Geroa Eskolak eraikin berriak izango ditu datorren ikasturtean
Geroa Eskolak eraikin berriak izango ditu datorren urtean. Waldorf Steiner pedagogia erabiltzen duen zentroak ikasle kopurua bikoiztu nahi du etorkizunean, eta hori lortzeko bi eraikin berri egingo ditu. Trokonizen dagoen eskolan 120 ikasle dituzte egun Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan banatuta.

Duela hamar urte ireki zituen ateak Trokonizen Geroa Eskolak, zazpi ikaslerekin. Denbora igaro da, eta Gasteizetik 10 kilometro eskasera kokatutako zentroa, Waldorf Steiner pedagogia erabiltzen duena, handituz joan da. Gaur egun 120 ikasle ditu eta tren geltoki zaharra txiki geratu da. Egoerari aurre egiteko asmo handiko proiektua martxan jarri dute eskolako arduradunek, 2.700 metro karratuko ikastetxea atonduz. Alde batean Haur Hezkuntzako klaseak eraikiko dituzte, eta, tren geltokiaren eskuinean, gimnasioa. Ondoan Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak egongo diren eraikina egingo dute.
Aitor Villarreal eskolako irakasleak azaldu duenez, eskola handitu behar dute Lakuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako klaseak baimentzeko eta ikasle kopurua handitzeko. «120 ikasle ditugu, eta gure asmoa da zenbaki hori bikoiztea, 250 ikasle izatea», dio eskolaren berezitasunak azaldu baino lehen. Izan ere, Waldorf Steiner pedagogia hiru ataletan oinarritzen da: borondatean, ikasleen lan egiteko gogoa piztuta egotean eta hala mantentzean; sentimenduetan; eta atal kognitiboan, pentsamenduan. «Guretzat hiru atalak oso garrantzitsuak dira, eta irakasgai guztietan lantzen ditugu», nabarmendu du.
Hiru atalak modu artistikoan jorratzen dira, esku lanen eta musikaren bidez. «Normalean irakasgaiak arlo kognitibora zuzentzen dira, baina gure helburua ez da bakarrik gauza abstraktuak ikastea. Gure klaseetan erritmoa eta borondatea lantzen ditugu, gure asmoa ez baita ikasleak klasean sartzea eta beraien eserlekuetan esertzea soilik. Ikasleak aktiboak izan behar dira», gaineratu du Villarrealek ikasleek egunero txirula jotzen dutela azaldu ostean. «Musika garrantzitsua da, eta oso presente dago klasean».
Musika eta marrazkiak
Irakasgaiak musika eta marrazkien bidez lantzen direla azaldu du irakasleak. «Irudiekin ikasten dute umeek, beraientzako askoz errazagoa da irudi baten bitartez gauzak ulertzea, eta kalkulua ikasterakoan ere ariketa manualak egiten ditugu», dio. Atal erritmikoaren garrantzia ere nabarmendu du. «Hasieran abestiekin jorratzen ditugu gai batzuk, eta, behin gaiak barneratuta, koadernoan irudikatzen ditugu», gehitu du. Zentzu horretan, Geroa Eskolan testu libururik ez dagoela azaldu beharra dago. Eta, halaber, ez dela azterketarik egiten. «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere ez ditugu azterketak egiten, eta ez dakizu nola eskertzen duten ikasleek», azaldu du txantxetan.
Geroa Eskolan erabiltzen duten pedagogiak herritar libreak sortzea du helburu, libreak etorkizunean beraiek nahi dutena erabakitzeko. «Umeek, jasotzen duten formakuntza integralarekin, helduak direnean zer nahi duten erabakitzeko gai izan behar dira, baina ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin, gorputzaren barruan dugunarekin ere», azaldu du Villarrealek. Hizkuntzari dagokionez, B eredua dute ezarrita eskolan, baina, hala ere, ikasle bakoitzak bere ama-hizkuntza erabil dezake klasean. «Ikaslearen ama-hizkuntza errespetatzen dugu, gela batzuetan ikasle erdaldunak eta euskaldunak daude, eta hori nabaritu egiten da. Irakasleak bi hizkuntzak uztartzea lortu behar du, guztiak gustura egoteko eta bakoitzak nahi duen hizkuntza beldurrik gabe erabiltzeko. Egia esateko erronka bat da, baina gurasoak pozik daude sistemarekin», gaineratu du.
Harreman estua dute irakasleek gurasoekin, eta hilero klaseko bilera egiten dute. Eta Villarrealek dioenez, familiak beti daude prest laguntzeko. Ikasturtean zehar antolatzen diren azoketan parte hartzen dute gurasoek, eta azken urtean haien laguntza oso inportantea izan da behin-behineko lekualdaketa egiteko, ezinezkoa izan delako klaseak Trokonizen ematea langileak azpiegitura berriak eraikitzen ari ziren bitartean. «Behin-behineko tokialdaketa zaila izan da, lan handia, baina, gurasoen laguntzari esker, ondo joan da guztia; oso konprometituta daude», azaldu du.
Gurasoak eskolaren euskarria dira, baina ez bakarra. Irakasleek proiektuaren bigarren zutabea osatzen dute. Eta Trokonizen klaseak emateko ikastaro bat egin behar dute. «Irakasle ikasketak izateaz gain, Waldorf formakuntza ere jaso behar da hemen klaseak emateko. Orain Araban bertan jaso daiteke formakuntza hori, eta aurten Euskal Herriko hainbat txokotatik, Zaragozatik eta Kantabriatik etorritako 50 lagunek parte hartu dute ikastaroan», azaldu du.
Hiru urte irauten ditu Walforf formakuntzak eta Antroposofian oinarrituta dago. Antroposofia Rudolf Steiner pedagogoak sortu zuen pentsamendu eta espiritualtasun korronte bat dela argitu beharra dago. Eta korronte horretan oinarritzen da Waldorf Steiner pedagogia, Geroa Eskolan erabiltzen dena. Trokonizekoa da EAEn pedagogia hori erabiltzen duen eskola bakarra.

Gasteizetik oso hurbil kokatutako eskola ezezaguna
Geroa Eskola Trokonizen dago, Iruraitz-Gauna udalerrian, Gasteizetik hamar kilometro eskasera. Arabako hiriburutik oso gertu dago beraz, oraindik ere jende gutxik ezagutzen duen arren Waldorf Stenier pedagogia erabiltzen duen eskola, EAEn aipatutako pedagogia erabiltzen duen bakarra. «Askok ez dakite eskola existitzen denik ere», azaldu du Aitor Villarrealek.
Egoera horri aurre egiteko, hainbat hitzaldi egin dituzte Gasteizen. Aste honetan, esaterako, Ignazio Aldekoa kultur etxean egon dira Waldorf Steiner pedagogia aurkezten. «Jendea guregana hurbiltzen da dituzten zalantzak argitzeko, erabiltzen dugun pedagogia nolakoa den galdetzeko», azaldu du irakasleak.
Halaber, urtero egiten dituzten azokak erabiltzen dituzte informazioa banatzeko eta gurasoek egiten dituzten galderak erantzuteko. Ikasturtean zehar ere eskolako ateak irekitzen dituzte familiek Trokonizen dituzten azpiegiturak ikusteko. Datorren urtean eraikin berriak ikusi ahal izango dituzte, Villarrealek dioenez, obrak irailean amaituta egotea espero baitute.
Zentzu horretan, irakasleak Iruraitz-Gauna eta Trokonizko auzokideen jarrera eskertu nahi izan du, beti agertu direlako Geroa Eskolako arduradunei laguntzeko prest. «Erraztasunak eman dizkigute beti, orain dela hamar urte lanean hasi ginenetik. Beti egon dira prest laguntzeko, jaietan eta azoketan esku bat botatzeko. Harremana oso ona da», gaineratu du.
