Juantxo EGAÑA

Gernikako sarraskiaren neurria ematen duten irudiak

1937. urteko apirilaren 26an Gernika birrindu zuten Kondor Legio alemaniarreko hegazkinek, tropa frankisten aginduak segituz. Merkatu eguna zen eta hiru ordu luzez bonbardatu zuten herria, eraikinak erabat birrinduz eta ehunka pertsona hilez. Bizirik irteten saiatzen ziren herritarrak errematatu egiten zituzten ehiza-hegazkin bonbaketari italiar eta alemaniarrek. Apirilaren 28an George L. Steeer kazetariak sarraskiaren kronika latza argitaratu zuen “Times” eta “New York Times” egunkarietan. Picassok ere “Gernika” lan sonatuan jaso zuen tragedia, 1937an Parisko Erakusketa Unibertsalean erakutsi zena. 1950. urtean, eta Picassoren lana oinarri hartuta, “nouvelle vague” mugimenduko aitzindaria zen Alaiz Resnais zinemagile frantziarrak “Gernika” film laburra egin zuen, Robert Hessensen laguntzarekin eta Paul Eluard poetaren testuekin. Filma Gernika erabat birrinduta erakusten duen argazki batekin abiatzen da, bere garaian “L’umanité” egunkarian argitaratu zena. Argazkilari ugarik jaso zuten sarraskia iruditan; Ojanguren, Sidfrifo Koch Bengoetxea, Azqueta eta Diego Quiroga, besteren artean.