Iñaki Altuna

Berandu....baina garaiz

Ezker abertzaleko Abian prozesuaren eztabaida txostenak surfari aipamena eginez esaldi deigarri bat jasotzen du: «Egindako mugimenduaren inertziaren baitan surf eginez aski izanen genuela pentsatu genuen hasieran. Alta, gure oinetan agortu da olatua eta ez dugu ulertu mugimendu eraldatzaileak, olatuak baliatu baino gehiago, olatuak sortu behar dituela».

Afera ez da soilik ezker abertzalearena, krisi edo kolapso politikoa herri gisa egin beharreko prozesuari ere baitagokio. Behin baino gehiagotan esan da estatuek –bereziki pipiak jota dagoen espainolak– ez dutela gaitasunik Euskal Herriari sakoneko eskaintza demokratikorik egiteko, inposizioa mozorrotzeko ahalegin autonomikoaren iruzurra agerian geratu ostean. Aldi berean, autonomismo horren birfundazio hutsetik ezin daitekeela ezer espero nabarmendu da askotan, eta, horretxegatik, EAJk denbora irabazten eta eztabaida maila txirotzen segitzen du. Urkulluk berezko eremu kutun duen EAEko hauteskundeak Estatu mailako hauteskundeen egun berean egiteko proposamenak EAJn ere harridura sortu omen du, “euskal” berezitasuna are eta gehiago lausotuko zuelako. Horixe da, beraz, lehendakari horrek ematen duen maila. Hori dena horrela izanik ere, egia da burujabetza prozesurik ere ez dela egituratzerik lortu, ez dela 2011ko gertaerekin (Aieteko Konferentzia eta ETAren borroka armatuaren amaiera) abiarazitako zikloak ahalbidetzen zuen herri prozesua –aldebikotasunaren aukera urruntzen zela ikusita, gainera– altxatzea lortu. Beraz, aipatu krisi edo kolapso politikoa iritsi da azken urteotan, eta horrek bete-betean eragin dio aldaketa bideratzeko apustua egin zuen ezker abertzaleari.

Hortik dator, hain zuzen, Abian prozesuaren beharra, estrategia aldaketa gaurkotzeko ariketatzat hartuta. Bestelako interpretazioak ere egon dira, eskasagoak eta batzuetan petral samarrak, atzera begiratzeko joerekin eta aro berriak behar duenari erreparatu gabe.

Seguru asko, estrategia berriro kokatzeko ariketa hori askoz ere lehenago egin behar zuen ezker abertzaleak, inertziak eta “Abian” berak aitortzen dituen jarrera desegokiak berriro errotu baino lehenago. Estrategia aldaketari kultura politikoaren berritzeak segitu behar ziola ere entzun genuen bere garaian, baina egia da, azkenean, duela sei urte baino gehiago (2010eko otsailean onartu zen “Zutik Euskal Herria” ebazpena) egindako apustuak sortutako olatuen indarra amaitu den arte ez dela urratsik egin, ezinbestean egin behar izan den arte. Eta horrela, adibide ikusgarri bat jartzeagatik, Arnaldo Otegiren irteeran barne faktoreak, etxekoak berpizteko ahaleginak, behar baino pisu handiagoa izan duela pentsa daiteke. Edo beste modu batez esanda: ordurako etxeko lanak aurreratuago izan behar zituzten, are eta onura handiagoa ateratzeko Otegiren irteerari ere.

Kanpo faktoreek ere zailtasunak gehitzen dituzte. Alde batetik, EH Bilduk hauteskunde erronka gainean du, arnasarik hartzeko denborarik gabe, eta, bestetik, Estatuaren presioak eragina izan dezake, bi zentzutan: errepresio mekanismoak mantenduz (iragarri da beste makroepaiketa bat) eta ezker abertzalearen zatiketarako aukerak hauspotuz. Helburua argia da: Euskal Herrian ez dadila Kataluniaren moduko, antzeko, tankerako bigarren fronterik zabaldu. “Gatazka” ezker abertzale txiki, hautsi eta hesitu batekin nahiko luke Madrilek.

Halere, azken boladan ezker abertzaleak zenbait mugimendu esanguratsu egin ditu: Abian prozesua bera (bere ondorioak Sorturen Kongresuan ikusi beharko lirateke berehala), presoen gaia agendan jartzeko ahalegina eta Otegik, barne ikuspuntutik harago, jarduera politikoari ekin izana. Esanguratsua izan da nazioarteko biratxoa.

Herri prozesurako izan badiren baldintza politikoetan zein sozialetan eragiteko erronka dute ezkerreko independentistek. Akaso, berandu abiarazi dute estrategia berrituaren bigarren astinaldi hau, baina garaiz daude oraindik, baldintza horiek hortxe segitzen dutelako. •