Irlandarren eta eskoziarren kalkuluak «Brexit»-ari begira
Gezurra dirudi datorren astean, ostegunean, Brexit izenez ezagutu dugun erreferenduma izango denik. Maila abstraktuan, inork gutxik uka dezake garrantzi handiko gertaera politikoa denik. Britainia Handiak Europar Batasuneko kide izateari utziz gero, benetan «historikoa» izango dela argi dago. Historikoa ez errekurtso hiperboliko gisa, baizik eta zentzu historiko hertsian. Era batean edo bestean, epe motzean edo luzeagoan, gugan eragina izango duen gertaera da. Hau ez da, ez, Amazonian hegoei eragiten dien tximeleta; hau lurrikara politikoa da, gure kontinentean gainera. Zer indar izango duen lurrikarak, hori bai, ikusteko dago.
Eguna heldu ahala giroa berotzen hasi da, duela oso gutxi arte ez baitzen interes handirik sumatzen, ez irletan ezta horietatik kanpo ere. Azken egunetan, inkestetan EBtik ateratzearen aldekoek gora egin dute, eztabaida publikoek ez dute joera hori moteldu, “The Sun” egunkariak horren alde egin du… eta David Cameronen Gobernuak, hirugarren bideko laboristen laguntzarekin, beldurraren eta mehatxuen estrategia areagotu du. Eskozian egin zuen bezalaxe. Brexit-a gertatuz gero zergen igoera eta zerbitzuen galera aurreikusten dituzte orain. Dirudienez, orain arte estatu-sozialismoa eraikitzera dedikatu dira tory-ak, eta herritarrak konturatu ez! Ez ahaztu hein handi batean erreferenduma tory-en barruko tentsioen eta blairism bezala bataiatutako ideologiaren krisiaren ondorio dela.
Irlandarrak eta Eskoziarrak, epizentrotik oso gertu
Honen harira, George Osbornerekin batera Alastair Darling atera da mehatxuak zabaltzera. Eskozian Project Fear izenarekin ezagutu zen estrategiaren burua izan zen Darling laborista, Better Together kanpainan unionismoaren ordezkari nagusi [horri buruz hau idatzi nuen orriotan duela bost hilabete: http://goo.gl/Mh87l1].
Politika konplexua da, izan ere, orain Darlingen bando berean Nicola Sturgeon dago. Eskoziako lehen ministroa telebistan izandako Brexit-ari buruzko eztabaida nagusian EBren barruan mantentzearen aldekoen buru ibili zen, Boris Johnsonen aurrean bere maila politiko bikaina erakutsiz, beste behin ere. Independentzia-erreferendumean eskoziarren europarzaletasuna eztabaida publikoaren parte izan zen, britainiarren eszeptizismoarekin kontrastean. Salmondek emaitza belaunaldi baterako zela baieztatu zuen arren, baldintza bat jarri zuen: ez da bigarren erreferendumik izango baldin eta baldintza objektiboak ez badira aldatzen. Alegia, Brexit-ak bigarren independentzia-erreferendum bat egitera bultzatuko lituzke eskoziarrak, eta SNPn irabazteko oraindik ere aurretik lana dutela uste dute.
Irlandar errepublikanoen kasua desberdina da. Sinn Fein oso eurokritikoa da. 2008an irlako eta Europako establishment guztiaren aurka Lisboako Tratatuari buruzko erreferenduma irabazi zutela gogora ekarri behar da. Brexit-aren kontra egoteko, lurraldetasunaren ikuspuntutik banaketak ekarriko lituzkeen ondorioak neurtu dituzte, alegia, Irlandako iparraren eta hegoaren arteko harremanean nola eragingo lukeen. Irlaren batasuna gerturatu edo aldenduko lukeen pentsatu dute. Agertoki horretan, beren agenda eta epeak azkartu beharko lituzkete errepublikanoek.
Gertaera historikoa izan arren, eskoziar independentistek eta irlandar errepublikanoek, posizio oso desberdinetatik, erreferenduma beren askapen borroketan urrats taktiko gisa ulertu dute. Beren arerioen ahultasunetatik baino gehiago beren indarretatik sortzen diren agertokiak nahiago dituztela esango nuke. Bien kasuan, aldaketa politikoa nahi duenarentzat nahasmen handiena dakarren agertokia hobea den dogma baztertu dute. Ezkerrean tentazio hori oso indartsua izaten da.
Egin duten kalkulua eztabaidagarria da, jakina. Emaitza edozein dela, ordea, biek duten oinarri ideologiko eta komunitario sendoek aukerak ematen dizkiete egoerari buelta emateko, beren prozesuetan aurrera egiteko. •

