«Bizitza ikusteko eta bizitzaz ikasteko beste leiho bat da baratzea»
Bizi Baratzea proiektuaren baitan, bigarren liburua bizkarka hartuta dator usurbildarra, aitzurraren posturan. «Altza Porru» , izenburutik umore ona ereiteko deia eginez. Zer erein hura jaso. Jakoba Errekondok garbi dauka jendartea hankak baratzeko lurrean pausatuta eraikiz gero, jendarte desberdina izango dela. Desberdina eta hobea.

Proposamen berezia da Jakoba Errekondok atondu duena. “Altza Porru” izenburuarekin; “Jakobakeriak” izeneko perlak, zortzi marrazkilariren ekarpen umoretsua, Maialen Lujanbioren hitzaurre apartekoa eta Idoia Torregarairen profil zorrotza jaso ditu. Baratzea maite dutenentzat izango da akaso, baina irria maite dutenentzat ere ederki balio du.
Umorearen apologia berezi hori egiteko gertukoengana jo du usurbildarrak eta marrazkilariak hiru ariketaren bueltan jarri ditu lanean: gai librean baratzearen inguruko istorio bat sortzen, lehendabizi; Jakobak irratian jasotzen dituen galderak eta emandako erantzunak hartu eta bakoitza horietako bat irudikatzen, gero; eta, azkenik, bertsotako kartzelakoa bezala definitu duten ariketan, desafioka. Gai berdina jarri zaie mahai gainean zortziei –besteak ere gai horren bueltan ari zirela esan gabe– eta bakoitzak bere ikuskera propioa eman dio gaiari.
«Altza Porru». Izenburutik egiten duzu umorearen eta irriaren aldarrikapena. Horiek landatzeko beharra ikusten duzu?
Batetik horien beharra dago eta, bestetik, baratzeari begiratzeko era asko daude. Baratzetik zer ikasi asko dago. Eta irriak eta marrazkiek horretan lagundu dezakete. Irriarekin dena askoz hobeto ikasten da. Liburu hau baratzeari begiratzeko era bat da, komikitik eta marrazkitik. Zaldieroak esaten duen moduan, bazen garaia marrazkilariak gai normal baten bueltan elkartzekoa, XXI. mendeko gai baten inguruan. Eta baratzea hori da, garai honetako gai garrantzitsu bat.
Liburuan parte hartu duten guztiek zurekin loturaren bat daukate.
Hasteko, nire ustez baratzea kulturaren oinarria da. Lurra landu ez bagenu, ez litzateke kulturarik etorriko. Lurra lantzeak toki batean finkatzea ekarri zuen. Eta horrek ekarri du hizkuntza, eraikuntza, garraioa... dena. Lurra landu gabe oraindik tximinoak izango ginateke. Hortik abiatuta, kultura era askotara garatu da. Esaterako, bertsolari batek erabiltzen dituen baliabide guztiak lurra lantzetik datoz: hizkuntza, zorroztasuna, mundu ikuskera... eta berdina gertatzen da beste kultur alor desberdinekin. Proiektu hau ideia horretatik abiatu zen. Nik erabaki nuen ez nuela azalpen handirik eman nahi eta nolabait harremana dudan jendearekin hasi nintzen. Guztiekin daukat loturaren bat.
Liburuan salbazioa baratzetik etorriko dela diozu. Mundu askotarako atea dela ere esaten duzu.
Kasu honetan irribarrerako atea. Baina, orokorrean, baratzeak kulturaren arlo guztietako ateak zabaltzen ditu eta, batez ere, jakintzaren arlo guztienak. Jakintza da klabea. Euskaraz “jan+tzi” esaten dugu, jantzi burua. Eta burua janzteko jan egin behar da. Jakintza jakitik dator, etimologia akrobazia bat eginez.
Nik beti esaten dut ez direla baratzeak jarri behar eskoletan, baizik eta eskola guztiak baratzetan eman behar direla. Ingelesa eman daiteke, soziologia, nekazaritza, biologia, kimika, matematika... dena jakin edo ikas dezakegu baratzetik. Baratzeak nola funtzionatzen duen, nola egokitzen diren landareak, nola elkarlana egiten duten, nola batzuk besteekin gaizki moldatzen diren... Horri guztiari ondo begiratuz gero, segur aski gure artekoak ere hobeto funtzionatuko luke.
Egungo jendarteko presaren parean, baratzeak denbora propioa du, gainera.
Hori ere bai. Baratzeak denboraren beste dimentsio bat dauka. Nik esango nuke galdu ditugun dimentsio asko dituela baratzeak. Lore bat ikusi eta hortik tomate bat etorriko dela pentsatzen da, asko kostata gainera. Baina tartean har bat ager daiteke eta nik jan behar nuena beste batek jaten du. Bizitza ikusteko eta bizitzaz ikasteko beste leiho bat da baratzea. Landare desberdinen arteko elkarbizitza, kanpoko landareak hemen nola egokitzen diren ikustea, landare migratzaileak, errefuxiatuak... Jendartea esaten dugun bezala, landare-artea ere badago.
Zuk esana da iraultza bat gertatzen ari dela baratzegintzan.
Hala pentsatzen dut. Batetik jendea oso arduratuta dago elikadurarekin. Behingoz konturatzen hasi gara jaten duguna zein garrantzitsua den eta nolako arazoa daukagun ingurumenean: Nafarroan ekoizten dugun brokolia Alemaniara saltzen dugu eta hemen jaten duguna Holandatik dator.
Horrez gain, lurrarekiko lotura berreskuratzen ari garela uste dut. Euskal Herrian gauza bitxia gertatu da, gure belaunaldiarekin mugara iritsi garela uste dut. Gure gurasoak saiatu ziren gu baserritik eta lurretik urruntzen, ez zutelako hor etorkizunik ikusten. Eta guk alderantzizko bidea egin dugu, konturatu garelako lurrarekiko lotura onuragarria izan daitekeela. Gainera, toki batzuetan administrazioak eta erakunde publikoak ere horrekin jabetu dira. Eta horri guztiari krisia batuta, ba oso ondo.
Azkeneko bospasei urtean Hego Euskal Herrian lau mila edo bost mila baratze publiko inguru egin dira. Eta horrek guztiak bestelako ondorioak ekarri ditu: kontsumitzaileen eta baserritarren artean loturak sortu dira, baratze komunitarioak jarri dira martxan... eta kulturaren ekologiak, kontzeptu bezala, indarra hartu du.
Adibidez, afganiar bat Euskal Herrira etortzen denean bere jateko era, bere barazkiak eta bere haziak ekartzen ditu. Zergatik ez dugu ikasiko berak nola izendatzen dituen eta nola jaten dituen? Hori da integratzea, ezta?
Nik uste dut munduan –nik ezagutzen dudan neurrian behintzat–, Euskal Herrian adinako gurutzatze kulturalik ez dela gertatu. Kokapen geografikoak eragin du hori; guk berez kultura atlantikoa dugu, baina ekialdetik etorri diren kultura guztiak hemendik pasatu dira. Beti esaten da: “euskarak iraun du inork ez gaituelako konkistatu”. Ez, ez, alderantziz, denekin nahastu gara eta denengandik ikasi egin dugu, denei atera diegu etekina. Eta, orain ere, berdina egin beharko genuke. Munduko toki guztietatik ekarritako landareak dauzkagu gure baratzetan eta berdina egiten segitu beharko genuke, gurearekin jabetuta, noski. Izan ere, kanpokoarekin jabetzen zarenean bertakoaren kontzientzia hartzen duzu.
Lehen ere izan dira hautsitako mugak. Pentsa, gure aurrekoek tomatea ez zuten entsaladan jaten, «kanpokoen» ohitura omen zelako.
Gure aitona tomatea entsaladan jaten hasi zen 80 urterekin. Hemen tomate asko jan izan da, baina eginda, poteratua. Entsaladan, gordinik, ez zen jaten. Guk, esaterako, umetan azukrearekin jaten genuen. Baina tomatea, gaur egun gure baratzeko erregina dena, garai batean ez zen entsaladan jaten ez zelako bertako ohitura. Gauza askorekin gertatu izan da hori. Duela gutxi arte izan da babarruna jan ez duen jendea, kanpokoa zelako, “indibaba”. Eta, pentsa, berrehun urte baino gehiago dira babarruna ekarri genuela.
Baina hori interesgarria da. Finean, zer da kultura? Niri asko gustatzen zait “kultura komunitate batek bere arazoei aurre egiteko duen era” dela esaten duen definizioa. Nola konpontzen dira arazoak? Zein irtenbide ematen zaie? Batzuk heredatutako arazoak dira, aurrekoek izaten zituzten berdinak. Eta irtenbideak ere heredatu egiten dira. Beste arazo batzuei beste komunitate batzuetan, akaso, irtenbidea topatu diete. Ikas dezagun haiei begira. Kasu horretan garrantzitsua da ondo aukeratzea eta gurera ondo egokitzea. Eta, azkenik, erresistentzia dago. Kulturak berezkoa du erresistentzia eta hor kokatzen da tomatea entsaladan jan nahi ez duen hori. Beretzako oso garrantzitsua da, berea mantentzeko, kanpokoari aurre egitea.
Euskadi Irratian 32 urte daramatzazu astez aste entzuleen zalantzak argitzen. Egia da galdera guztiak jasota dituzula?
Bai, 32 urtetan egin dizkidaten galdera guztiak koadernoetan jasota dauzkat. Ez dakit zenbat ditudan, milaka galdera. Sasoika galderak errepikatu egiten dira. Orain, esaterako, jendea tomatearekin dabil bueltaka.

Baina, garapena izugarria izan da. Aurreneko urteetan galderak askoz sinpleagoak ziren: “perrexila noiz erein behar dut?”, “etxean landare berde bat daukat eta ez dago ondo”. Egun, berriz, galderak askoz zehatzagoak dira, landarearen izena zehatz samar esaten da, galdetu aurretik Interneten begiratzen da...
Garai batean, segur aski, nire irratiko jarraitzaileak estilo jakinekoak ziren eta gaur egun zabaldu egin da abanikoa. Gazte batek badaki informazioa bilatzen eta askoz galdera zehatzagoak egiten dizkidate. Publikoa eta beharrak aldatu egin dira. Eta baratzera gerturatzen den jendea ere aldatu egin da. Neurri horretan, askoz jakintsuagoak gara orain, nahiz eta lehenago gehiago ziren senez jokatzen zutenak.
Baratzearen berri Interneten jaso ez dutenek, baina, ez diote beren jakintzari aparteko garrantzirik ematen.
Arazoa izan da baratzearen inguruan gure burua gutxietsi egin dugula. Baratzea baztertuta utzi dugu erabat. “Baserri horretan zer ekoizten da?”, galdetuz gero, batean haragia, bestean sagardoa, bestean behi esnea, bestean gazta... nabarmentzen da. Eta guztietan baratzea dagoen arren, hori ez da esan ere egiten. Zergatik? Baratzea emakumeak egin izan duelako. Gizonezkoak egiten dituen gauzak garrantzitsuak dira, eta egunero-egunero aurrera egiteko ematen duen baratzea, emakumearen lana denez, ez da garrantzitsua.
Nik beti esaten dut euskal kulturaren gauzarik garrantzitsuena amona bat, baserri batean, hazia apartatzen ari denean geratzen dela. Begira jartzen zara eta ez duzu asmatzen nola egiten duen, sekulako abiadan ari delako. Etxe batean babarrun borobilena; beste batean, luzeena; hurrengoan, distira gehien duena... Gero hazi horiek beren lurrean erein eta berea ematen dute. Ez dago babarrun bera bi baserritan, hor sekulako aniztasuna sortzen da.
Emakumeek daukaten jakintza hori oso-oso garrantzitsua da. Izan ere, nola ikasi dute hori egiten? Amari begira, hark amonari begira, amonak bere amari begira... eta milaka urte atzera egiten dugu ekintza txiki eta inkontziente batekin. Eta atzera eginez, gure kulturaren oinarrira joaten gara, lurra lantzen hasi ginen egunera. Emakume horri esan behar zaiona da berak daukan jakintza harrotu egin behar dugula, azaleratu eta jaso. Baina arazoa da emakume horiek ez diotela garrantzirik ematen beren jakintzari.
Baratzean ere genero ikuspegia.
Zalantzarik gabe. Baratzea erabat emakumeena izan da. Niretzat emakumeen artean askoz gaitasun handiagoa izan da baratzerako. Ni gure amonarekin akordatzen naiz, txikia nintzela baratzean laguntzen nion, eta konturatzen nintzen sekulako gaitasuna zuela.
Euskaldunak eta ilargia. Lotura berezia dago hor eta hori ere jasotzen duzu liburuan.
Bai, baina kulturalki ilargiarekin dugun harremana birdefinitu egin beharko genuke. Izenak nola erabiltzen ditugun, ilgora, ilbehera, ilberria... hor sekulako nahasmena dago. Aurreko liburuan saiatu nintzen pixka bat txukuntzen, baina ez nuen erabat lortu. Arazoa da euskal kulturaz hitz egiten dugunean, azkenean, hizkuntzalariengana jotzen dugula. Hizkuntzalariek liburuetan begiratzen dute eta liburuak Frantzian eta Alemanian ikasi duten ingeniariek idazten dituzte. Eta oraindik gure artean bizirik dauden hitzak eta esaerak ez daude hiztegietan jasoak, ikaragarrizko aberastasuna baitugu. Eta hor korapiloak eta arazoak sortzen dira.
Niri gertatu izan zait hitz horiek erabiltzen ditudan modua dela eta, baten batek Euskaltzaindiari kontsulta egin izana. “Jakobak horrela erabiltzen du. Hori zuzena al da?”. Eta Euskaltzaindiak, noski, ezetz esan du. Nik ikasi dut senarekin eta han eta hemen galdetuz. Jakintsu jendea ilargiaren gai honekin hain interesatuta dagoenez, pentsatu nuen lana jartzea. Liburuan ilargiaren egoerak eta faseak izendatzen dituzten 108 izen bildu ditut, euskaraz erabiltzen direnak. Ea, mesedez, nork argitzen digun kontua.
Zuk ehunka hitz horiek jasotzeko ez duzu Euskaltzaindira deitzen.
Ez, inoiz ez. Irratian, liburuetan, hitzaldietan... egiten dut bilketa lana. Joaten naizen herri guztietan eskatzen dudan gauza bakarra arbela bat izaten da. Arbela horretan esaten diren hitz guztiak jasotzen ditut: zeinek esan duen, zenbat urte dituen eta nongoa den. Hori guztia ere jasota daukat.
Euskarak sekulako aberastasuna dauka eta lan oso-oso urgentea egin beharra dago hitz horiek biltzen. Gainera, jendea laguntzeko prest dago. Nik herriz herri jendearekin lortzen dudan harremana beren jakintza baloratzen lortzen dut. Nik gauza batzuk badakizkit, baina beste asko ez. Eta haien jakintza jasotzea sekulakoa da. Eta jendeak asko eskertzen du, bat-batean dakien hori baloratzen hasten baita. Hori ikaragarria da.
Jakintza hori guztia bildu, jaso eta jendearen esku jartzea oso garrantzitsua da. Eta horretarako webgune bat sortzeko asmoa daukat. Une honetan mundu horren inguruan webgune bat prestatzen ari gara, Argia-tik, bai hitz horiek biltzeko eta baita biltzen dugun hori azaltzeko eta jendearen esku jartzeko. Bizi Baratzea proiektuaren baitako ekarpena izango da, Bizibaratzea.eus webgunean, eta hurrengo hil bukaeran hor izatea espero dugu.
Eta hainbeste hitzaldi, irratsaio, liburu eta webgune, nola dago zure baratzea?
Oso eskas. Lore ziztrin batzuk, sagastitxo bat, nahiko lan ematen didan mahastitxo bat... Gure etxean baratzea aitonak egiten du, eta eskerrak hari.

