amagoia.mujika@gaur8.info
MADEJAS PROIEKTUA

Astigarragan hasitako indarkeria sexistaren kontrako bufanda 2.220 metro luze da

Astigarragan eman zituzten lehen puntadak, eta indarkeria sexistaren kontrako Madejas proiektuaren bufanda erraldoia dagoeneko 2.220 metro luze da. Eta luzatzen segitzen du. Euskal Herriko bazterretan zein Estatu espainoleko nekazari herri txikietan joan da luzatzen, parekidetasuna ehuntzen lagundu duen bitartean.

Astigarragan hasi ziren, 2014. urtearen lehen hilabeteetan. Konturatzerako, 1.500 metro luze zen. Indarkeria sexistaren kontrako Madejas proiektuaren mamia xumea da: taldean elkartu eta bufanda trikotatu, parekidetasuna ehuntzeko. Erreleboka, herritik herrira dabil geroztik. Uste baino urrunago eta espero baino luzeago.

Isa Otero Glorie izan da proiektuaren bultzatzaile nagusia. «2011. urteko hauteskundeen ondoren EH Bildurekin sartu nintzen Astigarragako Udalera berdintasun eta herritarren parte hartze alorreko zinegotzi modura. Segituan lanean hasi ginen eta emakumeei begirako ekintzarik apenas zegoela ikusi genuen, batez ere adin batetik aurrera. Bingoan jokatzea zen kasik aukerarik onena. Eta adin bateko emakumeei zerbait eskaini beharra sentitzen genuen, ikasten zahartzearen ideiari eusteko beharra», hasi da kontatzen. Hango eta hemengo esperientziak ezagutu eta esperientziaren eskola bat antolatu zuten lehendabizi Astigarragako Udaletik. Bertan denetariko ikasketak jasotzen zituzten. Eta astero eskola horretan elkartzen ziren emakumeak puntua egiteko talde bat osatzeko tentatu zituen Isa Oterok, eta bete-betean asmatu zuen.

«Hasiera batean herritar batek utzitako lokal batean elkartzen ginen, hilabetean behin, puntua egiteko. Eta pixkanaka asterokoa bihurtu zen hitzordua». Oterok, baina, elkarte bat sortzeko beharra ikusten zuen. «Ni ez nintzen betirako zinegotzia izango eta taldeak egitura finko bat behar zuen». Eta, kostata, baina azkenean konbentzitu zituen.

«Nik esaten nien elkarte bat sortu behar genuela, Udaletik aparte, bere kasa funtzionatuko zuena. Hasieran ez zuten nahi, baina azkenean konbentzitu nituen. Elkartearen izena aukeratu beharra zegoen ondoren eta hor ere komeriak. Garai hartan ‘ahalduntzea’ hitza zegoen moda-modan, baina hori ez zitzaien batere gustatzen taldekoei. Azkenean, Astigarragako gizon-emakumeen berdintasun eskola, ‘Harituz’. Izen horixe jarri genion».

Geroztik herriko kultur etxean lortu zuten astero puntua egiteko biltzeko txokoa eta taldea sendotzen joan zen. «50 urtetik gorako hamabost bat emakumeko taldea da. Hasieratik garbi ikusi nuen energia handia zuela talde horrek, handik edo hemendik atera beharreko energia. Akordatzen naiz hasieran afariak-eta antolatu eta batzuk ez zirela berehalakoan animatzen, ‘senarrari galdetuko diot’ eta halakoak esaten zituzten. Geroztik, pixkanaka eta beren kabuz, ahalduntze prozesu ikaragarria egin dute».

Duela hilabete batzuk Emakunderen ekitaldi batera joan eta Marcela Lagarde antropologo feministaren hitzaldia entzun zuten, ahalduntzearen inguruan. «Hitzalditik atera ginenean, taldekoek segituan esan zidaten ‘guri horixe pasatu zaigu’. Sekulakoa izan zen».

Harituz taldeko kideak feminismoan murgildu dira kasik konturatu gabe. «Eta behin betaurreko moreak janzten dituzunean, ezin dituzu berehalakoan kendu», iritzi dio Oterok.

2014ko azaroa

Harituz taldea martxan, 2014ko azaroaren 25ari begira jarri ziren bertako kideak. «Indarkeria sexistaren aurkako egunerako zerbait berezia egin nahi genuen, desberdina. Nik Haurralde Fundaziokoekin harremana nuen eta handik sortu zen ideia: ‘Elkartasuna josi dezagun’. Eta horri tiraka pentsatu genuen bufanda erraldoi bat egitea, Udalarekin eta Haurralderekin lankidetzan, azaroaren 25ean nonbait zintzilikatu eta indarkeria sexista bistan jartzeko».

Hasierako helburua Euskal Herriko bufandarik luzeena egitea zen, indarkeria sexistaren aurkako ekintza sinbolikoa, borroka hori jendarte guztiaren artean josi beharrekoa dela aditzera emango zuena. Bada, sare sozialetan egin asmo zutenaren berri ematen hasi eta proiektuak espero ez bezalako tamaina hartu zuen. «Irailetik aurrera bufanda zatiak iristen hasi ziren munduko toki guztietatik. Sekulakoa izan zen. Akordatzen naiz nolako festa sortzen zen udaletxera pakete bat iristen zen bakoitzean».

2014. urteko azaroaren 25erako 1.250 metro batzea lortu zuten, handik eta hemendik jasotako puntuzko oihal zatiekin. Udaletxeko aurrealde guztia tapatzeko adina. Ordurako, sekulako sarea osatuta zuten Astigarragatik hasi eta Estatu espainoleko hainbat herri eta hirietaraino. «Hainbeste lan egin genuenez eta halako ilusioa inbertitu genuenez, erabaki genuen proiektuak ezin zuela hor amaitu eta segida ematea erabaki genuen. Kordobara joan beharra zegoela erabaki genuen. Zergatik? Ba Kordobatik 500 metro iritsi zirelako. Akordatzen naiz nola abisatu zidaten Kordobatik 500 metro zetozela. Ezinezkoa zela pentsatu genuen, nahastu egin zirela. 50 metro izango zirela eta nahastuta 500 esan zigutela. Baina udaletxera joan eta hango pakete mordoa ikusi genuenean konturatu ginen ez zirela nahastu. Kordobatik 500 metro bufanda!».

Hartara, 2015eko azaroaren 25ean Kordoban egon zen bufanda erraldoia. «Gero eta ezagunagoa izan proiektua, gero eta toki gehiagotatik eskatzen digute bufanda. Aurten dagoeneko Toledoko eta Valentziako zenbait herri txikitan egon gara». Madejas proiektua herri batera iristen denean bufanda luzatu egiten da, baina ez hori bakarrik. Bertako Udalak kanpaina bat egin behar du indarkeria sexistaren kontra. «Eskolak, herriko elkarteak... denak hartu behar ditu kontuan kanpainak. Ez da bakarrik bufanda ehundu behar, parekidetasuna da benetan ehundu behar dena eta udalek konpromiso hori hartu behar dute».

Martxan dagoen bitartean, segi

Oraintxe bufanda Valentzian dago, hilabete darama bertan, lekukoa hartuko duen hurrengo herria agertzen den arte. «Martxan dagoen bitartean, segi egingo dugu. Madejas proiektuaren lorpenik garrantzitsuena nagusiki eskoletara eta erretiratuen etxeetara iristen dela da. Eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu sektore horietara iritsaraztea parekidetasuna».

Normalean talde feministetara gerturatzen ez diren emakumeek parte hartzen dute Madejas proiektuan, nekazari herri txikietako adineko emakumeak. Eta horrek ezusteko eder asko eman dizkie Harituz taldekoei. «Pixkanaka sare bat ehuntzen ari gara, orain arte elkarren berri ez zuten emakume taldeak harremanetan jartzen ari gara, nahiz eta maiz ondoko herrikoak izan. Eta hori sekulakoa da. Guk hazia uzten dugu herri horietan eta gero, ura botatzen badiote, hazi horrek emango du bere fruitua».

Isa Oterok kontatzen duenez, Estatu espainolean barna nekazari herri txikietan oso esperientzia politak bizi izan dituzte. «Emakume askok lana besterik ez dute egiten, lana etxean eta lana soroan. Madejas proiektuan parte hartzea berentzat aisialdirako tarte bat hartzeko aukera izan da, beste emakume batzuekin elkartzekoa pixka batean puntua egiteko aitzakian. Benetan interesgarria izan da».

Urrian, Gipuzkoak ehunduko du

Madejas proiektua Astigarragan sortu zen eta segidan zabaldu zen Euskal Herritik kanpo. Baina, aldiz, etxean, Euskal Herrian, gutxi samar ezagutzen den sentipena daukate. «Ez dakigu zergatik, baina ez dugu lortu Gipuzkoan eta Euskal Herrian, oro har, proiektua ezagun bihurtzea. Eta hori da orain gure erronka. Urrira begira erronka eder bat daukagu Madejas proiektua Gipuzkoan ezaguna egiteko. Urrian Gipuzkoak parekidetasuna trikotatuko du», aurreratu du Isa Otero Gloriek.