Langileak eta nagusiak
Bi langileren alaba naiz; aita eta ama bezala langile. Umetatik irakatsi digute lanari beldurrik ez izaten, dagoenari heltzen: baserrian, tabernan, ikasketekin lotutako lanetan… Inork ez duela ezer oparitzen. Norberak egindakoak balioa duela eta botatako izerdiak ematen dituela fruituak. Lana bizitzaren erdigunean jartzen dugula esatea ez da berria eta, horrez gain, gure elkarrizketen zati handiena izan ohi du. Gehiegizko lana, erretzen gaituena, gustura egiten duguna, langabezia eta hitz magikoa: krisia.
Krisi ekonomikoa noiz hasi zen ere ahaztu zaigun honetan berriz iritsi da maiatzaren 1a: Langilearen Nazioarteko Eguna. Soldata duinak dituzten lan duinak eskatuko ditugu kalean. Sindikatuek biharko deitutako manifestazioetako irudiei begira, jatetxe garestietan, gorbatadunek topa egingo dute cognac kopekin, izorratzen dituzten guztiengatik. Bai jaun-andreok, Langilearen Nazioarteko Egunean nagusiek jai egiten dute. Eta nirea bezalako mihi gaiztoek ea noizbait lanik egiten duten esango lukete jarraian.
Nagusiak asko irabazteko, langileak gutxiago irabazten duela ikasi nion lagun bati. Lege hori asmatu zuenak bazekien zerbait eta ez dut uste langilea izan zenik. Langilearen problema hori izaten baita: lana egin behar duela. Nagusiarena, berriz, pentsatu egin behar duela langileak nola zukutu garajean edukiko duen Audi berria erosteko. Legeak egiten dituztenak, nagusiak izandakoak, izango direnak edo nagusien seme-alabak dira. Beraz, ez pentsatu inoiz langileen alde egingo dutenik. Ezta euren seme-alabak Lanbideko zerrendetan apuntatuta daudenik ere.
Lan kontuekin zaila zait baikorra izatea. Gauza bat baita lanari beldurrik ez izatea eta bestea inposatzen diguten guztiari amen esatea. Konformismoan bizi den belaunaldi bat sumatzen dut inguruan eta batzuei lanera joateagatik ordaintzea baino ez zaie falta. Bada, ordea, konformismo horretan erortzeko prest ez dagoen jendea ere, eta horregatik atera behar dugu bihar kalera. Ez gaudela konforme esateko eta batzuei cognac-a kontrako eztarritik joateko. •

