Gora jaia!
Errealitatea gure begi barrenetan gordetzen da sarri. Horrek ematen digu begiratzeko moduarekin gauzak aldatzeko ahalmena. Egoera berean ongi ala gaizki sentitzen gara. Egun goibeletan dena ilun ikusten dugu eta kostatzen zaigu burua laino artetik atera eta argi pixka bat ikustea. Bertzetan, berriz, eguzkia bezala betetzen gara eta pentsatzen dugu: “Horrela balitz beti...”. Badakigu bata eta bertzea, une txarrak eta onak, denak pasatuko direla; hori da bizitza, ezta?
Barruko poza eta tristura norberak daramatza, baina kolektiboak ere izan daitezke emozio eztandak. Iruñea bisitatzen dudan aldiro besta topatzen dut, izan aste tartez edo edozein asteburutan, beti badute zer ospatu eta ospakizunaren parte izaten bukatzen dut. Urte osoan gertatzen zait hori, eta sanferminak sentimendu horren gailurra dira.
Parte, erdi-iruindarra naiz irratiz txupinazoaren aitzineko giroko kontaketa aditzean barrenean ezin kabitu, eta urtero bezala hamabiak laurden gutxietarako telebistari begira-begira, ikurrinarekin zer pasako, plazan zer ikusiko (aurten, “Autodefensa feminista” idatzita zuen oihal beltza izan da nobedadeetako bat, ikurrinaren aldarrikapen oteizarrarekin batera), eta zer mezu adituko. Jesus Ilundain Zaragueta El Tuli historiara pasako da txupinazoa botatzeko iruindarrek aukeratutako lehenbiziko pertsona izateagatik. Jarauta kaleko 85 urteko gizona goizeko zazpietatik omen zebilen kalean, eta 24 ordu geroagoko dianak aditu arte ez zuen erretiratzeko asmorik. Bizi osoa sanferminei zuku guztia ateratzen daramanak aise irabazi zuen bozketa, eredu ederra baita. Adin bat izaten da bestarik galtzen ez dena, baina parrandak ez du adinik eta beharrezkoa dugu, gainera, bizi ziklo osoan, era batera edo bertzera, bakoitzak gure moduan. Burua mailukatzen diguten arazo eta kezkak isiltzeko, eguneroko errutina eta albiste zurrunbilotik ateratzeko eta gure begi barrenak alaitzeko. Beraz, gora jaia! •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
