak nekazarientzat zein arrantzaleentzat Kanbodian eta Vietnamen. Ibaiko izurdea ere desagerraraziko lukete presa berriek, ikerketaren arabera.

Mekong ibaiaren deltari dagokionez, nekazaritzak behera egingo luke. Izan ere, presa horietan sedimentuak ez aurrera ez atzera geratuko lirateke, eta deltara askoz ere nutriente gutxiago iritsiko lirateke. Ondorioz, ur gazi gehiago sartuko litzateke nekazariek erabiltzen dituzten lurretara, eta orain arte lur aberatsak zirenak eremu idor bihurtuko lirateke. Arrantzaleentzat ere egoera txarra litzateke, presek arrainen migrazioa erabat oztopatzen baitute.