Mikel Zubimendi

Lasaitasunaren baratzeko lorea izatearen arduraz

Fiedrich Nietzschek 1873ko “Egiaz eta gezurraz moraletik kanpoko zentzuan” bere liburukian proposatu zuen haritik tiraka, hots, kontzeptu oro gauza ezberdinen arteko baliokidetasunetik sortzen dela, esan daiteke hitz egitea gezurra esatea dela. Edo zehatzago, Euskal Herria deskribatzea konbentzio finko baten araberako gezurrak esatea dela. Are, Euskal Herria epaitzea nor bere burua engainatzea dela. Euskal Herria ulertzea nor bere mugak ezagutzea dela. Ez dut, baina, filosofiaz aritu nahi, ezta, Arantzazuko fraideari aditu nion legez, oilo-zopa (filosofia baino hobea eta beharrezkoagoa zela iritzita) aldarrikatu nahi ere. Zenbait hitz, kontzeptu eta irudi mentalen erabilera interesatzen zait, batez ere sare sozialetan zabaltzen diren batzuk, eta horiek euskal politikan duten eragina, gainetik bada ere, aztertu nahi nuke.

Nietzschek aipatu orokortzetik hitzak deitzen ditugun horietatik, detaile errepikaezin eta ñabardura ororen galera dakarten horietatik, esaldiak sortzen ditugu. Esaldi horiek, azkenik, onaren eta txarraren artean mundua banatzeko epai bilakatzen ditugu. Epaiok errepikatzen ditugu, behin eta berriz, sendoak, nahitaezkoak eta kanonikoak diruditen arte. Adibidez, «terrorista gehienak musulmanak dira» edo «bankari guztiak kodiziaren gaitzak jota daude» ia automatikoki esaten da egun, ohartzeke hizkuntzaren gezur txikiak direla eta gezur txikiek gezur handiak egiteko bidea zabaltzen dutela.

Bizi dugun aro digital honetan, su-etenik gabe, hitzen, mezuen eta irudien bonbardaketa etengabe baten pean bizi gara. Hondo-zarata batek nahaspilatzen du dena eta oso zaila da mezu bakar batean arreta jartzea, sintonia zehatz batera konektatuta sakontasuna ospatzea. Eta hala eta guztiz ere, uste dut oso inportantea dela on line eremu horretan ere lasaitasun baratzak lantzea. Koherentzia minimo bat sortuko dutenak, argitasuna ziurtatuz, detaileak estimatuz, indarra sinplizitatean oinarrituz, testuingurua eskainiz, nora eza elikatuko ez dutenak. Bai, lasaitasuna landu behar du on line dabilen euskal komunitateak, bereziki Nietzschek hitzari ematen dion zentzuan «herri mugimendu» legez bere burua definitu eta egiazki Twitter edo Whatsappeko lagun talde bezala funtzionatzen duten txiki-munduetan. Lasaitasuna landu eztabaida politikoaren maila intelektuala ez galtzeko, txikitik eraginez handi pentsatzeari ez uzteko, arnas luzeak inpaktu handiagoa dakarrela ez ahazteko. Lasaitasuna burua argi atxikitzeko, norberak sinesten duen horri behar duen denbora, talentua eta bitartekoak eskaintzeko. Lasaitasuna, finean, joko zelaia markatzeko, joko arauak finkatzeko, joko zikinera inor ez zaletzeko.

Zumarrari garia eska ez dakiokeen bezala, agian ni neu ez naiz lasaitasunaren pertsonifikazioa. Aitortzen ditut, aitortu, teknologia berrietan moldatzeko ditudan ortopediak eta azkurak. Zentzu batean, baina, zorteduna naiz. Elektronikan edo informatikan maisuak izan diren minkideak edo lankideak izan ditut gertu beti, eta, egunean jarri ez ezik, dabiltzan tendentzia, sormen edota astakerien berri eman didate, nire zorionerako, horixe baietz. Eta ikusten da, ikusten denez, lasaitasun falta bat, bai.

Niretzat iritzi guztiak ez dira berdinak. Izen-abizenez izenpetuek eta anonimatutik botatakoek jakina ez dutela balio bera. Estimatzen dut egilearen kontzientzia eta izerdiaren jabe, izena eta izana eskuz esku direla, emandako iritzia. Ez, ordea, iritzi anonimoa. Azken hori koldarra iruditzen zait, beste batzuek esplotatu eta erabili egin dezakete, eta, gehienetan, izenarekin eta izanarekin zuzen eta aurrera dabiltzanak iraintzeko, haien ohorea zikintzeko idazten da, kultura politiko aski zakarra sortuz.

Jendearen eta perspektiben dibertsitatea ospatu behar dugu denon artean. Elkarrekikotasuna eta kontaktu erreala bilatu, ideia on eta freskoen iturriak. Argi pentsatu, konklusio zehatzetara iritsi eta modu erakargarri eta desafiantean aurkeztuz, arrazoia sendo eta edukia interesante. Lasaitasunaren baratzak landu behar dira, bai. Beti. Lorea izatea ardura politiko handia delako. •