2016/05/07

Kronika
 
ETA BAT-BATEAN, HAUR HURA

Apirilaren 16tik 23ra bitartean Sardinia, Kurdistan eta Herrialde Katalanetako ahozko kantu inprobisatuen berri izan dugu Euskal Herrian. Hona hemen Bilbo, Hernani, Donostia, Iruñea, Markina-Xemein, Uztaritze eta Aramaion egindako bidaiaren kronika posible bat.

Beñat GAZTELUMENDI
Pd17_uztaritze1

Bitxia da bertsolari batentzat Euskal Herritik kanpo aritzea: bertsotan hasi eta publikoari begiratzean ohartzea ez gaituztela ulertzen. Eta etena ez da hizkuntzari lotua bakarrik. Bertsolariok esku hutsik ateratzen gara mikrora

Itzulpenak izan ziren gure lehenengo kezka: nola itzultzen da bertso bat beste hizkuntza batera? Hizkuntzatik datorren jardun bat, hitz-jokoetan eta erriman oinarritzen dena, itzuli al daiteke? Ezer galdu gabe ez

Erritmoa zen beste kezka: nola itzuli inprobisatzaileen jardunean etenik sortu gabe. Bertsolaritzan bezala, ahozko kantu inprobisatu gehienetan estimatua izaten da kantuan ari direnen arteko erantzun azkarra

Bertsolaritzaren hizkuntza bakarra ez delako euskara. Ahoz, kantatuz eta inprobisatuz egitea bera hizkuntza bat delako, eta, beste hizkuntza batzuetan izan arren, munduan asko direlako ahoz, kantatuz eta inprobisatuz aritzen direnak

Demagun erratz bati kantari hasi zarela bertsotan: zure lagunak jende normalak egiten dituen gauzak egiten ari direnean zure moduko batzuekin joaten zarela eta arratsaldea pasatzen duzula eskuak poltsikoetan sartuta, ideiak eta hitzak lau oinak osatzeko eman dizuten paperaren moduan tolestatu nahian. Eta bertso-eskolatik ateratakoan lagunek galdetzen dizutela non egon zaren, zergatik joaten zaren hara. Eta zu ahaleginduko zara azaltzen esatera iritsiko ez zaren hori esatera iritsi nahiak erakartzen zaituela; erratzaren aurreko lagunarte hark erakartzen zaituela, handik kanpo inork garrantzitsutzat hartzen ez dituen zure ideiak entzun nahi dituen jendea aurkitu duzula, zure ideiei kontrapuntuak bilatzen dizkiena, zure argumentuak fintzera bultzatzen zaituena.

Demagun urteak igaro direla eta zu izan zinen haur hark oinetakoak beti lotuta eramaten dituela orain, eta korapilo berriak aurkitu dizkiola lehen hain natural egiten zuen horri. Demagun, erratz aurreko lagunarteaz gain, ohartu dela bere inguruan ez direla asko euskara hutsez funtzionatzen duten eremuak; ohartu dela jendeak gauza garrantzitsuak esan ez, idatzi egiten dituela. Ikasi duela historia ofizialak idatzia behar duela izan, eta ahoz aho iritsi den hori historia ofizial horren ertza dela; kondairak, ipuinak, kantuak... Garrantzirik ez daukan hori, alegia.

Eta demagun 2003a dela eta zu izandako haur hura Euskalduna jauregira joan dela. Entzun duela munduan badirela beste hizkuntza batzuetan ari diren bertsolariak, zortziko handiaz eta zortziko txikiaz gain segidillak eta dezimak eta bestelakoak egiten dituztenak. Eta ulertu ez arren barru-barruan geratu zaizula hainbeste herrialdetatik Euskal Herrira etorritako inprobisatzaileen irudia, oholtzan denak elkarrekin azken agurrak kantatuz, nor bere hizkuntzan baina “Aita-semeak” doinuan.

Bakanak bai, bakarrak ez

2016. urtera iritsi gara, eta geroztik ez da dimentsio horretako ahozko kantu inprobisatuaren topaketarik antolatu Euskal Herrian. Baina bertsolariak ibili dira hara eta hona; Sardinian, Kuban, Kolonbian, Katalunian, Galizian eta beste hainbat lurraldetan ibili dira.

Zergatik, ordea, mundua ezagutu behar hori? Bertsoak badu bere lurra, bere hizkuntza dauka. Euskaratik eta euskaraz egiten da, Maialen Lujanbiok behin kantatu zuen bezala; hizkuntzatik abiatzen da bertsolaria hitzak bihurritzen dituenean. Eta inprobisatzeko Euskal Herrian daukagun moduak Euskal Herrian dauka funtzioa, hemen dauka zentzua. Jendartea aldatu ahala aldatzen baita kantatzeko, oholtzan egoteko eta pentsatzeko modua ere. Orduan, zergatik besteak ezagutu behar hori?

Bertsolaritzaren hizkuntza bakarra ez delako euskara. Ahoz, kantatuz eta inprobisatuz egitea bera ere hizkuntza bat delako, eta, beste hizkuntza batzuetan izan arren, munduan asko direlako ahoz, kantatuz eta inprobisatuz aritzen direnak. Jardun horietatik ere ikas dezakegu transmisiorako darabiltzaten estrategiez, gizartean duten presentziaz, gaiak lantzeko duten moduaz edo, besterik ezean, elkarrekin esperimentatzeak denoi sortzen digulako halako betetasun bat.

Horregatik antolatu da aurten “Europa bat-batean” ekimena: ezagutzeko gogoa daukagulako eta gure burua ere erakutsi nahi dugulako datozenen aurrean. Andoni Egañak proiektuaren aurkezpen egunean esan bezala, bakanak gara, ez bakarrak ordea.

Udazkenean Leonen eta Katalunian

Hiru fasetako proiektua da “Europa bat-batean”. Udazkenean, Leonen eta Katalunian izan ginen eta Kanaria uharteetako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako inprobisatzaileak ezagutu eta haiekin aritzeko aukera izan genuen.

Bitxia da bertsolari batentzat Euskal Herritik kanpo aritzea: bertsotan hasi eta publikoari begiratzean ohartzea ez gaituztela ulertzen. Eta etena ez da hizkuntzari lotua bakarrik. Bertsolariok esku-hutsik ateratzen garelako mikrofono aurrera, musika-tresnarik gabe kantatzen dugulako eta oso murritza delako oholtzan hartzen dugun lekua. Eta euskaraz egiten dugulako, gainera. Harrituta begiratu digute Leonen eta Katalunian, eta hala ikasi dugu ez dela nahikoa mikrofonora atera eta kantatzearekin: testuingurua ere eskaini behar dela, zergatik kantatzen dugun kantatzen dugun moduan, zergatik ez garen mugitzen, nola antolatzen ditugun saioak, nola lantzen ditugun gaiak...

Udazkenean ikasitakoarekin iritsi ginen proiektuko bigarren fasera: apirilaren 16tik 23ra bitartean Euskal Herrira ekarriko genituen Sardinia, Kurdistan eta Herrialde Katalanetako inprobisatzaileak. Eta bagenekien Euskal Herritik kanpo sentitu genuena sentituko zutela haiek ere hemen.

Itzulpenei bueltaka

Itzulpenak izan ziren gure lehenengo kezka: nola itzultzen da bertso bat beste hizkuntza batera? Hizkuntzatik datorren jardun bat, hitz-jokoetan eta erriman oinarritzen dena, itzuli al daiteke? Ezer galdu gabe ez. Ondorio horretara iritsi ginen. Ulertu nahi eta ezina etengabea izango zela; inprobisatzaileak esan bai baina aditzera eman ezinean ariko zirela. Itzulpenak protagonismo nabarmena izango zuela jakitun, oholtza gainera eramatea erabaki genuen: ikus-entzuleek ere ikus zezatela zeinen hauskorra eta konplexua zen inprobisatzailearengandik bereganako zubi hori.

Erritmoa zen beste kezka: nola itzuli itzulpenak inprobisatzaileen jardunean etenik sortu gabe. Bertsolaritzan bezala, ezagutzen ditugun ahozko kantu inprobisatu gehienetan estimatua izaten da kantuan ari direnen arteko erantzun azkarra, erritmo bizia. Bertsotik bertsora itzulpena sartzeak erritmo hori eten egiten du. Horregatik erabaki genuen itzulpenak idatziz egitea oholtza-atzeko pantaila handian. Baina bertsoa osorik itzuli arte ez erakustea, inprobisatzailea kantuan ari zen bitartean ikus-entzuleak ez zitezen pantailari begira geratu bat-bateko jardunarekiko arreta galduz.

Garbi geneukan, beraz, itzulpena nola egin nahi genuen. Eta garbi geneukan testuei buruzko itzulpenaz gain jardunari buruzkoa ere eskaini beharko genuela: nor ziren zetozenak, ze egoeratan bizi ziren, ze presentzia zuen jardun inprobisatu bakoitzak bere jendartean... Baina, nor etorri dira?

Sardiniako «cantadori»-ak

Mediterraneoaren erdi-erdian kokatutako uhartea da Sardinia. Aurretik ere bagenuen hango inprobisatzaileen berri, bisitan izanak baikinen. Italiera eta sardiniera dira bertako hizkuntza ofizialak, baina, azken urteotan, italierak presentzia handiagoa dauka, gazteen artean bereziki. Sardinian hegoaldea eta iparraldea nabarmen bereizita daudela azaldua ziguten, eta sardiniera estandarrik ez dagoela; hizkeran alde handia dagoela uhartearen alde batetik bestera. Han izan ginenean euskara batuaz galdetu ziguten ia bertsolaritzaz adina.

Apirilean bi inprobisatzaile etorri dira gurera, bi cantadori: Simone Monni eta Paola Dentoni. Eta beraiekin batera, bi ahots laguntzaile ekarri dituzte: Stefano Cara eta Michele Deiana. Zer da, ordea, ahots laguntzaileek egiten dutena? Cantadori-ei tonua ematen diete. Labur esanda: bertsolari sardiniarren bertsoa etenez beteta dago. Bertso bakoitzean hiruzpalau aldiz urrunduko da mikrofonotik, eta tarte horietan atzean dauden ahots laguntzaileek tonua markatuko dute. Atmosfera berezi bat sortzen du honek, eta guri hasieran kosta egin zitzaigun bertsoa zergatik eteten zuten ulertzea. Poliki-poliki ulertu genuen ordea. Kontua da behin eta berriz errepikatzen diren esaldiz osatutako bertsoak direla cantadori-enak, gure kopla zaharren modukoak. Eta bertsoaren muina, edukia, ez da esaldien barruan dagoena bakarrik: esaldien ordena aldatuz hitz-jokoak sortzen dira, edo esanahia aldatzen da. Eta joko horrek ere balio artistikoa ematen dio.

Kurdistango «dengbêj»-ak

Gurean herrialde aski ezaguna da Kurdistan: Irakeko, Siriako, Iraneko eta Turkiako mugek zatitutako lurraldea, mapetan agertu ez arren albistegietan maiz ikusten duguna. Bertako dengbêj-ak ekarri nahi genituen Euskal Herrira baina, baimen-kontuak tarteko, hasiera batean itzultzaile lanak egitekoa zen Zinar Ala bakarrik etorri zen. Urteak igaro arren mundua askorik aldatu ez den seinale: 2003an amazigak ekartzekoak ginen, baina haien baimenak ere kontsulaturen bateko paper horituen artean geratu ziren.

Zinar Alak, inprobisatu ez arren, Kurdistango ahozko tradizioko zenbait ale ekarri zizkigun. Kurdistango historia ahoz aho transmititu dela azaldu zigun, historia liburu ofizialetan agertzen ez den herri horren testigantzak tradizio horrek gorde dituela, eta bere berri eman nahi zigun, han gertatu dena eta gertatzen ari dena azaldu. Kontatu zigunez, hileta-kantuak, deserriari jarritakoak eta gerra-giroan sortutako lanak dira nagusi, herri baten ahozko tradizioak eta bere unean uneko egoerak duten loturaren erakusgarri.

Azken urteotan, hala ere, bestelako gaiei buruz ere kantatzen omen dute. Gurera, esate baterako, ezkontza baterako jarritako bertsoak ekarri zituen, eta estribilloa kantatzen ere jarri gintuen behin baino gehiagotan.

«Glosador» eta «corrandista» katalanak

Azkenik, Herrialde Katalanetatik bi ordezkaritza ekarri genituen: Christian Simelio eta Anaís Falcó lehenengo Gerard Díaz musikariarekin, eta Mireia Mena eta Ferriol Macip ondoren Marcel Marimonekin. Frankismo garaian ahozko kantu inprobisatua ia desagertu egin zela azaldu ziguten; ia transmisio-bide guztiak eten egin zirela eta poliki-poliki ekin ziotela berreskuratze lanari orain dela urte batzuk. Pixkana-pixkana jaso dituzte lehengo tradizioaren testigantzak; tailerrak (gurean bertso-eskola esaten diegunak) sortu dituzte eta hezkuntzan ere sartu dira.

Zabaldu nahi horrek pisu handia dauka beren jardunean: oholtzapeko saio asko egiten dituztela azaldu ziguten, eta entzuleek ere parte har dezaten saiatzen direla. Saio bukaeran entzule eta artista paperak trukatu egiten dira, eta denak elkarrekin saiatzen dira inprobisatzen, parez pare. Instrumentuek lagunduta, oso kantu inprobisatu alai eta bizia da katalanena.

Hizkuntza, generoa eta transmisioa

Inprobisatzaile hauek guztiak astebetez izan ditugu Euskal Herrian, eta Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Markina-Xemeinen, Uztaritzen eta Aramaion aritu dira kantuan. Saio bakoitzean bi bertsolari izan dituzte aldamenean, aldiro desberdinak. Elkarrekin kantatzeko aukera izan dugu, elkarrekin doinuak hautatu eta bertso bidezko (eta tartean itzulpena zuten) elkarrizketak inprobisatzeko. Eta ikasi dugu ez dela erraza hain hizkuntza, hain oholtzan egoteko modu eta hain jardun desberdinak elkarrekin aritzea, baina lortzen denean sortzen den energia zaila dela deskribatzen.

Oholtzan adina ikasi dugu, ordea, oholtzapean. Gu bezala hizkuntza gutxitu batean ari diren beste hiru jardunekin aritu gara, eta ikasi dugu hizkuntza gutxituak izateak ez duela esan nahi hizkuntza txikiak direnik (begira katalana, milioika hiztunekin), baina hizkuntzaren egoerak berak sortzen duela atxikimendu berezi bat hizkuntza horretan bizi diren eremuekiko, eta ahozko kantu inprobisatuaren transmisioa oso lotuta dagoela hizkuntzaren transmisioari. Eta ikasi dugu Euskal Herrian eta bertsolaritzan soilik ez, munduko beste hainbat lurraldetan eta jardunetan ere urria dela emakumeen oholtza gaineko presentzia, eta emakumeek lekua hartzea ez dela zenbaki kontua bakarrik, oholtzan egoteko moduekin ere baduela zerikusia. Eta ikasi dugu ahozko kantu inprobisatuaren familia barruko transmisioa eteten ari dela munduko bazter askotan, eta estrategia berriak asmatu beharko ditugula hizkuntza desberdinak darabiltzaten bertsolaritzak geroratzeko.

Baina, demagun zu izan zinen haur horrek oraindik ez duela lokarriak lotzen ikasi, ez dituela korapilo hauek topatu. Eta besterik gabe ikasi duela egiten duen horrek sekulako balioa duela. Eta, hala ere, izugarri normala dela. Eta munduko beste bazter askorekin korapilatuta dagoela. Eta uztailean mundu gehiago ezagutuko dituela, “mundua” esaten duenean imajinatu ere egin ezin dituenak.