Ainara Lertxundi
HAURRAK LAN MUNDUAN

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, 168 milioi umek lan egiten dute, 8,5 milioik esklabotza egoeran

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera (OIT), munduan 168 milioi haurrek lan egiten dute. Gehienek 4 eta 15 urte bitartean dituzte. Horietarik ia erdia arriskutsuak diren lanetan ari dira, eta 8,5 milioitik gora esklabotza egoeran daude. Ekainaren 12an, Ume Lanaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatu zen.

Isilpean, eskubiderik gabe, arriskupean eta legez kanpo. Horrelaxe lan egiten dute munduan 168 milioi haurrek, Ume Lanaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak ezagutzera eman duen txostenaren arabera. Aurtengoan, kate-produkzioan, eraikuntzan, nekazaritza guneetan eta manufaktura-industrian lan egiten duten adingabeen egoera aztertu du gehienbat txostenak.

OITren zuzendariak nabarmendu duenez, gero eta enpresa gehiagok neurriak hartzen dituzte umeek kate-ekoizpenean lanik egin ez dezaten. Hala ere, tokian tokiko ekoizpen eta horniketa kateetan haurrak lanean aritzea ohikoa da oraindik herrialde batzuetan. Errealitate horri bizkarra ematen zaiola salatu dute gobernuz kanpoko hainbat erakundek, tartean Save the Children berak. Azken horrek ohartarazi duenez, munduan 8,5 milioi haurrek esklabo gisa lan egiten dute; lanaldi luzeak soldata eskasen truke, enplegu-emaileek objektu gisa hartzen dituzte, irainak eta umiliazioak pairatzen dituzte, mota askotariko gehiegikerien biktima dira eta sarri saldu ere egiten dituzte. Kasu gehienetan errepikatu egiten den eredua da.

Adingabeak izanik, piramidearen alderik ahulenak dira haurrak. Ehungintza, meatzaritza eta nekazaritza industriek etekin ekonomiko handiak lortzen dituzte umeen esplotazioari esker, beraien eskubideak urratuz.

OITek haur lanaren inguruan kaleratu duen eskuliburuak nabarmentzen duenez, adingabeek oporraldietan lan egitea, etxean gurasoei laguntzea edo eta familia negozioan esku hartzea onuragarria da beraien nortasuna garatzeko eta etorkizunean pertsona helduak eta arduratsuak izan daitezen. Lanbide horrek haurtzaroa lapurtzen dienean, garapen psikologikoari eta fisikoari kalte egiten dioenean edota umeen duintasuna urratzen duenean, ordea, behartutako haur lanaz ari gara.

Laburbilduz, lan egitera behartutako haurrei buruz hitz egitean, ondorengo faktoreak kontuan hartu behar dira: adina, lana umearen ongizaterako –fisikoa eta burukoa– kaltegarria izatea; eskolara joateko ez denborarik ezta aukerarik ere ez izatea; ikasketak ohi baino lehenago utzi behar izatea edota, ikasteaz gain, ordu luzez lan egin behar izatea.

Muturreko egoeretan, familiatik banatzen dituzte haurrak, hiri handietako kaleetan bakar-bakarrik uzten dituzte eta esklabo gisa lan egitera behartzen dituzte. «Familiatik aldendu eta tratu txarrak pairatzen dituen umea, langile isil eta obedientea bihurtzen da», nabarmendu du Ana Muñoz Misio Salestarren eledunak.

Lan egiten duten haur mutikoak 99,8 milioi dira, eta, neskak, 68,2 milioi. Baina, gutxiago badira ere, Save the Childrenek jakinarazi duenez, neskak gazteago hasten dira lanean, gutxiago irabazten dute eta ezin diete genero arrazoiengatik egokitu dizkieten etxeko lanei muzin egin. Oro har, neskatilak sexu esplotazioaren biktimak izan ohi dira, lan munduan mutilak gehiago diren bitartean.

Batzuetan, ordea, «onargarria» eta «onartezina» denaren arteko muga marraztea zaila izan ohi da, batez ere, nekazaritza guneetan, non familientzat normala den haurrek soroan lan egitea edo animalien zainketan esku hartzea. Nekazari ogibidea ikastea onuragarri ikusten dute; lan egiteak norberaren autonomia sustatzen duela eta arazoei aurre egiteko baliabideak ematen dituela argudiatzen dute hainbat gurasok, jolasari eta denbora libreari aparteko garrantzirik eman gabe. Hezkuntza garrantzi gutxiko kontutzat hartzen dute askok, nahiz eta begi onez ikusten duten seme-alabek irakurtzen eta idazten ikastea.

«Lanaren eta hezkuntzaren artean aukeratu behar dutenean, gurasoek lana lehenesten dute familiaren biziraupena baita garrantzitsuena. Guraso asko beldur dira eskolaren eraginez seme-alabak familiaren usadio eta arauen kontra jarriko ote diren edo horiek gehiago bete nahi izango ez ote dituzten», azaldu zuten 1998an Maria Cristina Salazar eta Walter Alarcon Glasinovich ikerlariek.

Hego Amerikan lan egiten duten haurren egoerari buruzko hainbat ikerketa eta liburu idatzi dituzte. Gehienek nekazaritza guneetan dihardute. «Guatemalan, haur langileen %65ek nekazaritzan lan egiten dute, are gehiago indigenak badira; Ekuadorren eta Perun, %48 eta %40 dira. Brasilen, %78, eta, Kolonbian, %82 mutilen kasuan eta %36 neskenenean». Ume horiek guztiak pobreak dira eta nekazaritza ogibide duten familietan bizi dira. Seme-alaba asko dituzten familiak izan ohi dira, baliabide gutxikoak, eta, nekazaritzatik soilik bizitzeko aukerarik ez dutenez, beste lan batzuk ere bilatu behar dituzte bizirauteko.

Lan egiten hasteko adina

Ez dago iritzi bateraturik lanean hasteko adinaren inguruan. Herrialde bakoitzak legedi propioa du haurren lana arautzeko. Derrigorrezko hezkuntza bukatu aurretik haurrek ez luketela lanik egin behar gomendatu zuen 1973an OITek. Orduan onartutakoaren arabera, lan egiteko gutxieneko adina 15 urte dira, 14koa garapen bidean dauden herrialdeetan eta 12koa gutxi garatutakoetan baldin eta egin beharreko lana arina bada eta eskolara joateko eragozpena ez bada. Baina, nolabaiteko arriskua duten lanak egiteko, esaterako arrantzale edo meatzari izateko, gutxieneko adina 18 urtekoa da.

Batzuetan, ez dago jakiterik umearen adin zehatza; haurrak berak ez dakielako edota jaiotze agiririk ez duelako. Nuhak, esaterako, 14 urte besterik ez ditu. Amonari laguntzeko, etxe batean lanean hasi zen neskame gisa. Garbiketaz arduratzen zen, eskolara joateko inolako aukerarik gabe. Petites Bonnes deitzen diete Mauritanian bere egoeran dauden neskatxei. Biztanleriaren %42 txirotasun atariaren azpian bizi da herrialdean. Adingabeen esplotazioa mendeetako kontua dela salatu du Terre des Hommes gobernuz kanpoko erakundeak.

«Esklabo beltzen familietako alabek jabeen eta aberatsenen etxeko lanak egin ohi zituzten Mauritanian; beraien etxeak garbitzeaz arduratzen ziren. Esklabotza ofizialki indargabetu egin zuten arren herrialdean, biztanleriaren pentsatzeko modua, tamalez, ez da gehiegi aldatu. Mendez mende, esklabotza eredu horiek errepikatuz doaz, neskato horien oinarrizko eskubideak etengabe urratuz», nabarmendu du Estatu espainolean Terre des Hommes gobernuz kanpoko erakundearen proiektu zuzendaria den Manuel Garciak.

New Delhin egunero 15 orduz lan egiten zuten 8 eta 14 urte bitarteko umeak erreskatatu berri dituzte. Jasotzen zuten lansari bakarra otordu ziztrin bat zen. Indiako hiriburutik 60 kilometrora 500 labe daude, non ez den harritzekoa umeak lanean ikustea «igeltsero adituak» izango bailiran, Kollappalliyil Thankachan misiolari salestarrak dionez. «Ezin dugu haurtzaroa hodei beltz baten barruan ezkutatu. Ume ororen ametsa, bakea eta alaitasuna dagoen leku batean bizi, ikasi eta disfrutatzea da. Zoritxarrez, batzuen diru goseak eta jarrera anker eta bihozgabeak amets horiek zapuzten dituzte», salatu du.

Egipton, 7 urteko umeek kotoi sailetan lan egin ohi dute oporraldietan. Egunean, 11 ordu luzez jarduten dute lanean soldata eskasen truke. Pestiziden eta beroaren aurkako segurtasun neurririk gabe aritzen direla salatu du Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak. Nilo Ibaiaren Deltan, udan, tenperatura 40 gradukoa izan daitekeen arren, langileburuak erabakitzen du noiz edan dezaketen ura langileek. Haurren altuera kotoi landareen egoera ikuskatzeko egokiena dela argudiatzen dute adingabeak kontratatzeko.

«Egungo ekonomia merkatuan, umeek esplotazio baldintzetan egindako produktu manufakturatuak Europara nahiz Amerikara iristen dira, zalantzarik gabe. Asian eta Pazifikoan, mundu mailan 5 eta 17 urte bitartean lan egiten duten 168 milioi umeen %45 biltzen dira, 78 milioi guztira», azaldu du Simrin Singhek, OITren aditua Thailandian. Kanbodian, nonahi ikus daitezke haurrak zaborrak birziklatzen; Filipinetan, zementua nahasten; Bangladeshen, txatarra desmuntatzen. «Jai egunetan, zaborra biltzen dut gauez eta egunez. Gero, saldu egiten dut nire familia oso pobrea delako eta ez dugulako diru nahikorik», dio Kanbodiako 13 urteko ume batek.

«Askotan, enpresek familia tailer txikiak alokatzen dituzte mota askotariko produktuak egiteko, esaterako, arropak josteko. Eskaera oso altua denean, ordu luzez lan egiten dute tailer txiki horietan haurrek, beraien adinerako komenigarria ez bada ere», plazaratu du Grace Agcaoilik, Unicefeko aditua Bangkoken. «Filipinetan su artifizialen produkzioan umeak ikusi ditugu. Hori benetan arriskutsua da», gaineratu du.

Haur lana ere lehen munduko herrialdeetan ematen da. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, adin gutxiko 300.000 haurrek lan egiten dute legez kanpo. Portugalen, 6 eta 14 urte bitarteko 35.000tik gora gaztetxok lan egiten dute; horietatik %40k sei edo zazpi eguneko lanaldia dute. Italian, 7 urtetik 14ra bitarteko 145.000 haurrek lan esperientziaren bat dute. Garapen bidean dauden herrialdeetan gertatzen ez den bezala, eskolara joateko aukera dute eta lan baldintzak hobeak dira.

Apple enpresari eginiko eskaera

Ume Lanaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bezperan Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak hiru dimentsioko meategi erraldoia ipini zuen Madrilgo Puerta de Solen Apple enpresari umeek ateratako kobaltoarekin produkturik ekoizten duen iker dezan eskatzeko –bertan dago multinazionalak Estatu espainolean duen dendarik handiena–.

Kobaltoa saltzen dieten enpresak zehazteko eskatu dio Amnesty Internationalek Apple etxeari produkzio katean umeek esku hartu ez dutela ziurtatzeko. 2014an, 40.000 bat haurrek lan egiten zuten Kongoko Errepublika Demokratikoko hegoaldeko meategietan.