E. Arruti
IKUSMIRA

EZ DA GAITZIK ONIK EZ DAKARRENIK

Iragan asteartea, Zumarraga, 14.00ak. Enpresaren bideragarritasuna defendatzeko egindako lanak fruiturik eman ez eta Arcelor Mittal enpresaren atarian diren langile, senide eta lagunek isiltasuna entzun dute, makinen itzaltzeak eragin duen isiltasuna. Kale gorria dute epe laburreko etorkizun 350 langilek; langabeziaren besoen ongietorria dute epe laburreko etorkizun 350 langilek. Esaerak dioen bezala, baina, ez da gaitzik onik ez dakarrenik. Une gogorrenetan ateratzen du gizakiak bere aurpegirik onena; une gogorrenetan gailentzen zaio gizatasuna gizakiari. Gizakiak, mundua suntsitzen ari den zera horrek, onetik ere baduelako, enpatia zer den ikasia duelako, sentitzen dakielako. Arcelor Mittalen kasua, baina, ez da lehena, ezta azkena ere; ez eta bakarra. Zoritxarrez, krisi ekonomikoaren aitzakiapean, izan dira isiltasuna oihukatu duten beste zenbait enpresa ere. Baina horretan ere ez da gaitzik onik ez dakarrenik, izan baita makinak gelditu ostean olioztatu eta berriro martxan jarri duenik.