amagoia.mujika@gaur8.info
IZENA ETA IZANA

Izenak ez du izendatu bakarrik egiten, eraiki ere egiten du. Nola eraiki nahi dugu?

Lorea edo Harkaitz. Izenak ez du izendatu bakarrik egiten, pertsona eraiki ere egiten du. Izenak baditu bere karga propioak, horietako asko generoari lotuak. Hausnarketa horietatik abiatuta eta zenbait erregistro zibiletan ematen diren egoerek kezkatuta, Emaginek eta Bilgune Feministak izenari buruzko hausnarketaren metxa piztu dute.

Bilgune Feministak eta Emaginek elkarlanean osatu dute “Izena eta izana ezbaian: Gida praktikoa”, azken urteotan mamitu den kezka baten haritik sortutako liburuxka eta aurrera begirako hausnarketaren abiapuntu izan nahi duena. «Hausnarketa hau egiteko beharra Bilgune Feministako militanteetatik sortu da. 2010. urte inguruan erregistro zibiletan sortzen ari ziren zenbait arazoren berri izan genuen. Ordura arte bi sexuentzako erabiltzen ziren izenei muga jartzen hasi ziren zenbait tokitan. Eta martxan jarri ginen, izenek duten garrantziaz ohartarazteko», agertu du gida osatzen aritu den Saioa Iraolak (Iratxe Esnaola, Idoia Trenor eta Libe Eizagirrerekin batera).

Ezezagutzatik abiatzen da hausnarketa –«izenen inguruko legeak ez ezagutzetik»– eta baita «feminismotik izenen aferan ekarpena egiteko» gogo argi batetik ere. Izan ere, izenek ez dute bakarrik pertsona izendatzen, pertsona eraiki ere egiten dute. Horregatik dute hainbesteko garrantzia.

«Gure ustez izenak ez du izendatu bakarrik egiten. Eta hainbat hizkuntzalarik ere hala esaten dute. Izenak pista asko eman ohi ditu pertsonaren inguru sozialaz eta generoaz. Ez da berdina esatea ‘atzo Samuelekin egon nintzen kafe bat hartzen’ edo ‘atzo Kattalinekin egon nintzen kafe bat hartzen’. Izen horrek informazio bat ematen digu pertsonaren inguruan. Gure hausnarketa hortik abiatzen da. Gure ustez izena guztiz lotuta dago hizkuntzarekin. Eta hizkuntzak balio du errealitatea sortzeko, baina baita errealitatea eraldatzeko ere. Beraz, hizkuntzak errealitate bat sortzen baldin badu eta guk errealitate bat aldatu nahi baldin badugu, hizkuntza bera erabili dezakegu horretarako. Lan honen abiapuntua hori da. Alda dezagun hizkuntza errealitatea aldatzen segitzeko».

Hizkuntza etengabe ari da errealitate berrietara moldatzen, ohiturak eta tradizioak bezala. Emaginen eta Bilgune Feministaren arabera izenak ere balia daitezke errealitate berriak marrazteko. Bide horretan, genero markarik gabeko izenak erabiltzeko aukera jarri dute mahai gainean, izena ez dadin pertsonaren eraikuntzan karga bat bihurtu.

«Izena da gure identitate indibidualaren lehen oinarrietako bat. Horren garrantzia nabarmendu nahi dugu, izenaren hautuaren garrantzia. Ez da berdina haur bati Lorea edo Harkaitz jartzea. Izenak berak aurreiritziak sortzen ditu. Aukera dago –eta horrek ez du esan nahi denok eta derrigor horrela egin behar dugunik– izen neutroak jartzeko, genero markarik gabeak. Aukera bat da eta jendartea horren kontziente izatea nahi dugu».

Nondik datoz izenak

Garai batean izendatzea gurasoen eskumena zen eta ohikoa izaten zen haurrei aita-amen izena jartzea. Kristautasunaren etorrerarekin, Elizak hartu zuen izendatzeko autoritatea eta aitabitxi edo amabitxiengan utzi zuen haurrei izena jartzeko eskumena. XVIII. mendean, familia askotan, izen berbera zuten haurrak aurki zitezkeen. Garai hartan aitak aukeratzen zituen semeen izenak, eta, amak, alabenak. Jaiotza egunari zegokion santutegiko izena jartzeko ohitura ezarri nahi izan zen, baina Euskal Herrian izen asko arrotzak ziren herritar askorentzat eta araua ez zen hain zorrotz sustraitu.

XX. mendean izen politak jartzea moda bihurtu zen, Espainiako Gerra Zibila hasi arte iraun zuena. Emakumeentzat belarrira atseginak ziren izenak jartzen hasi ziren, “-ina” atzizkiarekin askotan. Josefina, esaterako. Mendearen erdialdetik aurrera, izen bikoitzak gailendu ziren, “Jose Luis” eta “Mari Carmen” modukoak.

Gaur egun izena jartzeko eskumena gurasoengan dago. Gurasoek atsegin dituzten izenak dira nagusi, nahiz eta modak ere badauden; haurrei herri nortasunari lotutako izenak jartzea, adibidez. Gainera, XX. mendearen erdialdetik aurrera izen ugari baliagarri izan dira neskak zein mutilak izendatzeko; Hodei, Lur, Amets eta Aitziber, kasu.

Azken urteotan, baina, guraso askok legearekin egin dute talka haurrari nahi dioten izena jartzeko orduan. Legea desberdina da Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian.

Zer dio legeak?

Ipar Euskal Herrian Estatu frantseseko legea ezartzen da, eta, horren arabera, izena hautatzeko eskumena gurasoek dute eta haurrari edozein izen jar dakioke, umearentzat iraingarria ez den bitartean. Hego Euskal Herrian, berriz, Estatu espainoleko legea segitzen du izendegiak eta lehen puntutik zorrotz zehazten du izenak izendatua emakumea edo gizona den argitu behar duela.

Euskaltzaindiak arautzen du euskal izendegia. Erakundeak zehazten duenez, «izen zerrenda ontzean gogoan izan ditugu aldiro hizkuntzaren aldetiko egokitasuna, izen-eramaileari zor zaion duintasuna eta beharrezkoa den sexu bereizketa». Hartara, Euskaltzaindiak zenbait izendegi baztertzen ditu sexu-bereizketaz arduratzen ez direla argudiatuta eta erakundeak arautuak ditu gizonentzako izenak eta emakumeentzako izenak, eta horrek zenbait erregistro zibiletan arazoak sortzen ditu.

“Izena eta izana ezbaian” txostenean desobedientzia zibilerako deia egiten da, legeak dituen zirrikituak baliatuz, norberak seme-alabei nahi duen izena jarri ahal izateko. Eta Euskal Herrian badira dagoeneko desobedientzia horren adibide praktikoak, batek baino gehiagok traba dezente gainditu behar izan ditu-eta jaioberriari izena jartzeko. Aipatu gida praktikoan zenbait estrategia jasotzen dira.

Ospitalean inskribatzea

2015eko urriaz geroztik jaiotzen inskripzioei buruzko arautegi berria martxan da EAEn. Alegia, haurra ospitalean bertan inskriba daiteke. Gidak jasotzen duenez, «pentsatzekoa da ospitaleetan inskripzioak egiteko bide hau permisiboagoa izan daitekeela, osasun zentroetako langileak malguagoak izan daitezkeelako. Inskripzioak erregistro zibilean gainbegiratu behar dituzte gero, baina bide interesgarria izan daiteke».

Abstraktuak, toponimiak...

Bada aukera pertsonaia historiko, mitologiko, legendazko edo artistikoen izenak jartzeko, izan unibertsalak, estatu mailakoak edo eskualderen batekoak. Izen geografikoak, abstraktuak, arruntak edo fantasiazkoak ere jar daitezke. Eta badaude bideak. Adibidez, semeari Itxaso jarri nahi zion bikote batek kontatzen du nola jakin zuen Nafarroan bazela herri bat Itxaso izena zuena. Erregistrora joan eta hala jakinarazi zioten bertako langileari. Eta baietz, arrazoia eman zien eta semeari Itxaso jartzeko aukera izan zuten azkenean.

Espainiako Estatistika Institutua

INEren (Espainiako Estatistika Institutua) web orrialdean Estatu espainolean jarri izan diren izenen estatistikak kontsulta daitezke, probintziaka. Bertan sartu eta froga daiteke Elur, Maren, Aratz, Ioar edo Amaiur bezalako izenak neskei eta mutilei jarri zaizkiela. Horrenbestez, erregistroren batean izena ukatzen badute, froga daiteke beste erregistro batzuetan INEk onartu izan duela. Bidea erraztu dezake.

Gauza jakina da erregistro batetik bestera ere aldatu egiten dela panorama, bertako langileen arabera. Hartara, izan dira beste herri batean erroldatu direnak, bertako erregistroan nahi zuten izena jartzen uzten zietelako. Ez da jokaldi hain erraza eta bestelako endredoak sortu ditzake. Baina aukera bat da.

Eta bada beste bide bat, traba administratibo guztien gainetik: erregistroan araua onartu eta sozializatzean haurrari nahi bezala deitzea.

Emaginek eta Bilgune Feministak, gainera, beste bide bat ere ondo irekita utzi nahi dute: asmatu ditzagun izenak. Sortu ditzagun genero-markarik gabeko izenak. «Orain arte erabili diren izen guztiak asmatuak dira eta gure izanean eragina dute. Asma ditzagun, bada, gure gustukoak izango diren eta generoaren kargarik izango ez duten izenak». Zerrendatxo bat ere proposatzen dute: Ahaltsu, Anari, Ahots, Asata, Aske, Bihotz, Bizi, Gradys, Huntza, Ilar, Kaxilda, Libre, Lili, Mari, Maiatz, Sen, Ulu, Xarbota, Zura, Okene, Ulia... Denborarekin eta jendearen ekarpenekin osatzen joan nahi duten zerrenda da, gainera.