2016 MAI. 21 infraganti J. M. BASTIDA «TXAPI» Txistulari, musikari, Arabako historiaren eta ohituren ikertzaile. Aparteko oroimenarekin janzten du bere etorri handia, gertakariak eta pasadizoak trumilka datozkiola gogora. Tradizioari eustearen aldekoa da, baina hartarako berritu, garaian-garaian egokitu beharra dagoela dio. Gasteizen gutxik galdetuko dute nor den Txapi. Xabier Izaga Gonzalez Paseoan dabilela ematen du, baina eskuarki ez du hartarako asti handirik hartzen. Txistu entseguren batetik hitzordu batera edo liburutegi zein agiritegi batetik etxera bidean ibili ohi da. GAUR8ri bi ordu pasa eskaini dizkio. Ez da gutxi. Enkontrua baino lehen Gasteiz Kantuz ekimenerako partituren moldaketak egiteko astia izan omen du. Oraingoan, ahotsak laguntzeko txistuek eta biolinek batera jo dezaten. Abesbatza, txaranga eta mota guztietako musika talde ugarik egiten dizkiote horrelako enkarguak. Txistuari loturik eman du Jose Mari Bastida Txapi gasteiztarrak ia bizitza osoa, baina ez horri bakarrik. «Erratz-kirtenari ere soinua ateratzen zion musikari gazte» hura –orain 64 urte betetzear da– kulturarekin izan duen harreman estuagatik ere bada ezaguna, eta Gasteizko eta Arabako historiaren eta ohituren gaineko hamaika hitzaldi emana ez ezik, zenbait hedabidetan kolaboratzaile finkoa ere izana da: “Egin”-en, “El Periódico de Álava”-n eta Canal Gasteizen, hain zuzen. «Hirurak desagertu dira. Bitxia da, ezta?», dio irribarrez. Beste zenbait hedabidetan ere egin izan ditu noizbehinkako kolaborazioak, ordea. Solasa hasi baino ez da egin eta oroimen pribilegiatuaren jabe den ospea merezia duela erakutsi du. Pasadizo batek beste batera darama, aurrera eta atzera salto eginda, halako data zehaztuta, bestelako datua borobilduta. Euskal kulturarekiko maitasuna oso gaztetatik omen datorkio. Eta atzera egin du berriro, Radio Vitorian entzun ohi zuen programa gogorarazteko: “Fiesta Vasca”, geroago “Euskal Jaia” izango zena. Diktadura garaian euskal musika eta euskarazko abestiak entzuteko zegoen aukera bakarra zen igandeetako ordu erdiko emanaldi hura. Herrien tradizioez, ohiturez, kulturaz ari garela, argi utzi nahi du bere iritzia: tradizioa garaian-garaian egokitu beharra dago. «Batzuek ez dute begi onez ikusten, esate baterako, neskek ezpata-dantza edo ‘mutilen’ edozein dantza egitea, tradizioa galtzeko bidea dela argudiatuta. Nik, ordea, oso ondo ikusten dut. Egokitze hori, hain zuzen, tradizioari eusteko modurik onena da». Hamasei urtean San Prudentzio jaietako danborrada zuzendu du, eta jarraitzeko asmoa du. Danborradaren zuzendari hasi baino askoz lehenago, ordea, bazebilen fanfarreen munduan murgilduta. 1978an, Indarra Fanfarrea sortu zen, tartean Txapi tronpeta jotzaile zebilela. Bi urte geroago, Gure Jakintzak San Prudentzio bezperan Txun Txun Eguna egiteko asmoa jakinarazi zion, baita egun horretarako ereserkia egiteko eskatu ere. Berak melodia ederra egin zuen, urtero egun horretan Euskal Herri osotik Gasteizera joandako fanfarre andanak batera jotzen dutena, Txapiren zuzendaritzapean. Lehenengo Txun Txun Egunean disko bat grabatu zuten. Baina ez zen izango Txapik parte hartu duen grabazio bakarra, ezta hurrik eman ere. Ordurako ezaguna zuen Otxandioko musikari bat, Josu Zabala, Patxi Villamor abeslari gasteiztarrarekin soinua jotzen zuena. Zabalak tresna autoktonoak sartzeko asmoaren berri eman zion eta horrela hasi ziren Txapi eta bere fanfarreko beste zenbait kide Villamorrekin eta Zabalarekin txistua, txirula, gaita eta bonbardinoa jotzen. “Nora Goaz” diskoa grabatu zuten. Ondoren etorriko ziren Etxahun Iruriren omenez Niko Etxartekin grabatutakoa, edo Oskorri taldearekin egindako kolaborazioak. 1991n Txapik “Urrezko Zeledon” saria jaso zuen, eta urte berean omenaldia egin zioten Araian. Bertan izan zen, besteak beste, Patxi Villamor. Nacho de Feliperen taldeak ez zuen omenaldira joaterik izan, baina bere agurra bidali zion Txapiri. Ez zen falta izan, hala ere, Araiako seme Jesus Mari Alegria, Txapiren lagun mina eta 70eko hamarkadan Oskorrin –baita Gorka Knörrekin ere– zeharkako flauta jotzen zuena. Betidanik ezagutu du Txapik musika giroa etxean, aitak biolina jotzen zuen eta. Berak Donostiako bandaren eta Polentzi Gezalaren diskoak entzuten zituen, eta, anaia nagusia txistularia zenez, tarteka tresna hartu eta jotzen ikasi zuen, belarriz. Aldi berean lengoaia musikala ere ikasi zuen, bere kabuz. Bazuen, halaber, beste txistulari batzuekiko harremanik, eta haiekin jo ohi zuen mendiko txangoetan. Luze gabe, dantza talde batera sartzea proposatu zioten. 1968. urtea zen eta Oldarki taldera agertu zen. Jesus Errasti txistulari eta dantza maisuak ea txistua jo nahi zuen galdetu zion eta, Txapiren baietza jasota, esan zion: «Orduan, dantzan ere ikasi beharko duzu». Eta dantzatzen hasi zen. Bestetik, Txapik belarriz jotzen zuela ikusita, bigarren txistua jotzeko agindu zion Errastik, musika irakurtzera behartzeko. Garai hartan, 60ko hamarkadaren bukaeran, Oldarki taldeko zenbait kidek, tartean Txapik, Gaztetxu dantza taldearen ardura hartu zuten, umeen talde haren sortzaile Jose Mari Lopez Elorriaga Coppi-k taldea utzi behar izan zuenean. Coppi-k, hain zuzen, sortuko zuen Gasteizko lehen dultzaina taldea, Hiru Bat, anaiarekin eta Hertzainak taldeko sortzaileetakoa izango zen Fernando Aldama Tito-rekin. Hainbat urte geroago, Txapi ere hasi zen gaita jotzen, eta ondoren, Iñaki Caño eta Carlos Oiangurenekin batera, Gasteizko Gaiteroen Banda sortuko zuen. Indarraren garaiaren ostean, 1985ean, Gesaltza Añanako bandako kide egin zen. Han, tronpeta jo eta musika moldaketak egiten zituen. Oraintsu arte jarraitu du fanfarre horretan. 90eko hamarkadaren hasieran bat egingo zuten berriro Txapiren eta Josu Zabalaren bideek. Zabalak urteak zituen aurkezpenik behar ez duen Hertzainak taldean, eta harekin kolaboratzeko eskatu zion Txapiri. Single bat grabatu zuten elkarrekin, eta ondoren Bergarako Txibisto diskotekan zuzeneko diskoa. Garai hartako pasadizo bat datorkio berehala gogora. Hertzainak taldeak emanaldia zuen Gasteizko jaietan, abuztuaren 8an, eta Zabalari abesti bat Gesaltzako bandarekin jotzea otu zitzaion. Egun berean entseatu eta Bingen Mendizabal eta Txapik musika moldaketak egin zituzten ziztu bizian. Kontzertuaren erdian, Garik iragarri zuen: «Orain Gesaltzako bandarekin utziko zaituztegu. Hurrengora arte!». Hura zalaparta, jendeak berehala sortu zuena. Atera zen oholtzara Gesaltzako banda, Txapiren batutapean, jotzen hasi eta segituan Hertzainak batu zitzaion. Hasierako txistu eta biraoak txalo bero bihurtu ziren. Gasteizko jaietan, Andre Mari Zuriaren egunean, urtero udal bandaren kontzertua bukatu baino lehen, blusa edo neska batek bizpahiru pieza zuzentzen ditu, eskuarki “Zeledon” eta “Blusak badatoz”. 1987an, ordea, horiek ez ezik, kontzertu osoa ere zuzendu zuen blusa batek: Jose Maria Bastidak, udal bandako zuzendariordeak proposatuta. Hala esan zion hark bandako zuzendari iritsi berriari. Hartarako Kultura zinegotziaren baimena behar zuela erantzun zion zuzendariak. Harengana jo zuenean, zinegotziak harrituta galdetu zion: «Blusa batek...? Eta nor da?». Jose Mari Bastida zela entzundakoan, zinegotziak esan zuen: «Txapi? Bai, gizona, zuzendu dezala!». Txistularia, txistulari bikaina, goitik beherako musikari eta musikagilea, Arabako kulturaren ezagutzaile aparta. Historia, istorioak eta pasadizoak inoiz agortzen ez dituen kontalari trebe eta nekaezina. Txapi. • «Batzuek ez dute begi onez ikusten, neskek ‘mutilen’ edozein dantza egitea. Nik, ordea, oso ondo ikusten dut. Tradizioa egokitzea, hain zuzen, hari eusteko modurik onena da» Gesaltzako banda oholtzara igo zen kontzertu erdian, Txapiren batutapean; jotzen hasi eta segituan Hertzainak taldea batu zitzaion. Txistu eta biraoak txalo bero bihurtu ziren