Xabier Izaga Gonzalez
GASTEIZKO AZKEN BEIRAGILEAK

Iraungiz doan ofizio baten historia gorabeheratsua eta artisauon kezkak

Beiratea, arte galdua, Gotikoak –eta Neogotikoak– kutun izandakoa, denbora luzean baztertua. Eta artisau beiragileak, galbidean dagoen ofizioan maitasunagatik hasi zirenak, aberasteko asmorik gabe. Mikel Delika eta Iñaxio Zarketa ez dira aberastu, baina arte babesgabe horrekin maiteminduta segitzen dute.

Argiaren artea. Hala esan izan zaio beirateari. Beste edozein artelanetan, argia islatu egiten da; beiratean, berriz, argiak zeharkatu egiten du obra. Argirik gabe, beraz, beira hutsa da, gehienez ere espazio baten itxitura. Argiak gauzatzen du artelana, eta haren aldaketa bakoitzak desberdin sumarazten du. Beiratea bere osoan gozatzeko, egunsentia eta ilunabarra oso egokiak omen dira. Esan liteke lan partekatua dela, egileak eta argiak partekatua, alegia.

Arte galdua ere esaten zaio beirateari, mendeetan zehar askotan gainbeheran egon izan da eta; are, batzuetan, ofizioa ia desagertuta ere. Tradizioz, tenplu erlijiosoetan erabili izan da, baina XIV. mendean eraikin zibiletan ere erabiltzen hasi ziren. Egun ere erabiltzen da eraikuntzan, baina, artisautzak oro har bezala, ofizioak, Hego Euskal Herrian behinik behin, galduta ez badago ere babes eskasa du.

Gasteizko bi beiragilek gidatu dute GAUR8 beirateen mundu ezezagunean zehar, Mikel Delikak eta Inazio Zarketak, Arabako hiriburuko azken artisau beiragileek, hain zuzen.

Ñabardura bat egin du Mikelek bere solasaren hasieran: beirateak ez dira «koloretako kristalak», maiz hala esaten bazaie ere, «kristalak naturan baino ez daude eta». Kristalak egitura molekular ordenatua du; beira, aldiz, amorfoa da, eta gizakiak sortua. «Bohemiako kristala» deitutakoa ere beira da. Berun kantitate handiagoa du, gardentasun handiagoa lortzeko. Beira antzina sortu zuten; seguruenik feniziarrek erabiltzen zuten, Iñaxiok dioenez.

Beirateak egiteko teknikak

Beiratea ez da beiraz egindako edozein osaketa, hura artelana izanda ere. Labur esanda, beirazko hainbat zati mihiztatuz osatutako pieza bakarra da. Teknika bat baino gehiago erabiltzen dira horrelako artelanak egiteko. Zaharrena beruneztatzea da. Beirazko zatiak “H” itxurako profila duten berunezko hagatxoen bidez lotzen dira. XIX. mendearen bukaera arte horixe izan zen erabilitako teknika bakarra. Ordutik aurrera, kobre gaineko beruneztatze edo Tiffany teknikak arrakasta handia izango zuen, batez ere lanparak eta oro har beirazko pieza txikiak lotzeko oso egokia baita. Beirazko zatien perimetroak kobrezko zinta mehe batez inguratu eta haren gainean eztainu-beruna urtuz lotzen dira zatiak. XX. mendearen erdi aldera hormigoizko beirateak egiten hasi ziren, beira lodiak mihiztatzeko; berunaren edo kobre eta eztainuaren ordez, hormigoia erabilita. Azken urteetan epoxi erretxinak ere erabiltzen dira.

Mikelek berunez muntatutakoak egiten ditu batez ere, baina baita garaikideak ere, erretxinak erabilita; horrez gain, zaharberritze lan ugari ere egina da.

Inaxiok, berriz, Tiffany teknika landu du gehienik. Dioenez, teknika bikaina da, esate baterako, lanparak eta oro har lan tridimentsionalak egiteko. Izan ere, kobre eta eztainuzko egitura berunezkoa baino askoz egokiagoa omen da beroaren eraginari eusteko eta deformatu gabe irauteko.

Hiru beira mota erabiltzen dituzte artisauek, gardentasunaren eta uniformetasunaren arabera sailkatuak: opaleszentea, koloreszentea eta katedral delakoa; hala ere, beiratea kokatuko duten lekuaren eta lortu nahi duten efektuaren arabera beira aukeratu ondoren, sarritan tratatu behar izaten dute tailerrean, itzala, kolorea edo beste elementu aberasgarriren bat gehitze aldera. Beira tratatzeko teknikarik ohikoenetako bat grisalla da. Pintura hori, urarekin edo beste elementu batekin nahastu, beiran eman eta dena labean egosi ondoren, itsatsita geratuko da, beiratuta. Badira beste tratamendu batzuk, hala nola esmaltea, zilar-horia eta azidoa.

Historian zehar

Beiratearen jatorria ezezaguna da. Haren gaineko dokumenturik zaharrenak IX. mendekoak dira, baina badirudi askoz lehenago erabiltzen hasi zela, seguru asko Bizantzion. Arrastorik zaharrenak, VI. mendeko zati batzuk, Ravenan (Italia) aurkitu zituzten; Ingalaterrako Monkwearmouth-Jarrow monasterio bikoitzean, berriz, VII. eta VIII. mendeetako beira koloredunak; Séry-lès-Mézièresen (Estatu frantsesa), gurutze bat osatzen duten beste batzuk, VIII. mendekoak, eta Lorsch, Schwarzach eta Magdeburg (Alemania) eta Wissembourgen (Estatu frantsesa), IX. eta XI. mendeen bitarteko beiretan pintatutako zenbait buru.

Zister ordenaren eragina nabarmena izan zen arte honetan. Hark aldarrikatzen zituen laztasuna eta herstura beiratean ere islatu beharra zegoen. Hartara, beirate handi koloreztatuak errefusatu eta beira zuri edota kolorgeak baizik ez zituen onartzen. Beirate ez figuratibo haiek, edonola ere, ederrak ziren beren soilean. Estatu espainoleko beiraterik zaharrenak Las Huelgasko (Burgos) monasteriokoak dira; haietako zenbait, oso koloretsuak. Monasterio hura zistertarra dela kontuan izanda, harrigarri edo gutxienik bitxia gertatzen da kromatismo erakusketa hori, orden hark kontrakoa aldarrikatzen zuen eta. Mikelek argitu du “misterioa”: erregeak ordaindu zituen.

Beirateak hiru misio ditu: itxitura, espazioak itxuraldatzea eta mezu bat transmititzea. Arte erromanikoan, lehena zen nagusi. Hala ere, beirateak hedapen handia izan zuen garai hartan. Gotikoan, berriz, hedapen hori are handiagoa izan zen, erabateko garrantzia hartu baitzuen, arkitektura eraldarazteraino. Erromanikoan ez bezala, tenplu itzelak eraiki zituzten, eta beiratea arkitekturaren ezinbesteko osagarria zen murruetako leihate zabalak janzteko. Izan ere, tenplu haietan funtsezkoak ziren, bertikaltasunarekin batera, argia eta kromatismoa, eta beirateen bidez sortu zuten argi eta kolore giro hori. Hartara, pintura monumentalaren adierazpiderik nagusia bihurtu zen beiratea, eta Erdi Aroaren amaierako mendeetan Kristautasunaren sinbologia eta mistika adierazteko tresnarik onena.

Euskal Herriko beiraterik zaharrenak, XVI. mendekoak, Iruñeko katedralean daude. Zaharxeagoak dira Valpuestako Santa Mariakoak. Valpuesta Arabako Gaubea ibarreko udalerria da, Burgosko Administraziopekoa, baina. Bada, ordea, Baionako katedraleko jatorrizko beirateak XII. mendekoak direla dioen historialaririk. Gasteizko Santa Maria edo “katedral zaharrari” datxekion Santiago kaperan dauden zenbait beirate XVII. mendekoak dira. Santa Marian ere bazeuden mende bereko ale batzuk, baina 1960an, katedrala zaharberritu zutenean, beirate haiek kendu eta, berriztatu beharrean, beste batzuk jarri zituzten. Horrelako jokaera oso ohikoa izan da leku askotan, horregatik, negargarria bada ere, ez da harritzekoa Gasteizko katedralaren zaharberritze lan haietan XIX. mendeko organoa hondatu izana.

Errenazimentua ez zen oso onuragarria izan beiratearentzat. Garai hark oro har arteen distira ekarri bazuen ere, arkitekturak zuri kolorera jo zuen eta soberan zituen, nonbait, beirateen koloreak.

XVII. mendean gainbeheran zegoen beiragileen lanbidea, baina Barrokoak beiratearekiko interesa piztu zuen atzera berriz. Hala ere, beirazko lanak enkargatzen zituztenak konturatu ziren lanbide hori ia desagertuta zegoela. Kolorerik gabeko beirateak egin zituzten, eta ondoren margotu, denboraren joanean pintura galdu zutelarik. Beira pintatu haiek, baina, batzuk kalitate handikoak izanik ere, ezin dira beiratetzat hartu, ez baitira puzzle gisa osatutako piezak. Garai hartan zenbait tratatu idatzi zituzten, beirateak nola egin erakusteko.

Neogotikoa eta neoklasikoarekin batera, XIX.mendearen bigarren erdian, beirateen booma gertatu zen, eta garaiko beiragilerik ospetsuenetako bik, Bordeleko Pierre-Gustave Dagrand eta Paueko Jules-Pierre Maumejean maisuek, Baionan eta Biarritzen, hurrenez hurren, zabaldu zituzten beren tailerrak. Haien lanak oso preziatuak dira gaur egun ere. Ospe handikoak izan ziren, halaber, XX. mende hasieran ateak zabaldu zituzten Irungo Artista Beiragileak eta Bilboko Arte Beiragileak tailerrak. Ospe handi hura beren lanen kalitateak eman zien. Nolanahi ere, azken urteetan ateak itxi dituzte biek ere.

Arlo erlijiosoan bezala zibilean ere bere lekua berreskuratu ondoren, gainerako arteekin batera bilakatzen jarraitu zuen beirateak, batez ere arkitekturaren eskutik, modernismoan, art decò mugimenduan eta ondorengo “ismo”-etan. Zenbait arkitekto eta artistak, hala nola Gaudi eta Matissek, hainbat beirate diseinatu eta sortu zituzten.

Ofizio bat galbidean

Iraungiz doan ofizioa dela beiragintza diote Mikelek eta Iñaxiok. Gorabehera asko eta babes gutxi izan du beti moden menpe egon den arte honek historian, eta hala jarraitzen duela ematen du, Hego Euskal Herrian eta, oro har, Estatu espainolean, behintzat.

Artisauok salatzen dutenez, ez dago ofizioaren iraupena bermatuko lukeen inolako helduleku instituzionalik. Esate baterako, titulazioren bat, Arte Ederren fakultateko ikasleentzako graduondoren bat... Europako hainbat lekutan ez bezala. Erakundeek jaso izan dute horretarako proposamenik: Mikelek Fernando Cortesekin batera egin zuen “Estudio y Plan Director de las Vidrieras de la Catedral de Vitoria-Gasteiz” (Gasteizko Katedraleko Beirateen Azterketa eta Egitasmo Zuzendaria) lanean agertu zuen kezka hori. Proposamen gehiago ere luzatu izan ditu, hala nola Gasteizko beirate ibilbidea, betiere arte horrekiko interesa sustatu eta jarraipena izan dezan baldintzak ezartze aldera. «Urte batzuk barru hemen ez da beirateak zaharberritzeko gai denik izango, eta beste herrialde batzuetatik ekarri beharko dituzte», dio Mikelek. Arrangura bera agertzen du Iñaxiok. Urtebetetsu barru erretiratzeko asmoa du eta salgai jarriko ditu tailerra eta tresna guztiak; hala ere, ez du uste inor bere jarduerari jarraitzeko prest dagoenik. Ikastaroak ematen ditu, eta frogatu du beiratea katigatzen duen artea dela, baina baita gazte jenderik ez doala ikastarootara ere. Gehienak emakumeak dira, eta eurak omen dira langile eta sortzaileenak ere. Egun nazioartean badira artista handiak beira ezagutu eta erabiltzen dutenak; beraz, hemen ere artistek beiragintzako teknikak ikasi beharko lituzketela uste dute. «Artisautza teknika artistikoa da», dio Iñaxiok, eta «artistak bere ideiak gauzatzeko teknikaren jabe izan beharko luke».

«Euskal Corpus Vitrearum bat»

Erakunde publikoetan ez dute beirateen kudeaketari dagokionez erabakiak zentzuz hartzeko gai den jende asko sumatzen. Adibide bat jarri du Mikelek. Egun beirateak hobeto kontserbatzeko bada baliabide on bat: beira isotermikoa. Beiratea, kanpoko elementuetatik babesteko, bi beira gardenen artean sartzen da, baina aireztatzeko zirrikitu bat utzita. Sistema eraginkorra eta gainera beirateak garraiatzeko baliagarria da. Baina ohiko funtzionarioaren menpe egoten da erabakia. «Imajina ezazu Iruñeko katedraleko beirateen erakusketa bat», dio begiak zabal-zabal, «erakusketa egunetan, katedraleko leihoetan beira gardenak geratuko lirateke eta, nahi izanez gero, egungo baliabide digitalak erabilita, bertan beirateen irudiak agertzeko aukera legoke».

Mikelen asmorik handiena beiratearekiko interesa sustatzea da egun. Berak makina bat beirate egin ditu, hainbat eliza, erakunde edo toki pribatutarako; hamaika zaharberritze; Gasteizko Andre Mari Zuriaren Arrosarioaren segizioko farolen mantentze eta zaintzaren arduraduna da; Gernikako Batzarretxeko sabai-leihoko beiratearen Esku-hartze Azterketa egin zuen, Fernando Cortesekin elkarlanean... betiere lanak, berak edo beste batek eginda, ahalik onenak izatea bilatuz. Eta beti nabaritu du jarraibideak eta gomendioak emango dituen organismo baten falta. Organismo horrek instituzioentzat ere erreferentzia izan beharko luke; esate baterako, «Euskal Herriko Corpus Vitrearum bat». Corpus Vitrearum Medii Aevi erakundea joan den mendean sortu zen, Bigarren Mundu Gerraren ostean. Gerra hasieran, Estatu frantseseko monumentuen ikuskatzaile Jean Verrierrek elizetako beirate gehienak desmuntatzeko agindu zuen. Berdin egin zuten gerran parte hartu zuten herri gehienetan. Beirate haiei hainbat argazki egin zizkieten baldintzarik onenetan; alegia, argiztapen egokian eta dagokien eskalan, eta argazkiok izan ziren ondoren sortuko zen Corpus Vitrearum Medii Aevi delakoaren oinarria. Baina erakunde horrek Estatu espainolean ez du beste leku batzuetan duen eragina. Ados dira Inazio eta Mikel Euskal Herrirako horrelako erakunde bat aldarrikatzerako orduan. «Hemen badugu horretarako ondarea».

Ezkor agertzen dira biak artisau-beiratearen etorkizunari begira. Edozein artisauk bezala, edozein artistak bezala, beren legatua utzi nahiko lukete, maite duten zeregin horri jarraipena emango dion jendea izatea. Baina ulertzen dute, eurek bizi izan dutelako, edonor ez dagoela prest negoziotik gutxi duen jarduera batean lan egiteko.

Iñaxiok dioenez, beti krisian den ofizioa da, zer esanik ez azken urteotan. Ulertzen dute, era berean, jende askok beirate industrialak erostea, askoz merkeagoak dira eta. Baina jende horrek jakin behar luke zenbat lan dagoen artisau-beirate baten atzean. Lan pertsonalizatua da, bezeroak lanaren jarraipena egiteko aukera ematen duena. Nolanahi, ez omen dago produktu komertzialekin lehiatzerik. Materiala oso garestia da; gainera, beira inportatu beharra daukate, Alemaniatik eskuarki, Estatu espainolean ere, ez baita fabrikatzen. Iñaxiok eta Mikelek onartzen dute badaudela beirate industrial onak, kalitatekoak, baina argi utzi nahi dute produktu horiek ez dutela artisau-lanaren nortasuna.

Ez ziren ofizioan aberasteko hasi, bizitzeko baizik: beiragintza ogibide gisa eta grina gisa bizitzeko. Arte eta ofizio batekiko maitasunagatik hasi ziren eta ez dira aberastu, baina harekin maiteminduta segitzen dute Gasteizko azken beiragileek.

 

Artisau txistularia

Mikel Delika autodidakta da bere lanbideari dagokionez. Hori bai, beiragintza ez da 56 urteko gasteiztar honek artearekin duen harreman bakarra, oso musikari ezaguna baita Gasteizen, txistulari eta tronpeta jotzaile gisa, hain zuzen. Mende laurdena du dagoeneko lanbide eta, batez ere, zaletasun duen beiragintzan. Berunez muntatutako beirateak eta beirate garaikideak egiten ditu, zaharberritze lanez gainera. Lanbide Heziketako ikasketak bukatu ondoren, beirate industrialak ekoizten zituen fabrika batean lan egiten hasi zen. Bere emazte Sofik, Ingalaterran jaioa eta hango beiragileen tradizioaren jakitun, tailerra zabaltzeko konbentzitu zuen. Hala egin zuen Alde Zaharreko Txikitxo kalean, Aiztogile edo, ezagunago, Kutxi kale ezagunaren parean. Sofiren aitaren bidez Peter Young artista ospetsuarekin harremanetan jarrita, zenbait astez maisu izan zuen Mikelek irlandarra tailerrean, bere teknika hobetzeko.

 

«‘Zarketako’ garai txarra»

Iñaxio Zarketa Oñatin jaio zen orain dela 64 urte. Berak ere izan du txistuarekiko harremanik. Adineko jendeak urte askoan ikusiko zuen Iñaxioren aita Oñatiko plazan danbolintero. Zarketa txistulariaren seme Iñaxiori Gazteketa esaten zioten umetan; gaur egun, ordea, ez litzaieke halakorik bururatuko, dagoeneko Iñaxio aitajauna da eta. Gasteizera ezkonduta, ondoren Kanadan eman zituen hainbat urte, harik eta 90eko hamarkadaren hasieran beiragintzan hasi zen arte, lehenengo etxean eta geroxeago Gasteizko Alde Zaharreko Hedegile kalean zabaldu zuen tailerrean. Kanadan ikasi zituen beiragintza teknikak, besteak beste. Beruna ere erabili izan duen arren, Tiffani teknika landu izan du batez ere. Datorren urtean erretiroa hartuko du, eta ez du uste bere jardunari inork segida emango dionik, berak nahi lukeen bezala. «‘Zarketako’ garai txarra da hau», dio bere deiturarekin hitz-jokoa eginda.