Bizikidetzarako zubiak eraikiz


Lantzean behin, haurrei esan izan diet hemen gerra bat izan genuela aspaldi, beren aitona-amonak txikiak zirela. Gerra hori, gainera, galdu egin genuela esaten diedanean, ordurako erne-erne dauden begi txikiak saltoka hasten dira.
Azkenekoz, Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira aipatu nien gerra hori 5 urteko ikasleei. Adi-adi zeuden ikasleetako batek berehala esan zuen: «baina gure etxean ez zen izan». Beste batek, hegazkinetatik «bonbillak» bota zituztela esanez azaldu zuen gertatutakoa. Nork bere erara interpretatu zuen.
Ikasle zaharragoek egindako Picassoren artelana ikustera joan ginen gero. Horma-irudi handiaren aurrean, gerraren horroreaz jabetzen nabaritu nituen, pixkanaka, anabasa zuri-beltzean gorputz atalen bat aurkitzen zutenean edo zerura luzatzen ziren oihu lazgarri haiek ia-ia entzun zitzaketenean. Azkar jo zuten begiz izugarrikeria hartatik ihesean zihoan txoria. Beren begietara, bonbek ez zuten lortu hura harrapatzea eta sarraski hartatik ihes zihoan hegan.
Zer ote da gerra haurren begietara? Zer telebistatik, hedabideetatik edo hainbat jolasetatik iristen zaizkien irudietatik harago? Zer beren bizitzan hain presente egon arren helduok, akaso, hain gutxi aipatu edo haiekin partekatzen duguna?
Eskolara datozkigun ikasle askok gerren eta era guztietako gatazken hainbat alde bizi eta ezagutu dituzte dagoeneko. Gehienetan, ordea, beren galbahetik soilik pasatzen dute ikusitakoa edo entzundakoa. Bonbardaketak, suntsiketa, heriotza, ihesi doazenen ilara luzeak, gosea, kartzela... Zenbat ikasgeletan eta zenbatetan lantzen ote dugu gerra, baina? Zenbatetan laguntzen ote diegu ikasleei ikusitakoa ulertzen, egoki interpretatzen eta prozesatzen?
Eskola, sarritan, zenbait gairekiko aseptikoegia delakoan nago. Gai zailak, konprometituegiak, igual, saihestu egiten dituela. Eskola programa askotan zurrunegiak ipar hartuta, heziguneetatik at gertatzen diren –gure zenbait ikasleren etxeetan oso urrun joan gabe– egoera gatazkatsuei, elkarbizitzako era guztietako urraketei, ezikusiarena egiten die.
Errenteriako Orereta Ikastolak, hezkuntza ekimen interesgarria jarri du abian. Ekimen horrek, hezkuntza eremua eta hezkuntza komunitatea izan ditu protagonista nagusiak.
Elkarlanean eta elkarbizitzan oinarria duten lau zubi eraikitzeko ariketa egin dute. Eraikuntza horretan, justizia, tolerantzia, errespetua, elkartasuna eta antzeko balioak erabili dituzte, batez ere.
Zubi bat etxe barruan eraiki nahi izan dute: ikastolako hezkuntza komunitateko partaide diren ikasle, langile eta familien artean, hain justu.
Beste bat, Hendaiako Gure-Ikastola, Biriatuko eta Ziburuko Kaskarotenea ikastolekin. Horretarako, eremu askotan eragiteko bokazioan oinarritu den lankidetza hitzarmena sinatu dute.
Hirugarrena, iraganeko historian dugun orube lohitua eta etorkizun bidezkoago eta libreago izango dituen lurralde oparoa lotu nahi dituen zubia. Horretarako, 36ko altxamendu faxista ekarri dute gogora. Eta Gernikakoa herritarren kontrako historiako lehen aire-erasoa izan zela uste genuenontzat argitara ekarri dizkigute Libia, Rif (Maroko), Durango eta Gernika, Dresden (Alemania), Hiroshima eta Nagasaki, eta Vietnam. Haien ondoan, egundo luzatzen doan zerrenda jarri dute: Afganistan, Siria, Palestina...
Laugarren zubia, Errenteriako eta eskualdeko errealitate anitzei begira jarri eta egina.
Orereta Ikastolaren hezkuntza ekimen hori eskola gaurkotasunera hurbiltzeko –munduan benetan gertatzen ari denera– eta interpretatzen laguntzeko ariketa interesgarria izan da. Guretik abiatuz, memoriari atea ireki eta etxean gertatu zitzaiguna gogoratuz, gaur munduari begira jartzeko saiakera, hain justu.
Ekimen xume horretan hezigunea herritarrekin aritu da elkarlanean, herrian eragiten saiatu da, herritarrekin auzolanean elkarbizitzan sakonduz. “Elkarrekin bizitzen eta lan egiten” konpetentziaren garapen ederra egin dute Errenterian, eskola eta herriaren arteko elkarlan ezinbestekoa biribilduz. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
