Maider Iantzi Goienetxe
BIZIKIDETZA PROIEKTUA

Gernika abiapuntu, elkarrekin bizitzeko zubiak eraikitzen dabil Orereta Ikastola

Errenteriako Koldo Mitxelena plazako Orereta Ikastolaren eraikinean, haurren burrunbaz gain, musika solemne bat aditzen da: Pablo Sorozabalen «Gernika». Kantu tristea izanagatik, bertze doinu bat hartzen du umeen eskutik. Bonbardaketaren urteurrenerako ekitaldirako prestatzen dabiltza, baina proiektua aunitzez handiagoa da.

Ostiral arratsaldea izan arren, jendez beteta dago Orereta Ikastolako Koldo Mitxelena plazako eraikina. Tailer hirukoitza egiten ari dira: alde batetik, duela 79 urte gertatutako Gernikako bonbardaketa oroitzeko txoriak margotzen ari dira, gero herrian barna zintzilikatzeko; bertzetik, marrazkidun kandelak prestatzen dabiltza urtemugan, apirilaren 26an, pizteko; eta hirugarren espazio batean, koreografia entseatzen ari dira.

Margoak, aizturrak, kola, folioak... Beharrezko guztia mahai gainean dago prest, baina denbora pixka bat behar izan dute umeek jolasak alde batera utzi eta bakoitza bere zereginean zentratzeko. Hori bai, behin lanari ekin diotenean intentzio guziarekin aritu dira. Kolore biziz bete dituzte txorien sabel, hegal eta mokoak eta marrazkiz jantzi kandela txikiak. Eurak bakarrik ez, guraso eta irakasleak ere jo eta ke dabiltza.

Irri eta solasekin nahasten da Pablo Sorozabalen “Gernika”-ren musika solemnea, gurasoak dantza ikasten ari diren bitartean. Borobilak osatzen dituzte eta eskua eman elkarri zubiak osatuz...

Zubia, horixe da Errenteriako ikastolak martxan jarri duen proiektu handiaren hitz gakoa. Izan ere, zubiak eraiki nahi dituzte hezkuntza komunitateko partaideen artean. Baita lurralde ezberdinetako ikastolen artean, iraganaren eta etorkizunaren artean eta Errenteria herriaren barrenean ere.

“Bizikidetzarako zubiak eraikiz” izena jarri dioten ekimenean 51 ikasgela parte hartzen ari dira. 3 eta 16 urte arteko 1.275 ikasle. Hauei ikasle ohi, irakasle eta gurasoak batu behar zaizkie.

3,5x9 metroko koadroa

Leire Lete irakasleak GAUR8ri kontatu dionez, Lehen Hezkuntzako 5. mailako Plastikako irakasleak, Iñaki Zapirainek, eman zion hasiera egitasmoari.

Egoitz Verdugo ikastolako zuzendariak oroitu du duela urte dezentetatik dutela bizikidetza plana. Ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako irakasleak hezkuntza kooperatiboaren inguruko formazio batekin hasi dira. Egun batean Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean hitzaldi bat aditu zuten eta hunkitu egin ziren pixka bat jaso zutenarekin. Autobusean bueltan zetozela pentsatzen hasi ziren proiekturen bat egin behar zutela.

Elkarbizitzarekin lotuz, Gernikako bonbardaketaren urteurrenerako zerbait antolatzea erabaki zuten, hezkuntza komunitate osoari parte hartzeko aukera emanez. Taldetxo batek ikastolako artezkaritza batzordeari komentatu zion ideia, nagusiki gurasoei, hauei aunitz gustatu zitzaien planteamendua eta zuzendaritzak ere bat egin zuen.

Talde eragile bat sortu zen, guraso, irakasle eta zuzendaritzako kideekin. 8-10 pertsona finko dira, inguruan jende gehiagorekin.

Guraso talde horren ideiaren ondorioa da 5. mailako ikasleek margotu duten “Gernika” koadroa, Picassorena baino handiagoa. 3,5x9 metroko neurria du 97 neska-mutikok egin duten margolanak. Koadroa zatika banatu, eta bikoteka jarrita bakoitzak bat egin du kartulina batean. Denek batera osatzen dute artelana. Ikusgarri gelditu da eta apirilaren 26an Koldo Mitxelena plazan jarriko dute, ekitaldiaren erdigune gisa.

Iragana geroarekin lotuz

Letek agertu duenez, duela 80 urteko altxamendu faxista inflexio puntu bat izan zen Errenteriako historian. «Hausnarketa harago eramanez, maila lokalean ere, azken 50 urteotan, sufrimendu eta heriotza asko pasa dira».

Era berean, «gaur egungo garai berrian, bizikidetzarako eta normalizazio politikorako urratsak ematen ari den herri bat» ere badela nabarmendu du. «Orduan, zergatik ez 36ko iragana geroarekin lotu eta gaur pil-pilean diren Parisko eta Bruselako atentatuez, Siriako gerraz eta etorkinekin gertatzen ari den guztiaz gogoeta egin? Horrelako mundu batean mundu berri bat posible bada belaunaldi berrien esku dago».

Asmoa baloreak (justizia, tolerantzia, errespetua, elkartasuna eta antzekoak) zeharlerro bezala lantzea da, eta «nondik gatozen eta etorkizuna nola eraiki nahi dugun» ikustea. Bakeari eta erabakitze eskubideari ere aitortza egin nahi diote.

Azkenean, Gernikako bonbardaketaren urteurrenerako performance bat izan behar zuena hiru egunetako kultur egitarau bilakatu da. «Dimentsio handi samarra hartu du, espero ez genuena, eta horrela gabiltza pixka bat ezin iritsi dena antolatzera. Baina oso polita izaten ari da», adierazi du Verdugok. Guztia zubiekin lotuta dago. «Iruditzen zaigu hezkuntza komunitateak ez duela behar adina parte hartzen eta horretarako bideak ireki behar direla».

Lauren arteko hitzarmena

Bertze zubi bat ikastolen artekoa da. «30 kilometrotara ikastola batzuk ditugu bizirauteko izugarrizko arazoekin», azaldu du Leire Lete irakasleak. «Guk, 50 urte eta gero, sekulako ikastola egin dugu, gihar handikoa. Baina nerbio gehiago beharko luke».

Hala, hitzarmen honekin Orereta Ikastolak, Ziburuko Kaskaroteneak, Biriatuko Ikastolak eta Hendaiako Gure-Ikastolak elkar elikatuko dute. «Guk esperientzia eta hainbat erosotasun ditugu haiei eskaintzeko. Beraiek, aldiz, ilusioa, pasioa eta nerbioa dute guri kutsatzeko».

Bihar bertan sinatuko dute ituna, eguerdian, Errenteriako Niessen aretoan. «Elkarrekin lan egiteko nahia adieraziko dugu bertan. Jarraipen batzorde bat sortuko dugu urtero-urtero egingo ditugun ekimen txikietarako. Hasieran behintzat ekimen txikiak aurreikusten ditugu, egingarriak izateko eta egiten ditugunean motibatuak sentitzeko, sekulako helburuak jarri eta ez betetzeak frustrazioa dakarrelako», esplikatu du Orereta Ikastolako zuzendariak.

«Lauron artean elkarkidetza sustatu nahi dugu, gertu gaudelako. Bilerak egin izan ditugu Hendaian. Ordu laurden batera daude, baina oso errealitate ezberdina da. Zer esan Biriatukoa. Guk ia 1.500 ikasle ditugu eta Biriatuko Ikastolak bost».

Hitzarmena irekita dago, kide gehiago sar daitezke. Etorkizunean bertze ikastolek sartzeko aukera izanen dute, baita ikastola ez diren bertze erakundeek ere.

Oraingoz Lapurdiko hiru ikastola hauekin bildu dira hurbilekoak direlako eta, aldi berean, hagitz ezberdinak. Elkar ezagutzeko aukera ematen die. Hurbiltasunak elkarrekin ekintzak egitea errazten du.

Adibidez, gauza hagitz sinplea izan daiteke elkarrekin Gernikara irteera bat antolatzea. «Hendaia, Ziburu eta Biriatuko ikastoletako kideek esaten ziguten eurentzat ezinezkoa dela halakorik planteatzea, autobusa behar delako eta ikaragarrizko kostua delako. Gu, berriz, handiak gara eta arazorik gabe sar ditzakegu autobusean bospasei ikasle gehiago. Zergatik ez urtero halako irteera bat egin?».

36ko Gerran bizikidetza Comete sarearen bitartez egin zen. Sare honek Bidasoaren bi aldeetako eskualdeak elkartu zituen. Errenteriako jende dezente ibili zen laguntzen. Hori ere zubi bat izan zen. Gertatu ziren bonbardaketen eta heriotzen erdian elkarkidetza bat egin zen. Hitzarmenak bi eskualdeen elkarlana indartu nahi du berriz.

Bertze aldera begiratuz, sei kilometrotara Donostia dutela ere ez dute ahanzten errenteriarrek, eta, aurten Europako kultur hiriburua denez, beren ekarpentxoa egin nahi izan diote.

Gerra, alde guztietatik begiratuta

Ondotik datorren asteleheneko ekitaldia sortu zen: “Eman bidea bizikidetzari” mahai-inguru berezia, gerra garaiko hainbat lekukotasun ardatz izanen dituena. Reyna aretoan izanen da. «Asmoa 36ko Gerraren eta giza eskubideen urraketen inguruan hitz egitea da, baina alderdi guzti-guztietatik begiratuta. Euskal Herrian 6.300 abertzale-errepublikano hil ziren, eta 5.700 frankista. Frankistek 2.352 lagun asasinatu zituzten; abertzale- errepublikanoek, berriz, 764», agertu du Egoitz Verdugok.

Bederatzi izan ziren heriotza zigorra jaso zuten errenteriarrak, Koldo Mitxelena tartean. Eta hamaika espetxeratuak eta ondasunik gabe utzi ondoren isunak ordaintzera behartu zituztenak; Florentino Loidi, Niceto Goicoechea, Marino Bermejo eta Pio Etxeberria, adibidez.

Horren inguruan hausnartu nahi dute eta, bidenabar, herrian errepresioa jasan zuten pertsonak omendu. «Ez horiek bakarrik omentzeko, horien bidez beste guztiak omentzeko baizik».

Musika ekitaldi batek bideratuko du solasaldia. Hizlarietako bat Elixabete Perez izanen da. Hizkuntza eta komunikazio ikerlaria da Perez, irakaslea ere bai, eta euskaltzain urgazlea. Koldo Mitxelenaren inguruan aunitz daki.

Herri bakoitza plaza batean

Azkenik, asteartean izanen da Gernika ekimenaren eguna. Arratsaldearen lehenengo partean, ikasle, irakasle eta ikastolako gainerako langileak izanen dira protagonista, nahiz eta ekitaldia herritarrei irekia egon. Herriko zazpi plaza aukeratu dituzte. Beti erran izan da Gernika izan zela zibilak bonbardatu zituzten lehenengo herria, baina Iñigo Aranbarriren “Herioren hegala (literatura bonbapean)” liburuan ikerketa bat egiten da eta ikusten da ez dela horrela, badaudela gehiago. Liburua horietako zazpi bonbardaketatan zentratzen da: Libia (1911), Rif (1923), Durango (1937), Gernika (1937), Dresden (1945), Hiroshima eta Nagasaki (1945) eta Vietnam (1964-1975).

Orduan, herriko zazpi plaza horietan bonbardatutako herri edo herrialde horietako bat islatu nahi dute. Gauza bera, ez horiei soilik omenaldia egiteko, baizik eta horien bidez bonbardaketak eta gerrak jasan dituzten herritar guztiak omentzeko. 1.275 ikasleak zazpi plazatan banatuko dira. Laneran Libia oroituko dute Lehen Hezkuntzako 1. mailakoek; Niessen plazan Arrif 2. mailakoek; Alondegian Dresden 3. mailakoek; Jautarkol plazan Vietnam 4. mailakoek; Koldo Mitxelenan edo Esmalterian Gernika 5. mailakoek; Kaputxinotan Hiroshima eta Nagasaki 6. mailakoek; eta Linon Durango Haur Hezkuntzakoek.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek plaza bakoitzerako ekitalditxo bat prestatu dute, hagitz xumea. Batzuek performance bat eginen dute, bertzeek poesiak errezitatuko dituzte, bertzeek marrazki bat egin… Hiru kanta ere abestuko dituzte plaza guztietan: Mikel Laboaren “Txoria txori”, Pete Seeger estatubatuarraren “Where have all the flowers gone” eta Xenpelarren “Iya guriak egin du”. Kukai taldeko Vanesa Castaño eta Ion Mayak Pablo Sorozabalen “Gernika”-ren gainean prestatutako koreografia ere dantzatuko dute.

15.45ean, performancea

Ondoren, 15.40an Koldo Mitxelena edo Esmalteria plazarantz abiatuko dira denak, eta, bidean, 15.45ean, justu Gernika bonbardatu zuten orduan, ikasleek performance bat eginen dute. Geldirik geldituko dira dauden tokian, une lazgarri haiek oroituz, kanpai eta sirena hotsak aditzen diren artean. 16.00etan plazan bildu eta hiru kantak kantatuko dituzte denen artean eta gero berriz dantzatuko dute.

Arratsaldearen bigarren zatian, 20.30ean, Esmalterian elkartuko dira berriz. Herritarrei eta hezkuntza komunitate osoari irekitako ekitaldia izanen da. Bukaerako ekitaldi hori errepikatuko da (hiru kantak eta Kukairen dantza). Kandelak ere piztuko dira. Herriko abesbatzako kideek parte hartuko dute, baita udal musika bandak ere. Amaia Pascual sopranoak kantatuko du Mikel Markezen gitarrarekin. Errenteriako eragileekin elkarlanean prestatu dute ekitaldia.

Elkarrekin hegan

Hori guztia posible egiteko jendeak dantza eta abestiak ikasi behar ditu, arropa prestatu (jantzi beltzak “Gernika” laneko irudiekin), herria apaintzeko txoriak egin (ekimenaren ikurrak, zazpi plaza horietan jartzeko)... Horretan dabiltza ostiraleko tailerrean, bide batez, hurrengo egunetarako girotuz.

Bertan, Kukairen koreografia entseatzen harrapatu dugu Xabier Zabaleta aita. Garazi 7 urteko alaba du ikastolan. Kontatu digunez, 20.30ean, herritarrekin batera, gurasoek ere dantzatuko dute “Gernika”. Halako ekintzak eginez ikastolako partaide sentitzen da Xabier. «Elkarrekin zerbait egitea baikorra eta beharrezkoa» dela deritzo.

Solasean ari garela, «kantatu nahi duena gora!» egin du oihu irakasle batek, eta eskaileretan goiti abiatu dira haurrak pixkanaka-pixkanaka. Txupatxusak eta gozokiak janez eseri dira lurrean, aitzinean, pantailan, Pete Seegerren abestiaren bideoa dutela. Irakasleak orriak banatu dizkie letra irakurtzeko, baina aunitzek ez dute hartu, jada buruz dakitela erranez. Musikako klasean landu dituzte abesti guztiak.

Elkarri bizkarretik helduta irriz daude batzuk, jolasean bertzeak. Bitartean, behean, txintxoago, gurasoak dituzte dantzan. Bueltan jaitsi eta txiki batzuk ere batu zaizkie helduei koreografiara, mugimenduak imitatuz. Txaloz bukatu dute denek, txoriak bezala elkarrekin hegan, eta hunkigarria izan da, asteartean izanen denaren iragarle. Parte hartzera animatu nahi dituzte denak, «tanta txiki askoko olatu handia sortzeko».

Erran bezala, xedea zubiak eraikitzea da, hezkuntza komunitatearekin nagusiki. «Hori ildo bat izatea nahi dugu. Beste bat beste ikastolekin irekitako lankidetza da eta horri ere eutsi nahi diogu. Gernikaren bonbardaketaren egun hori oroitu eta herritarrak omentzeko zerbait egiten ere jarraitu nahiko genuke, baina, jakina, ezin dugu urtero halako ekitaldi handi batean sartu», komentatu du Egoitz Verdugo zuzendariak.

Errenteriako gainerako ikastetxeak ez dituzte sartu ekimen honetan eta hori dute etorkizuneko bertze helburu bat. Egitasmoak badu irauteko bokazioa. Txoriak hegaka segituko du.

 

Libian hasi eta Vietnamera, isiltasun handi baten istorioa

Iñigo Aranbarriren “Herioren hegala (literatura bonbapean)” liburua oinarri hartuta banatu dute ekimena Errenteriako zazpi plazatan. Bakoitza bonbardatutako herri bati eskainiko diote, «isiltasun handi baten istorioa» kontatzeko. Lehena Libiako Ain Zara izan zen, 1911n. Giulio Gavotti tenienteak ordura arte inoiz ikusi gabekoa egin zuen: lau granada bota zituen Ain Zarako posizioen gainera, Tripolitik ez urrun, hegoaldera. «Turkiarren kontrako gerran zebilen Italia, eta txorien ezin antzekoagoak ziren Libiako zeruan ebakiak egiten zebiltzan Taube monoplano haiek. Gero, norabidea aldatu, hegaztiaren mokoa itsasora bidean jarri eta beste hiru granada utzi zituen jausten Tajoura oasian. Tomate heldu baten neurria zuten Capelli granadek, eta espoleta hortzekin kenduta askatu zituen Gavottik, eskuz. Egindako kalteak ez ziren, itxura, handiak izan. Ez da ez hildakorik ez zauriturik aipatzen. Erasoaren ostean, ordea, irribarre gaiztoagoa loratuko zaio edonon logika militarrari». Errate baterako, Marokoko Rif eskualdean, 1923an. 1.680 bonba ere bota ziren egun bakar batean. «Beni Urriagelen el-Arbaa azokak gogora ekartzen digu Gernikako azoka. Marokoko estrategia afrikar-militarra errepikatuko da hamabi urte geroago, bai Gernikako bonbardaketan, bai Durangokoan», idatzi zuen Ignazio Aiestaranek.

Ia 300 bonba bota zituen Vittorio Cannavielloren Aviazione Legionariak 1937ko martxoaren 31n eta apirilaren 2an eta 4an, 15.000 kilo leherkari inguru. 336 herritar hil ziren erasoetan. Halere, “bonbardaketa isildua” da Durangokoa. 1945eko otsailaren 13tik 15era suntsitu zen, berriz, Dresden. Hildakoen kopurua, herri bonbardatu guztietan bezala, ezin izan da egundo zehaztu.

Urte berean Hiroshima eta Nagasakin gertatutakoa kontatzeko behar larria sentitu zuten idazleek. «Seguru asko ez zen zaila izango gertatuaren mingotsa ‘infernu’ bezalako hitzen bidez erakusteko gai izan bagina. Nik, ordea, ezin nuen egia irudikatu lehenago terminologia berririk sortu gabe» (Yoko Ota). Eta, 1964 eta 1975 artean, napalmak ikusgarriago egin zituen bonben oihartzunak, Vietnamen. «Indotxina munduan,/ itsaso bestaldean,/ han lehertzen da lorea/ genozidio errea. / Ilargia danbaka,/ mundua deiadarka. / Bakean bizitzeko eskubidea» (Victor Jara).