Aimar Etxeberria Korta
BITXIGORRIA SEX SHOP

Bidaiaz gozatzen ikastea, eredu erotiko berri baten ezinbesteko baldintza

Saltzen duenak baino, saltzen ez duen horrek egiten du berezi Donostiako Bitxigorria «sex shop»-a. Desira handitzen duten edota gehiago irautea ahalbidetzen duten produktuen faltan, bestelako eredu erotiko bat eskaintzen du; pertsonak eta sentimenduak erdigunean jartzen dituena, denbora eskatzen duena.

Sex shop batean pentsatzen dugunean burura datorkigun lehen irudia kontsoladore edo (eta) bibradore sorta bat da. Gel bereziak ere imajinatzen ditugu, eta burutapen sadoak baditugu esposak, latigoak eta antzekoekin pentsatuko dugu. Bada, hori eta gehiago aurki daiteke Donostiako Bitxigorria sex shop-ean. Gisa bereko dendekin alderatuta, baina, garrantzitsuena ez da bertan saltzen duten produktua, aldarrikatzen eta proposatzen duten eredu erotikoa baizik. Hala kontatu dio GAUR8ri Iñaki Olaizola Antxustegik, Bitxigorriako arduradunetako batek.

Duela 21 urte sartu zen erotikaren negozioan Olaizola, Pittilingorri sex shop-aren eskutik. Donostiako sex shop bateko kontsumitzaile zen bera, eta pelikula porno bat alokatzen zuenero sentsazio txar batekin ateratzen zen denda hartatik: «‘Nola da posible ni, hain majoa izanda, gisa horretako dendatan ibiltzea?’, galdetzen nion nire buruari. Beti pentsatu izan dut horrek ez duela zertan hala izan eta sentsazio horiek aldatzeak normalizatuko dituela elkarren arteko erlazioak. Horretan ekarpena egiteko zabaldu genuen Pittilingorri».

Pittilingorriren eboluzio logiko baten moduan har daiteke, beraz, Bitxigorria. Erotikak ere bizi izan du nolabaiteko eboluziorik urteotan guztiotan, eta Pittilingorriren eskaintza berritu beharrean sentitu ziren. «Urteak pasa ahala erotikak naturalizazio prozesu bat pairatu izan du; mekanizatu egin da, nolabait, eta merkatua bera bilakatu da abangoardia. Bitxigorriaren nahia bestelako eredu bat aldarrikatzen duen merkatu batean eragitea da, naturalizazio prozesu horrek jarrai dezan», azaldu du Olaizolak.

Detaile bat baino ez izanagatik, aipagarria izan daiteke izenaren beraren eboluzioa. “Gorria” abizen bezala mantendu dute, baina “pittilin” izenetik kenduta: «Modu horretan desgenitalizatu egin dugu dendaren izena, baina ez hainbeste desmaskulinizatzeko. Bere momentuan jende askok ikusi zuen Bitxigorria Pittilingorriren emakumeentzako denda moduan». Izen aldaketarena argituta, Bitxigorriaren benetako esanahiaz mintzo da Olaizola: «Pertsona bakoitzaren gorritasun edo sexualitatea berezia eta bakarra dela adierazi nahi dugu Bitxigorriarekin, hots, bitxia dela. Fokua, merkatuan jarri beharrean, norberak bere gizontasuna edo emakumetasuna bizitzeko moduan eta gure arteko erlazioetan jartzen dugu».

Erotikaren globalizazioa

Erotikaren merkatua aztertzerako orduan, arazo berri baten inguruan ohartarazten du Olaizolak. Haren esanetan, globalizazioa, ekonomikoa ez ezik, erotikoa ere bada: «Globalizazio ekonomikoaz gain globalizazio erotiko bat ere badago, gaur egungo eredu erotikoa inposatzen duena. Horregatik, diot eredu erotiko berri bat sortu behar dugula, kultura erotiko berri bat, gure bizitzan txertatu behar duguna. Nik uste erotika sentitu egin behar dugun zerbait dela, jokabide bat baino bizipen bat dela; ez da horrenbeste egiten duguna, gehiago da sentitzen duguna». Ildo horretan, gaineratu du garrantzitsuena ez dela txortan asko egitea, edo orgasmoa helburutzat hartzea, alegia, plazera orgasmotan neurtzea.

Sentitze horretan, eszitazioaren adibidea jarri du: «Etengailu bat bezala ulertzen da egun eszitazioa, hots, seinale batzuk piztu eta itzaldu egiten direla ulertzen da eszitazio mailaren arabera: klitoria, G puntua, P puntua, titipuntak... Eta, zorionez, ez da horrela. Guretzat eszitazioa prozesu bat da eta zuzenean hartzen dugu parte. Gure genitalak ez dira gure gorputzetatik ateratzen, harreman sexualak izaten eta ondoren itzultzen, ez. Eszitazio prozesu horren parte gara eta kontzientzia hori hartu behar dugu, erotikaz disfrutatzen ikasteko. Orgasmora iristen bagara izan dadila kalte kolateral bat bezala».

Aipatu eredu erotikoa aldatzeko, hainbat zerbitzu saltzen ditu Bitxigorriak –sexologia zerbitzua, adibidez–. Baina garrantzia handiagoa ematen dio Olaizolak saltzen ez duten horri saltzen dutenari baino. «Gure dendaren diferentziarik nabarmenena ez dago saltzen dugun horretan, saltzen ez dugun horretan baizik. Merkatuak oso modan jarri du kosmetika ‘erotiko milagrosoa’. Arazo baten aurrean, eta irtenbide errazenari helduz, konponbidea erostera bideratzen gaitu merkatuak. Nik uste horrek ez lukeela izan behar horrela; nik uste gure erlazioek denbora behar dutela, lana behar dutela. Eta arazo bat daukagunean adarretatik heldu eta aurre egin behar diogu, konponbidea erostera jo gabe», azpimarratu du.

Gaineratu du ez dagoela desira handitzen duen produkturik, ez gehiago irautea ahalbidetzen duenik, ezta gehiago sentitzera edo orgasmora lehenago heltzera garamatzanik. Dio erremedio horiek guztiak eredu erotiko oker baten ondorio direla, eta, luzera begira, min egin dezaketela. «Arazo baten aurrean denbora hartu behar da, sexologo baten eskuetan jarri eta lasai hitz egin».

Osagarri hoberena, denbora

«Beti diot osagarri erotiko hoberena ezin dugula saldu, elkarri –edo nork bere buruari– eskaintzen diogun denbora delako», adierazi du Bitxigorriako arduradunak. Ezin du denborarik saldu, baina bai proposatu. Donostiako Pasealeku Berriaren hasiren dago sex shop-a. Jendea paseatzen ibiltzen den gune bat da, adibidez, bikotekidearekin. «Eta bikotekidearekin paseatzen goazenean gure erotikari denbora eskaintzen ari gatzaizkio. Egunak 24 ordu ditu beti, hori ezin dugu aldatu, baina denbora hori ongi administratzen eta aprobetxatzen ikas dezakegu».

Denda bera ere bost zentzumenei erantzuteko moduan dago antolatua, eta entzumenaren kasua jarri du adibidetzat Olaizolak: «Zentzumenen bidez sentitzen dugu, gure pertzeptoreak dira. Entzumenaren kasuan, adibidez, otu zitzaigun musika erotikoa saltzea, baina, zer da musika erotikoa? Bakoitzak berea duela uste dugu eta buruari pare bat buelta emanda beste ideia bat bururatu zitzaigun. Jendeari, erosketak egitera gerturatzen denean, berak nahi duen musika jartzea eskatzen diogu. Hala, norberak bere giroa sortzen du osagarri erotikoak erosten ari den momentuan. Hori, batez ere, bakoitzaren berezitasun hori azpimarratzeko egiten dugu; bakoitzak du bere musika erotikoa».

Denboraren faktorera itzuliz, munduan zehar hedatzen ari den fenomeno bat aipatzen du Olaizolak: slow sex. Norberari eta bikotekideari denbora gehiago eskaintzea aldarrikatzen duen mugimendua da, erotika desazeleratzea proposatzen duena: «Erotikak denbora behar du, desazeleratu egin behar da gehiago disfrutatzen ikasteko. Gainerako erlazio guztiek lanketa bat eskatzen duten moduan, harreman erotikoek ere behar dute lanketa hori; gainerakoan gure bikotekidearekin larrua jotzen arituko ginateke, baina bidaiaz gozatu gabe».

Alderaketa bat eginez, eta bidaiaren garrantzia nabarmenduz, Euskal Herriko kultura gastronomikoaren alderatzen du Olaizolak berak proposatzen duen kultura erotiko berri hori: «Euskal Herrian daukagun kultura gastronomikoa ez da egun batetik bestera sortu, eginiko lan guztiaren fruitua da. Gure sukaldariek egi(te)n duten lana oso ona da, baina guk ez dugu soilik ahoan sartzen dugun horrekin disfrutatzen –alderaketa bat eginez–. Lagunekin elkartean afari bat izan eta afaria prestatzea tokatzen zaigunean disfrutatu egiten dugu, erosketak egitera goazenean disfrutatu egiten dugu, kideren batekin afaria prestatzen ari garenean disfrutatu egiten dugu. Sortzen den giroarekin disfrutatzen dugu, eta esan daiteke gure kultura gastronomikoaren balore handienetako bat gure mahai-ingurua dela. Bada, erotikak ere badauka mahai-ingururik, baldin eta ikustea lortzen badugu. Ostantzean azaldu egin beharko digute zein den erotikaren mahai-ingurua. Finean, baina, ondorio bat atera daiteke guzti honetatik: erotikak asko dauka ikasteko Euskal Herriko tradizio gastronomikotik».