«Oraindik ere jendeak ez daki ekoizpen ekologikoaren atzean zer dagoen»
Ekonomialaria eta militantea, Gipuzkoako elikagai ekologikoen sektorearekin estuki lotuta dago. Uztaro kooperatibako eta Biolurreko kidea da.

Orain dela bederatzi urte Biolurrekin kolaboratzeko lehen aukera sortu zitzaion, Gipuzkoako Foru Aldundiak produktu ekologikoen merkaturatzeari buruzko gaiak lantzeko emandako diru laguntza bat tarteko. «Lehen ikerketa hartatik Biolurreko Merkaturatze Lantaldea sortu zen, urte batzuez iraun zuena, elkartu eta hausnarketa kolektiborako espazioak landuz. Emaitza positiboak lortu dira dinamika horietatik, Basherri taldeak adibidez». Otsailaren hasieran bere doktoretza tesia aurkeztu zuen, elikagai ekologikoen banaketan zentratzen dena.
Ekonomialaria eta agroekologiaren aldeko aktibista. Nola moldatzen zara binomio horretan?
Ekonomiak ez dauka oso prentsa ona, ezagutzen dugun eredu ekonomiko kapitalistarekin eta bere egiteko moduekin lotzen delako. Ekonomia “etxearen kudeaketa” da, eta hori egiteko era desberdinak daude. Gaur egun “truke-balioa” da hartu-eman ekonomikoetan nagusitzen dena, horren ordez, “erabileraren balioa” da nekazarien ekonomia teorietan darabilten kontzeptua. Ezberdintasun horretatik aukera berriak irekitzen dira kapitalismoari alternatiba ekonomikoak garatzeko eta justizia soziala eta egonkortasun ekonomikoa lortzeko. Prozesu ekonomiko iraunkorrak garatzeko bide horretan, beharrezkoa da kateko eragile guztiok beharrezkoak diren tresna eta formazioetan inplikatzea, arrotzak egiten badira ere, sentsibilitate desberdineko elkargune baliagarriak sortuz.
Herritar xumeak nola eragin dezake aldaketa horretan, zure ustez?
Herritar eta kontsumitzaile ikuspegitik gure dirua nora bidaltzen dugun ondo baloratzea eta gauza fisikoei merkatu baloretik harago balio soziala eskaintzen dizkieten proiektu ekonomikoetan parte hartzea interesgarria litzateke. Horrek ez du esan nahi denok landa gunean edo militantzian sartu behar garenik buru-belarri, bizitzan beste gauza batzuk izan ahal ditugulako gustuko. Izan ere, eguneroko politika gu geu garenetik abiatu beharko da bide eta bizigune iraunkorrak eraiki nahi baditugu, kontuan izanda betiere iraunkortasun ekonomikoa nahitaezkoa dela gure proiektuek bizirauteko.
Iraunkortasun ekonomikoaz ari garenean marketinak zeresan handia du, baina «marketina» bera ere ez da oso kontzeptu estimatua sektore ekologikoan... Zer den ulertzea falta zaigu?
Nire iritziz bai. Marketinak merkatu logika baten eremuan lan egin du, inolako zalantzarik gabe. Baina, marketinak, diziplina bezala, nahiz eta maiz publizitate hutsarekin nahasten dugun, edozein proiektutan hartzen ditugun beste hainbat erabaki biltzen ditu, lau nagusiki: produktua, prezioa, komunikazioa eta banaketa. Marketin erabakiak produktua bera ekoizten hasi aurretik lantzen dira. Merkaturatzea, aldiz, behin produktua bukatuta dagoenean egiten dena da; bi gauza ezberdin dira. Bizi dugun testuinguruan, proiektu bakoitzak bere helburuekin bat datorren tokia topatu behar du.
Marketinaren alorrean, Euskal Herriko ekoizpen ekologikoari dagokionez, zeintzuk lirateke gakoak?
Euskal Herriko baserritarren ekoizpen ekologikoaren kalitatea oso ona da oro har, nahiz eta hobetzeko alderdiak ere badiren; eta prezioa, ikerketek azaleratzen dutenez, ez da mugatzaile nagusietako bat kontsumitzaileen erosketa erabakietan. Aipatutako lau erabaki multzoen gakoak azpimarratu behar izanez gero, banaketan eta komunikazio erabakietan egongo lirateke. Alde batetik, Euskal Herriko produktu ekologikoen eskuragarritasuna oraindik ondo garatua ez dagoenez, zaila da kontsumitzaileak bilatzen duen hori topatzea, sektorearen garapenaren kaltetan. Beste aldetik, oraindik ere jendeak ez daki ekoizpen ekologikoaren atzean zer dagoen.
«Nekazaritza ekologikoko elikagaien banaketa politikaren kudeaketa iraunkorra: adierazle sistema holistiko agroekologikoaren proposamena». Doktoretza tesi batek izenburu luzea izan behar du ala?
Kar-kar! Ez, kontua da horrelako ikerketa eta ekarpenak oso gai zehatzen inguruan egiten ditugula, eta horrek eragin du gai ezberdin asko aldez aurretik landu behar izatea. Azkenean, egindako lana esaldi bakarrean laburbiltzeko modua besterik ez da.
Eta labur esanda, zertan datza zure ikerketak?
Esan bezala, produktu ekologikoen merkaturatzea ikuspegi agroekologiko batetik aztertuta, esperientzia eta proiektuen banaketa erabakiak baloratzeko tresna garatu dut, adierazle sistema bat. 35 adierazle dira, lau lerrotan antolatuta: a) oreka ekologikoa; b) tokiko garapena eta lurraldearen dinamizazioa; d) justizia soziala eta egonkortasun ekonomikoa; eta e) harreman sistema. Lerro bakoitzak agroekologiaren dimentsioak zaintzea du helburu. Nolabait, adierazle sistemak laguntzen digu erantzuten galdera bati: nola zaintzen da proiektu edo esperientzia bakoitzean elikagai ekologikoen banaketa ikuspegi agroekologiko batetik? Horrela, lerro bakoitzean neurketak egiteko sistematika ezartzea beharrezkoa izan da. Adierazle bakoitzak bere azalpen fitxa dauka, baita dagokion ebaluazioa (0tik 5era) egiteko irizpideak eta puntukako mailaketa.
Adierazle sistemaren eraikitzea bibliografia azterketa sakon batean oinarrituta dago, baina elikagai ekologikoen sektoreko eragile ezberdinekin batera ere egin nahi nuen ikerketa. Horrela, agroekologiaren metodologiekin bat datorren ikerketa, ekintza parte hartzailearen logikarekin garatu nahi izan dut. Adierazle sistema eraiki eta gero, Estatu espainolean fruta eta barazki ekologikoak banatzen dituzten 40 esperientziatan probatu eta balioztatu nuen. Beraz, ikerketak badu bokazio eraldatzailea; adierazle sistema praktikan jartzen duenak hobekuntzarako gogoa izan behar du.
Nola lagun diezaioke ekoizle bati?
Autoebaluaziorako metodologia bat da, hobekuntzarako tresna, prozesu moduan ulertu behar dena. Eta ez da baliagarria ekoizleentzat soilik, administrazioak ere, bere kontratu publikoetan, tesian garatutako irizpideak eta adierazleak erabil ditzake elikagaien horniketan elikadura burujabetza lehenesteko. Adierazle sistema fruta eta barazkietarako eraiki dugu, baina adierazle batzuetan aldaketa txiki batzuk eginda beste elikagai ekologikoentzat ere baliagarria da (haragia, esnekiak…). Adierazle sistemaren beste puntu indartsu bat beste proiektu batzuekin alderaketak egiteko ematen duen bidea da. Nire ustez hor dago bere potentzialtasun handiena: adierazle sistema hau taldean landuz gero askoz ere aberasgarriagoa izan daiteke, agroekologiaren ikuspegi batetik proiektu bakoitza non kokatzen den azaleratzen duelako.
Uste dut proiektu agroekologikoetan etengabeko hausnarketa ezinbestekoa dela, agian hasiera batean ezarritako “marra gorriak” gainditu egin behar dira, malgutu, gure aliatuak izan daitezkeenak gure proiektuetara biltzeko eta proiektua bera agroekologiaren baitan garatuz joateko. Sistematika honek lagun dezake horretan.
40 esperientzia ezberdinetan probatu duzu sistema. Zein izan da ateratako ondorio nagusia?
Nekazaritza ekologikoaren alorrean mota guztietako proiektuetan probatu dut adierazle sistema, baita eredu erabat kapitalistan oinarritutako esperientziatan ere. Guztiek badituzte zenbait ezaugarri komun, esaterako, guztiek dute lotura bat ingurumenaren jasangarritasunarekin. Adibidez, elikadura ekologikoaren sektorean, baita proiektu industrialetan ere, produktuen formatuak eta hondakinen kudeaketa asko zaintzen dira, helburu desberdinengatik bada ere, jasangarritasun irizpideekin lotuz. Beste ezaugarri komun bat da iraunkortasunaren laugarren hankan, “harreman sisteman”, gabezia handiak daudela. Atal horretako sozializazioan eta baserri kulturaren irizpidean kale egiten dugu. Baserri kultura ez da transmititzen, elikaduraren arima bera ez da transmititzen. Hori gabezia garrantzitsua da.
Berriz ere arazo berdinera gatoz, kontsumitzaileak duen informazio eskasarena... Ezjakintasun horretan interes faltak ere izango du zeresanik, ezta?
Baita ere. Janaria ez da egungo euskaldunaren ardura nagusietako bat, familien aurrekontuetan elikadurak duen garrantziak argi uzten du hori (60 urtean, etxeetan gastatzen zenaren %55 suposatzetik %16 izatera pasa da elikadura). Egun beste motibazio batzuk daude eta, gainera, hiriaren eta landa eremuaren artean haustura handia dago. Informazioa ematean ikuspegi paternalista zabaldua dago: ‘Hau horrela da, eta zuk hau jan, zuretzako ona da eta’ eskemaren ordez, azterketa kritikorako bidea eman behar du informazioak. Komunikazioak norbanakoaren eta komunitatearen elikadura burujabetza lantzeko bokazioa izan behar du.
Batzuetan badirudi proiektu agroekologikoen marra gorri horietako bat ziurtapen ekologikoa «bai ala ez» dela. Zein da zure iritzia?
Euskal Herriaren eremuan, ekoizpen ekologikoaz ari garenean, nekazari txikiez ari gara, giza neurrikoak, nolabait esateko. Euskal Herriko nekazaritzari erreparatuta, ziurtapen ekologikoa eta agroekologia eskutik doaz. Ekoizleak hartzen duen konpromiso bat da. Nik uste zigiluak ekoizleari eskaintzen dion “plus” nagusia multikanalitatea dela, salmenta zuzenetik kanpo beste kanal batzuetan (komertzioak, ostalaritza...) merkaturatzeko aukera, eta hori garrantzitsua da proiektuen iraunkortasunerako. Edonola ere, identifikatzaileez ari bagara, nik neuk nahiago ditut prozesu moduan planteatzen direnak, EHKOrena kasu. Ekoizpen ekologikoan oinarritua eta baserritarren lanketa kolektiboaren bitartez “agroekologiaren bidea” egiteko helburua duena. Bertoko ekoizpen ekologikoa garatzeko eta gizarte orokorrari honen atzean zer dagoen helarazteko bokazio hori dauka.
Nekazaritzak testuinguru zaila bizi du aspalditik. Baserri ekoizpenak iraunkortasuna izateko zeintzuk lirateke klabeak, zure ustez?
Harreman sistema indartzea, baserri kultura iraunkorra euskal gizarte osoari transmititzea ezinbestekoa da, betiere folklorismoan jausi gabe. Maila produktiboan, Euskal Herriko baserriek duten txikitasunaren testuinguruan, komunitatea eta bizitza soziala elikatuko duten proiektuak lehenetsi behar ditugu. Baserria beti egon da bere lurraldearen eta komunitatearen sarean kokatuta, eredu industrialak esteka horiek apurtu eta indibidualizatu nahi izan dituen arte. Baserriaren denborak eta erritmoak beste neurri batzuk ditu, eta epe laburreko emaitzen bilaketaren logikoarekin talka egiten dute. Hori zaintzea guztion ondarea zaintzea da.
